mikel elorza
ARKUPEAN

Sasi eta ote bideetan

2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Baleren Bakaikoa handia —zer lan jende batek euskal munduan 70-80 urrun haietan— saiatu bazen ere, ez nion gusturik hartu Ekonomia izeneko ikasgaiari, unibertsitateko urteetan. Eta geroztik ere eremu lehorra begitandu zait, saiatu izan naizenetan larre eta ote artean paseatzen bezala sentitu izan naiz, bide garbirik ezin topatu. Eta egon badaude. Urteetan ibili dira batzuk eremu horretako bidezidorrak eta autobideak erakusten, eta Beñat Irasuegi eta Talaioseko jendea hor dabil egun ere, ekonomiaren eta lan munduaren alorretan ildo berriak zabaltzen, proposatzen, jarduteko modu desberdinak bilatzen, lantzen.

Gure bizimoduen ardatzetako bat da, garrantzi itzela duena —ekoizpen antolamenduak, banaketa moldeak, lanaren beregaintasuna...—, eta beraz eskapo egin nahi ez niokeena. Baina onartzen dut oraindik ere egunkariko orrialdeak, atal horri dagozkionak, denak batera pasatzen ditudala. Akaso horixe dut lehen bekatua: kontzepzioa bera aldatu behar dugula, ekonomia, hirigintza —ikasgai hori gustukoa nuen, hara!—, gizarte-ekintza eta bestelako gai eta eremu batzuk beste era batera aztertzen, ikusten, jorratzen. Ez gai bezala, ezpada gure bizimoduaren beste habeetako bat bezala.

Esango nuke alternatibak, beste mundu posibleak, ildo horiek lantzetik eta diferente lantzetik iritsiko zaizkigula, eta orain arte periferian egon diren hainbat jarduera eta egitasmok dauzkatela proposamen interesgarrienak. Diskurtso handi hogeigarrenmendetarretatik aparte.

Baina ez dago erraza.

Ez dago erraza proposamen eta egitasmo periferiko horietariko asko neurri batzuetan eraginkor eta erakargarriak direlako, baina jendartea antolamendu handi, egituratu eta oso zurruna delako. Eta hala dela kontuan hartu behar da, amarauna handi horretan harrapatuta gaudenoi baliagarriak eta egingarriak diren proposamenak eraiki ezean, alferrik direlako proiektuak. Inoizko ederrenak izanda ere. Jendeak bizimodu bat dauka, eta gehienek bizitza ere bakarra, eta beraz aldaketak hori guzti hori kontuan hartuta egin behar dira.

Jendeak EAJri ematen diola botoa, esan nahi dut. Ez dugula ahaztu behar.

Natorren, baina, Ekonomiara. Pandemiatik ateratzen ari naizen ondorioetako bat da —eta adituek gezurtatuko dute, noski—, gure menpekotasuna latza dela. Nola esan: zalantza daukat nik jarduten dudan eremuetatik zeinetan dagokidan diru laguntza handiena. Txantxa da, baina izan zitekeen. Eremu guztietan administrazioari laguntza eskatu zaio: berrienak autogintza, turismoa, ostalaritza. Industria ere pizgarri eta diru laguntzetatik elikatu da, behar du orain ere, eta porlanaren erresumak hortxe du iturri nagusia —gora Euskal Harria!—. Baina bestela ere, jakina da kirolak administrazioaren atea jotzen duela urak lepora heltzen zaizkionean, eta kultur arloa ere egunotan hala dabil —ura lepotik oso gora, egia esan—. Nekazaritza, basogintza... urteak dira funts publikoek ongarrituta bizi direla. Edo hedabideak, gure hau ere, ba horixe.

Badakit aipatu ditudan guztien artean aldeak handiak direla, eta premiak ere bai, eta ez nator horiek alderatzera. Ez ditut porlana eta euskalgintza berdinean neurtuko. Ez nator dirulaguntzen aurka mintzatzera, are gutxiago liberalismo eta merkatu hutsaren aldarrikapena egitera. Publikotasunaren aldeko sutsua naiz, are, hainbat nazionalizazio eta estatu-eskuhartzeren aldekoa ere bai.

Baina esanguratsua da, krisi sakoneko egunotan, denak ere administrazioaren aldabari joka sumatzea. Irtenbide nagusia ez ezik, bakarra dela ematen du. Eta Balereni kasu gutxiegi egin banion ere, etorkizun kaxkarra dagoela hor azpian, esango nuke. Antolamendu agortu bat. Eta kate gero eta lodiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.