Indarrez ekingo dio

Realak gaur jokatuko du Europa ligako lehen partida, PSV Eindhovenen zelaian. Txuri-urdinek bolada onari eutsi nahi diote: golik jaso gabe irabazi dituzte azkeneko hiru norgehiagokak.

Realeko jokalariak, Levanteren aurkako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Realak bikain ekin dio sasoi hasierari. Galdu egin zuen ligako lehen partida, Bartzelonaren zelaian, baina ondoren jokatu dituen hiru neurketak irabazi ditu, eta horietan ez diote gol bakar bat ere sartu. Horrek sailkapenaren goiko aldean ezartzeko ez ezik, aurkariei aurreko sasoikoa baino talde osatuagoa dela ohartarazteko balio izan dio. Hala, indarrez beteta ekingo dio gaur Europa ligari. PSV Eindhoven Herbehereetako taldeari egingo diote bisita B multzoko lehen jardunaldian.

ERAGINKORTASUNA

Iragan denboraldi amaieran ez bezala, Realak ez du gol abagune asko sortu beharrik balioa sareetara bidaltzeko. Imanol Alguacil behin baino gehiagotan haserretu zen aurreko sasoian taldeari asko kostatzen zitzaiolako gola sartzea. Aurten, baina, eraginkortasuna erakutsi du talde txuri-urdinak arlo horretan. Cadizen aurkako azken partidan, esaterako, lau aldiz jaurti zuen espainiarren atera, eta bi gol erdietsi zituen. Hiru zutoinen artean asmatzea ezinbestekoa da norgehiagokak irabazteko. Mikel Oiartzabal kapitainak dagoeneko lau gol sartu ditu. Alexander Isakek, berriz, ez du bat bera ere sartu. Hura ere golak sartzen hasten denean, gipuzkoarrak talde are zitalagoa bilakatuko dira erasoan.

SENDOTASUNA

Hiru partida osorik daramatza Realak golik jaso gabe. Hori ez da berria, aurreko sasoian Alex Remirori ez baitzioten golik sartu ligako hamalau neurketatan. Baina oso garrantzitsua da txuri-urdinentzat horri eustea. Talde erasokorra izan arren, Imanol Alguacilek zuzendutakoek sendotasuna erakutsi dute defentsan. Aritz Elustondo eta Robin le Normand bikain moldatzen dira elkarrekin defentsaren erdian, eta, baloiarekin iaioak izateaz gain, oso jokalari oldarkorrak dira hanka sartu edo aurkarien gol ahaleginak ezerezean uzteko garaian. Golik ez jasotzeaz gain, azken hiru partidetan apenas sortu diete arriskua gipuzkoarrei. Irabazi ezin denean, ezinbestekoa da norberaren atea ondo zaintzea, behintzat puntu bat arrantzatzeko. Eta txuri-urdinak ondo baino hobeto ari dira beren area ingurua babesten.

JOKAMOLDE EZBERDINAK

Jakinekoa da donostiarrak oso abilak direla aurkariek hutsuneak uzten dizkietenean eta korrika egiteko beta dutenean. Taldeak hain berezkoa duen jokatzeko modu horri, baina, beste hainbat jokamolde gehitu dizkio prestatzaile oriotarraren lantaldeak. Arerioak atzean sartzen direnean taldeak burua galdu gabe baloia mugitu eta zirrikituak aurkitzeko gai da orain. Cadizen (Espainia) jokatutako neurketan argi eta garbi ikusi zen hori. Talde gaztea izanagatik ere, Realak badu nahikoa pazientzia eta eskarmentu hainbat egoeratatik aurrera ateratzeko. Gainera, Alexander Sorlothen fitxaketak beste ate bat ireki die: baloi luzeena. Aurrelari norvegiarra 1,94 metro da luze, eta txuri-urdinek iparrorratz hori aprobetxa dezakete. Hau da, buruhauste ezberdinetarako konponbide sorta zabala du orain Realeko entrenatzaileak.

IMANOL ALGUACIL, GOGOTSU

Imanol gustura dago bere jokalariek orain arte egindakoarekin. Badaki lehen taldean pieza bat falta denean Reala B hortxe dagoela, berme handiko ordezko bat uzteko prest. Gipuzkoarrek ligako beste talde guztiekiko duten abantailetako bat horixe da: Bigarren Mailan dutela hornidura-kateko azken zatia. Zaila izango da Reala larrugorrian ikustea kalitatezko jokalarien faltarengatik.

Gauzak horrela, Orioko teknikariak itxaropentsu ekingo dio gaurko partidari: «Gogoa eta ilusioa ditugu. Motibazio askorekin ikusten ditut jokalariak eta zaleak», esan zuen atzo, partida aurreko prentsaurrekoan. Realeko entrenatzailea «oso pozik» azaldu zen, etxetik urrun jokatu arren zaleen babesa izango baitute. 600 jarraitzaile txuri-urdin inguru izango dira harmailetan: «Garrantzitsua da irabaziz hastea, baina ez erabakigarria. Oso garrantzitsua da zaleen babesa». Izan ere, entrenatzaile oriotarrak oso argi du PSV Eindhoven «aurkari indartsua» dela: «Bi taldeak sasoi onean gaude. Biak joango gara irabaztera».

Imanolek jokatzeko moduan dituen jokalari guztiak eraman ditu Eindhovenera. Cristo Romero Reala Bko ezker hegaleko atzelari espainiarra sartu du lehen aldiz deialdian.

AURKARI INDARTSUA

Imanolek ohartarazi bezala, aurkari zaila izango du gaur parean. PSVk bikain hasi du liga: jokatu dituen lau partidak irabazi ditu, eta, horri esker, lider dago. Hamalau gol sartu ditu; hiru baino gehiago partidako. Baina defentsan ere ondo ari da: hiru gol besterik ez ditu jaso.

Jokalariei dagokienez, Roger Schmidtek zuzendutako taldearen izarretako bat txuri-urdin ohi bat da: Bruma. 2015-2016ko sasoian Galatasarayk utzita Realean jokatu zuen erasoko hegalekoak ligako jokalari onenaren saria irabazi zuen abuztuan: bi gol sartu zituen, eta asistentzia bat eman. Ez da taldeko jokalari on bakarra: Mario Goetze, Cody Gapko, Carlos Vinicius, Eran Zahavi... Kontuan hartzeko jokalari arriskutsuak ditu PSVk. Realari lanak emateko gaia du. Hala ere, zuhur mintzatu da Schmidt: «Realak baliabide asko ditu. Taktikoki indartsuak dira jokalariak, eta abilak erasoan, bai na antolatuak defentsan. Erronka handia da. Ez da erraza izango irabaztea».

PSV EINDHOVEN-REALA
PSV Eindhoven. Drommel; Mwene, Obispo, Andre Ramos, Max; Boscagli, Van Ginkel; Bruma, Goetze, Gapko eta Zahavi.
Reala. Remiro; Gorosabel; Aritz Elustondo, Le Normand, Ahien; Zubimendi, Merino, Silva; Januzaj, Isak eta Oiartzabal.
Epailea. William Collum (Eskozia).
Lekua. Philips estadioa (35.000 ikusle).
Ordua. 21:00etan (Movistar Txapeldunen Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.