Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Gereziak

2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Eguraldiak makur jo du aurten, eta apur bat atzeratu bada ere, gerezien garaia da hau. Txikiak dira gure etxe inguruan dauden gereziondoak, baina hostotza trinkokoak eta ale txiki gorriztak nabarmen ikusten dira urrutitik; ahogozagarri egiten zait pentsatze hutsa. Japonian oraingoaren aurreko aldia maite omen dute gehien, sakura edo loraldia, bertan ohitura baita lagunartea elkartzea itzalpe ikusgarrian otordu txikia egin eta denbora-pasan; udaberri hasierako ospakizuna da, hanami deitzen dutena, kontenplazioan egotekoa.

Garai hori, ordea, bukatu egin da gurean: gora begira egote hutsetik aleak biltzera pasatzeko ordua da. Joan den igandeaz geroztik, horretan ari gara.

Kosta egiten da bildutako aleak gozo edo garratz atera diren bereiztea, zapore guztiak nahastu egiten baitzaizkigu dastatzen hasi orduko. Gereziak bezalaxe, binaka datoz sentimenak politikan ere, pozak eta etsipenak elkarrekin lotuta maiz.

Kanpainak bukatu dira gurean tarte batez behintzat. Ziklo luzea itxi genuen joan den igandean, edo hala beharko luke udazkenean zer gertatuko den argitu bitartean, behintzat. Izan ere, EAEko gobernuko aurrekontuak aurrera ateratzeko zailtasunen aurrean, zirt edo zart egingo ote duen gobernuak ez dakigu, baina zantzuak berehala iritsiko zaizkigu. Edonola ere, agintea eskuratzeko lehian jardutetik botere hori kudeatzera jauzi egiteko unea iritsi da espazio publikoa antolatuta dagoen zirkulu kontzentriko guztietan.

Ezin begira gelditu, zuhaizpean: orain, uzta biltzeko garaia da.

Zer eta zertan, ordea?

Atrebentzia barkatuko didate horretan eskarmentu gehiago ez ezik espazio publiko hori kudeatzeko herritarren mandatu formala ere badutenek. Emaitzek irakurketa desberdin asko ekarri dizkigute, eta ausarkeria da ikasbide bakar eta komuna ateratzea; zenbat buru, hainbat aburu. Bada, ordea, guztiok eta arlo guztietan egin dezakegun zerbait: zubiak eraiki, lubakiak ireki ordez.

Emaitzek, kolore bateko nahiz bestekoak izan, elkar hartzearen beharra erakusten baitute. Ez dugu ahaztu behar hauteskundeek ez dutela errealitatea sortzen, berau islatu baino ez dutela egiten. Inkestak asmazioak dira, emaitzak, berriz, herri-ardura. Zapuztutako itxaropenak kudeatu beharko ditugu lau urte barru aldaketa berriro gertagarria izan dadin, edota eskuratutako aginte-makila bazter baten utzi eta kanpainaldi luzean zehar epelak entzun eta gero, eseri egin beharko dugu mahai baten bueltan elkar hartzeko. Gustukoa izan ala ez, halakoxeak gara, eta gozotik bezainbeste dugu mingotsetik.

Zuria ala beltza, nirekin edo nire aurka, geurea edo besteena. Mundua bitan banatzen dela iradokitzen dutenak nonahi ageri dira, eta azken boladan, guztiaren jaun eta jabe bihurtu direla ematen du. Beldur diet baiezko biribilei, eta baita ihesbiderik uzten ez duten ezezko erabatekoei ere. Eta beldur diet aukera biren artean soluziobide bakarra beren egia dela lau haizeetara zabaltzen dutenei, dela kaleetan, dela hedabideetan, dela gure herrietako aginte-eserlekuetako edozeinetan.

Azken bolada luze honetan murgilduta egon garen kanpainagintzako giroak erabat normaldu du praktika hori politikan: gustuko eta aukerako gertakarien hautaketa egiten dute alderdiek eta errealitatea horixe besterik ez delakoan eskaintzen digute, dena gozo eta gorri distiratsu. Askok sinistu egiten dute. Cherry pick esaten zaio ingelesez ale onena, gozoena eta ikusgarriena soilik aukeratzeari, eta egia da amarruak funtziona dezakeela denbora-tarte batez, baina ez betirako: luze gabe, eztarrian trabatuko zaigu hezurra barruan doakizula ez badakizu, edo ahaztea erabakitzen baduzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.