Jakinaren gainean daude

Ez Danel Elezkano eta ez Dario Gomez ez ditu ezustean harrapatu Beñat Rezusta eta Jose Javier Zabaleta nagusitasunez sailkatu izanak. Biek argi dute «oso ondo» egin beharko dutela beren lana haiek kanporatzeko final-laurdenetan.

Danel Elezkano eta Dario Gomez. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Erne harekin [Jose Javier Zabaleta]. Jendea harritu egingo da hura sakatzen ikusten duenean. Nik oso argi dut buruz buruko pilotari bikaina izan daitekeela»: Danel Elezkanok (Zaratamo, Bizkaia, 1994) abisua emana zuen buruz burukoa hasi aurretik. Lau hilabete zeramatzan Zabaletarekin entrenatzen eta jokatzen, eta bazekien hura zer egiteko gai zen. Lekuko izan zen buruz burukoa jokatu edo ez erabakitzeko atzelariak eginiko proba bat baino gehiagotan. Iritzia ere eskatu zion. «Zer esan nion? Lehenbizi, barre egin nuen, eta, gero, esan nion ni hura izanda ez nuela duda bakar bat ere izango. Lehia bakarrean edozer gerta daiteke, baina nik oso argi dut Josek bere maila emanez gero edozeini irabaz diezaiokeela».

Bete-betean asmatu du. Partida bat nahikoa izan du Zabaletak denak zur eta lur uzteko: bi tantotan utzi zuen Axier Arteaga final-zortzirenetan, eta Dario Gomez (Ezkarai, Espainia, 1996) izango du aurkari larunbatean, Donostian, final-laurdenetan. Bezperan, Beñat Rezusta eta Elezkano ariko dira Idiazabalen (Gipuzkoa). Rezustak nagusitasunez kanporatu zuen Oinatz Bengoetxea: 22-14. Hala, aspaldikoz, bi atzelari ariko dira final-laurdenetan. 2014an izan zen azken aldia: Zabaleta eta Mikel Beroiz iritsi ziren final-laurdenetara, baina Beroizek bakarrik jokatu zuen [22-13 galdu zuen Juan Martinez de Irujoren aurka]. Zabaleta lesionatu egin zen Mikel Urrutikoetxearen aurka aritu aurretik, eta txapelketa utzi zuen.

Elezkano II.ak etxean ikusi zuen Rezustaren eta Bengoetxea VI.aren artekoa. Ezin du ezkutatu nork irabaztea nahi zuen: «Lagun handia dut Beñat: ordu asko egin ditugu elkarrekin entrenatzen eta jokatzen, eta garai zailetan ere elkarri lagundu izan diogu. Asko poztu nintzen hura sasoi betean ikusita. Oso berezia izango da haren aurka jokatzea».

Ez zuen ezustekoan harrapatu haren lanak: «Banekien indartsu zegoela, eta horrela dagoenean edozer egiteko gai dela». Berehala aztertu du haren lana: «Ausart jokatu behar da buruz burukoan, eta Beñatek ausart jokatu zuen. Oso gutxik dute haren kolpea, eta, atzelaria izan arren, ondo sakatzen du; ondo moldatzen da airez; hanka oso arinak ditu, eta tantoa amaitzeko erraztasuna du. Nabari da gaztetan aurrelari izan zela. Ni haren aurka jokatutakoa naiz aurrelari zela». Hori gutxi balitz bezala, ondo ditu eskuak Rezustak: «Oso garrantzitsua da hori buruz burukoan, asko eman behar baitzaio pilotari airez, eta beldurrik gabe. Eta Beñatek sekulako zartakoak eman zizkion. Horrela jokatuta, edozein gaindi dezake. Aurkari oso indartsua da».

Eta nola egin diezaioke aurre hari? «Zaila da, pilotari oso konpletoa baita. Nik baino kolpe handiagoa du, eta, horri esker, tanto askotan nagusituko zait». Argi du egitekoa: «Nire jokoa egiten ahaleginduko naiz: ondo sakatu, sake-errematea egiten saiatu, partidari erritmo bizia eman, aurrean hura nahastu, eta izan ditzakedan aukerak aprobetxatu. Oso ondo egin beharko dut nire lana. Bestela, gainetik pasatuko nau».

Beldurrik ez

Dariok ere telebistaz ikusi zuen haren aurkariaren partida. «Gozatu» egin zuela aitortu du: «Pilotazale batentzat plazera da Zabaleta halako sasoi eta kolpe ederrarekin ikustea». Harentzat ere ez da ezustekoa izan Zabaletaren lana: «Entzuna nuen binakakoa jokatzen ari zela zenbait proba egin zituela buruz burukoa jokatu edo ez erabakitzeko, eta horiek ikusi zituztenek ziotela oso ondo moldatu zela. Enpresan inork ez du ezustea hartu harekin».

Darioren arabera, buruz buru jokatzeko «dohain bikainak» ditu Zabaletak: «Denok dakigu zer-nolako kolpea duen, baina, horrez gain, sake zitala du, hanka oso arinak, eta ondo botatzen du dejada. Gainera, asko hobetu du airez; besteak beste, sotamanoz».

Aurkariak aspalditik duen sasoi ikusgarriaren berri du, baina ez dio beldurrik: «Errespetua bai, baina beldurra, batere ez. Jokatzeko sekulako gogoa eta ilusioa dut. Gainera, nik ere baditut nire armak, eta haiek aprobetxatzen ahaleginduko naiz». Azken buruz burukoan egindakoa du ispilu: Iker Irribarria, orduko txapelduna, kanporatu zuen final-laurdenetan, eta estu hartu zuen Jokin Altuna finalerdietan.

Argi du nola egin diezaiokeen min: «Saiatu behar dut hura deseroso egoten. Horretarako, ondo sakatu beharko dut, eta jokoari erritmo handia eman. Aurrean nahastu behar dut, biparetak eginez. Ezin diot pilota aukeran utzi. Arteagaren aurka ikusi zen atzetik aurrera eta hankak ondo jarrita pilota jotzen duenean gai dela hura errebotera bidaltzeko. Ez dut nahi frontoitik pilotakadaka atera nazan. Oso ondo egin beharko dut nire lana. Bestela, akabo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.