Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Geure satorrak

2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Satorrak zuloak egiten ditu lur azpian. Oharkabean pasatzen da, ez du zaratarik egiten, ez da begi hutsez ikusten ahal, eta sarraskiaren berri ez da agertzen animaliak utzitako arrastoetan ez bada. Satorrak isilean egiten du lan, eta isilean egiten dio kalte soroari. Lurrazalak nola edo hala eutsi egiten dio normaltasun-itxurari, baina itxura da: barruak janda, ahuldu egiten da. Emakumeon kontrako biolentzia sistematikoak halaxe egiten du lan.

Tximeleta izenez ezagutzen zituzten Dominikar Errepublikan Mirabal ahizpak, baina goitizen horren arrastorik ez da apenas gorde. Minervak, ahizpen artean zaharrenak, halaxe izendatzen zuen bere burua diktadorearen kontrako klandestinitateko borrokan, eta familia-izena bihurtu zen luze gabe. Garai hartako kroniketan azaltzen denez, gazteak ez ziren bereziki nabarmendu matxinada aldian; ezin esan bereziki sutsuak zirenik, ezta inongo taldetako ekintzen ardura hartu izanagatik arrisku berezia zekartenik. Kronika horiek diote inguruan bertan ere harridura sortu zuela ahizpen hilketen berriak, eta bereziki krudelkeriak. Ez zen ausazko ekintza bat izan, baina: etxean bahitu zituzten paramilitarrek, bide bazter batean bortxatu zituzten, eta, azkenik, beharrik ez bazen ere, hilzorian utzitako gazteak akabatu egin zituzten. Emakumeak ziren, itxura onekoak, disidente eta emakumeak. Azaroaren 25ean izan zen, 1960. urtean. Mirabal ahizpen ondoren hartu zen egun hori seinalatzeko erabakia, Emakumeen Kontrako Biolentziaren Eguna finkatzeko. Bitxia da, gero, gurean indarrean dagoen legearen arabera, ahizpen bortxaketa eta hilketa ez baitira genero-delitu gisa zenbatzen, aldez aurreko harremanik ez baitzen biktima eta borreroen artean.

Aurten ere, puntu lila handi bana jarri dugu etxean eta bulegoan, baina, beste urteetan ez bezala, duda egin dugu, egin ala ez egin. Sinboloak beharrezkoak dira, baina nekatu egiten da bat esparru sinboliko hutsean ibiltzeaz. Edonola ere, ipini dugu, eta bertan iraungo du puska batean, kanpotik ongi ikusteko moduan. Paparrean ere badaramagu puntu morea, eta kalera irten orduko halako aire batek eman gaitu, nonahi daudelako. Tximeletak dirudite, ingurua hartzen baitute puska batean, gauzak mugitzen ari direla iradokiz bezala, baina handik ordu edo egun batzuetara dena lehengo egoera berdinera itzuliko da. Orain ere, tximeletei begira ari garen bitartean, lur azpian dihardute biolentzia matxistaren satorrek, desberdintasunen soroetan jaun eta jabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko datuak eskura ditut: Ertzaintzak 4.659 emakume babesteko neurriak ezarrita dauzka, eta horietarik 85 bizkartzainekin bizi dira (horrela bizitzeari izen hori ematerik badago, behintzat). Beste era batera ere esan daiteke: EAEn susmo sendoak daude une honetan bertan badirela 4.659 gizon beste horrenbeste emakumeri eraso egiteko moduan. Lur azpian daude, emakumeei argitara atzeratzea eragozten. Satorrek laga duten lur-arrastoa baino ez da hori, are sakonagoa eta zabalagoa baita biolentzia horien irismena.

Elefantea gelaren erdian dago, ez da batere mugitu, edo oso gutxi mugitzen da. Ingelesez badago egoera hauetarako oso balekoa den esaera bat: «The elephant is in the room» esaten dute gisa horretako jarrerak, itsutasun partzial mota hau izendatzeko. Edozein bazterretatik erraz ikus daiteke, baina ez ikusiarena egiten diogu. Eta sakoneko arazo horiek bertan ez baleude bezala jokatzen dugu, funtsezko arazoetan eskuak sartu gabe, adarretatik tira eginez sustrai sakonak dituen gaitz honen zuhaitza erausteko moduan gaudela sinetsita edo. Satorrak, baina, isilean dihardu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.