mikel elorza
ARKUPEAN

Ene matematikak

2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Idaztera nindoan badirudiela zaharrak jada ez direla erresidentzietan koronabirusak jota hiltzen, atzera ere bakardadeak jota hiltzen segituko dutela. Berreskuratu dugula, jendarte gisa, eremu horrekiko —eta antzekoekiko— geneukan distantzia, hau bai soziala, bi metrotik oso gorakoa. Eta idatzi egin egin dut, baina ohartu naiz lehengo egoerara itzultzeak ezezagutzara itzultzea esan nahi duela. Ez dakigunaren gainean iritzia ematera. Erraz hitz egiten baitugu —pulpitua daukagun iritzilariok are errazago—, baina badakigu benetan nolakoak diren zaharren egoitzak? Nola bizi diren? Azken parkinga baino askoz gehiago ez dela ez ote den askok duen inpresioa—senideren bat han daukatenak salbu, alegia—, baina inpresio anitz bezala, datuen gainean oinarritu gabea.

Ez dakigunaren gainean iritzia ematearena, lehen ere gaitz arrunt zabaldua, areagotu egin dela alarma egoera garaian esango nuke. Hori ere inpresioa da, daturik gabea, balkoi sozialetan eta aurreneko terrazaldietan ikusi eta jasotakoaren gainean eraikitakoa. Izan ere, inork inoiz bizi gabekoa izan da konfinamendua, baina jende askok zeukan iritzi oso sendoa egin beharrekoez, debekuez, neurriez, ondorioez... Horietako askok, hala ere, onartu behar da oso zorte txarra izan dutela: hartzen ziren neurri guztiak haien kontrakoak ziren! Neurria edozein izanda ere, justu haiek egiten zutena debekatzen zuen, justu haiena, hau madarikazioa. Hagintariak propio ari zirela zirudien.

Ziurtasunaren errapetik edandako batzuk badaude, baina ni, ustez gehienak bezala, zalantzaren besotik ibili naiz azkenaldian. Ondorio argiak gutxi dauzkat, bakarren bat bai: pandemiaren kontra askoz hobekiago bizi ginela.

Eta zenbait gauza nekez aldatuko direla. Geometria ikasketa klasiko zenbaiti ostikada emateko balio izan zigun pandemiak, ondo zegoen hori. Eta hala, kilometroko muga jarri zen paseo edo kirolerako, baina batzuek egiten zituzten ibilbideak etxetik 1.000 metro baino askoz urrutiagora eramaten zituen; bi metro beso batekin estal litezke kaleko enkontru gehienetan; taberna eta terrazetako edukiera erdira jaitsi zenean 8 mahaitik 6 jartzea esan nahi zuen... Baina onak buztana motza, eta normalitate berrian matematika zaharrak nagusitu dira. Eta distantzia soziala berriro ere neurri ekonomikoetan neurtuko da, genero eta jatorri parametroetan...

Kabul, adibidez, Minneapolis baino askoz urrutiago dago, neurketa zientifiko batek 700 kilometroko aldea ematen badu ere Asiakoaren alde. Hurbilago kokatzen du mapak, baina gauza jakina da mapekin ezin fida zaitezkeela. Maule izeneko herri hori hor bertan erakusten dute, eta tokitan dago!

Distantzia soziala ez baita zentimetrotan neurtzen, nola ba. Aste honetan Basurtuko ospitaleko erditze gela bat itxi zuten, ordu batzuez, kutsaturen bat ibili ote zen. Garai bertsuan Kabulgo ospitalean zeukan erditze gela ixtea erabaki du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. Eraso batek, zentroaren aurka propio egindakoa berau, erditzeko edo erditzen ari ziren 16 emakumezko hil zituen, tirokatuta, eta beste langile batzuk eta bi haur. Badira aste batzuk gertatu zela, baina orain entzun dugu ozentxeago, MSFk ospitalea utzi egingo duela-eta oihartzun pixka bat eman nahi izan diolako gertatuari. Urruti baitago Kabul.

Eta hori da distantziasoziala: matter izatera iristen ez diren ama afganistandar horiek zehazten dute bi punturen arteko distantzia gaindiezina. Gure artean ere badagoena, Kabulera gabe: zubi gainetan paseatu eta zubipean bizi direnen artekoa; dendara sartzeko espaloian ilaran zain egoten garenon eta espaloietan bizi direnen artekoa; eta abar.

Horiek dira ene matematikak. Esan dut: inpresiotan oinarrituak, daturik gabekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.