Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Laborategian

2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Bi metroko distantzia gordeta zer egin daitekeen eta zer egiteari utzi beharko diogun galdetu dute etxekoek afalorduan. Elkarren ondoan gaude, hiruki moduko forma egiten dugu mahai handian eta kalkulu erraz bat eginez, gure etxean bertoko hirurak baino dezente gehiago kabitzen garela ondorioa atera dugu. Batek dio elkarren arteko distantziak marrazten duen eremu berrian hemendik aurrera gauza asko izango ditugula sobera, baina besteak gaineratu du beste asko falta izango zaizkigula. Orekarien moduan, oin-puntan gabiltza ezagutzen ez dugun bidean barna, eta hau une egokia da, halabeharrez, trebatzen hasteko.

Normaltasuna deitzen dugun hori, batere normala ez den baina ohiko bilakatu zaigun ameskeria hori, nolakoa izango den imajinatzeko saioak egiten ari gara, eta, ziurra ez bada ere, denok sumatzen dugu gure etorkizun hurbila eta, areago, ondorengoa ere zirriborratzen ari garela egun hauetan. Etxean hutsuneak eta gehiegikeriak antzeman ditugu, eta beste horrenbeste gizartean, hamaika etxe eta etxetarrok batera osatzen dugun multzo formagabe horretan.

Nabarmen geratu da, adibidez, haurrak eta zaharrak sobran zaizkion gizarte eredua dela gurea. Ez dakigu non sailkatu behar ditugun gizarte arau sinplifikatuan sartzen ez direnak, lan egiteko adinean dagoen erretratu robotean bere burua islatuta ikusten ez dutenekin zer egin. Haurrei helduon ordutegi, lan-prozedura, ebaluazio-presio eta ardurak eman dizkiegu, eta, txanponaren beste aldean, adinekoei haurren moduan hitz egiten ari gatzaizkie. Erabakiak hartzeko ahalmenez desjabetu ditugu eta kategoria batean zein bestean dagoen gaitasun, beharrizan eta desioen aniztasuna bazterrean utzi dugu. Haurrak etxean nola zahartzen ari zaizkigun ikusi dugu, zaharrak umetu egin ditugun bitartean.

Hiria ez den beste guztia sobran dugula ematen du, edo ez dugula ezagutzen, behintzat. Harritu egiten nau milaka pertsona elkarrekin bizi diren hirigune gutxi egonik gurean, nola eredu bilakatu dugun, txintik atera gabe. Hiri baten bizitzaren erritmoari eusteko moduko erabakiak aldez aurretik hartuta eman zaizkigu, eta hiriguneen antzik batere ez duten gainerako inguruetan ezarri ditugu, salbuespenik txikiena ere egin gabe. Supermerkatuetako joan-etorriak arautu ditugu, baina gurean ez dago horrelakorik gertu; denda txikiak itxita daude eta herrietako azokak erabat urritu dira. Bertako ekoizpenaren garrantzia lau haizeetara aldarrikatzen dugu, baina Peruko zainzuriak merke eta eroso jasotzeko bitartekoak segurtatu ditugu, Nafarroakoak soroetan galtzen ari diren bitartean.

Pandemiaren gainak etxealdia ekarri digu, eta haren ondorengoak arinaldia ekarriko duela uste da, noiz ez badakigu ere. Urruntze sozialeko arauek lehenari ongi erantzuten diote, baina orain zabaltzen den aldi berri honetarako beste gaitasun batzuk behar izango ditugu. Sobera duguna eta falta zaiguna zerrendatzeko gaitasuna, adibidez, eta elkarrekin lan egitekoa, beste ororen gainean.

Aste hauek laborategi ekonomiko, sozial eta politiko erraldoia ekarri digute. Ez dugu gisa honetako garairik gogoratzen, ez baitago aurrekaririk; gure belaunaldiarentzat, behinik behin, lehen aldia da zerbait bortitza, zabala eta askotarikoa gertatzen zaiona eta, gainera, protagonista geu gara. Gure aurrekoek gerrara joan behar izan zuten beren etxea defendatzeko eta guk etxean geratu behar izan dugu geure buruarengandik babesteko, eta hori nola egiten den ez dakigu. Hobe dugu lehenbailehen ikastea. Albert Camusen Izurria-ko pasarte baten esaten denez, ez baitago destino indibidualik, patu kolektibo bat baino ez: guztiok partekatzen ditugun gaitzez eta emozioez egina.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.