Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Klase ertainaren birusa

2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
J.V. Foix poeta katalanaren aipua da ondokoa: «Izan moderno: irakurri klasikoak». Eztabaida liteke gomendioak egoera guztietarako balio ote duen, baina oraingo atakan terapeutikoa iruditu zait: lasaitu egiten nau pentsatzeak klasikoek eman egin dizkigutela izan ziren, diren eta izango diren mundu posibleen kartografiak ulertzeko gakoak. Platon eta bere haitzuloaren mitoa edo alegoria bereziki interesgarria da oraingo kalapita honen izkinak behatzeko.

Platonek korridore estu baten amaieran dagoen haitzulo bat deskribatzen du, zeinean bizi diren jaio zirenez geroztik lotuta hazi diren gizakiak. Kanpoaldearen eta haitzuloaren artean korridore bat dago, eta piztuta dagoen su batek argiztatu egiten ditu hainbat pertsonaiaren mugimenduak. Kateatuta dauden gizakiek, ordea, ezin dute burua jiratu pertsonaia horiek zuzenean ikusteko, eta, beraz, suak eraginda aurrean duten horman islatzen diren itzalez baino ez dituzte ezagutzen. Beraientzat, ondorioz, errealitatea hori da: irudi desitxuratuak, argi mehearen erritmoan dantzan egiten duten errealitatearen itzalak. Kateak hautsi eta kanpora irten arte ez dira ohartuko ispilatzeaz, amarruaz. Orduan jabetuko dira (jabetu hitzaren adiera guztiez), beren egiazko izateaz.

Berrogeialdiak etxean harrapatu gaitu, onik gaude, eta, bide luzearen hasieran baino ez gaudela jakinda ere, bakartu behar izateak goxotik ekarri du, oraingoz, gazitik baino gehiago. Platonen haitzuloa, gurean, erosoa eta zabala da. Ispilu bat balitz, nire burua ikustean irribarre txikia egin beharko nuke: ataka honek pribilegiozko tokian harrapatu nau, baita pribilegiozko historiako momenturik gozoenean ere. Salbuespenak salbuespen, klase ertaina (auskalo zer den hori gaur egun) deitu ohi dugun horren neurriko krisia dela ematen du, haitzulo berean bizi garen eta itzal berberak ikustera ohituta dagoen jendartearen neurrikoa. Errealitatea, baina, beste zerbait da, latzagoa.

Gutariko gehienok etxean gera gaitezke hala agindu digutelako, informatuta gaudelako eta badakigulako guztion hobe beharrez halaxe behar duela. Sakrifikatu gaitezke nor bere gelan egotera, eta erosketak egitera noiz joango garen aurreikus dezakegu etxeko arasak hustuko ez direla seguru egonda. Gaitasuna moteldu bazaio ere, etxeko wifia ia bazter guztietara heltzen da, eta zilbor-heste sendoari esker munduarekin konektatuta jarraitzen dugu; elikagai sozialak eskuratzeko, behinik behin, badugu nahikoa eta sobera.

Haitzulotik kanpo, baina, oso bestelakoak dira gauzak. Telelana egiterik ez duenak (lanik ez, ezta bitartekorik ere) nekez ulertuko ditu gure balizko estresak. Eskolako erritmoari normal eutsiko omen diote gure haurrek, baina, etxean ordenagailu edo konexiorik ez dutenentzat, etxeko lanak berokia jantzia egiten dituzten milaka haurrentzat, fikzioa da guk normaltasuna deitzen dugun hori, eta nahikoa lan badute asmatzen nola ordezkatuko duten eskolako jantokian eskuratuko ez duten oinarrizko otordu hori.

Etxean asko besarkatzen dugu elkar (gehiegi, gure alaben irudiko) eta, gainera, besarkadakez datoz sekula bakarka: goizero esnatzen garenean, musu; eskolatik edo lanetik bueltatzean, musu, eta, esan gabe doa, ohera sartzerakoan ere berdin. Ni, eta gutariko gehienak, etxean geratu gaitezke beldurrik gabe, baina haitzulotik kanpoko errealitatean bizirik irautea da emakume eta haur askoren erronka nagusia. Etxean geratzea aspertuko zarela uste izanda edo akabatu zaitzaketela jakinda ez da gauza bera.

Lezio asko utziko dizkigu krisi honek, nik uste. Konformatuko nintzateke gure klasertainkeria gaitzaren kontrako txertoa aurkituko bagenu. Bitartean, zaindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.