Euskal Herriko Itzulia

Santutegira iristeko, gurutze bidea

Gaur amaituko da Itzulia, Arraten. Etapa oso gogorra da, zazpi mendate igoko baitituzte 112 kilometroan. Ondo ezagutzen du eremua Peio Goikoetxea Euskalteleko txirrindulari ermuarrak.

Santutegira iristeko, gurutze bidea.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gaur argituko da dena. Gaur argituko da zeinek irabaziko duen Euskal Herriko Itzuliaren 60. aldia. Antolatzaileek pozarren egoteko arrazoiak dituzte. Emozioa eta lehia nahi zuten azkeneraino, eta halaxe izango da.

Eta azkeneko etapak muturrera eramango du emozioa eta lehia. Ondarroan (Bizkaia) hasi, eta Eibarko (Gipuzkoa) Arrateko Santutegian amaituko da Itzuliko etapa nagusia. 112 kilometro eskas egin beharko dituzte txirrindulariek, baina nolako 112 kilometro: gogorrak dira benetan. Bi datu aipatzea nahiko da etaparen muturreko gogortasunaz ohartzeko: bata, zazpi mendate igo beharko dituztela, hamasei kilometroko bat. Hirugarren mailako Arribinieta eta Elkorrieta, lehen mailako Azurki, bigarren mailako Elosua-Gorla, lehen mailako Krabelin, hirugarren mailako Trabakua eta lehen mailako Usartza kateatuko dituzte bata bestearen atzetik; beste datua, berriz, horiek igota pilatuko duten desnibela da: 3.500 metro. Argi dago: Itzulian ari diren txirrindularientzat, errepidea baino gehiago, gurutze bidea izango da Arrateko Santutegirako bidea.

Indarberritzeko tarterik ez

Peio Goikoetxea (Ermua, Bizkaia, 1992) Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak etxekoa du ingurua. Argi du: «Etapa oso gogorra da. Zerbaitegatik da Itzuliko saio nagusia». Gogortasunaz gain, horren kilometro gutxitan horrenbeste mendate igo behar izatea azpimarratu du. «Irteeratik helmugaraino mendateak bata bestearen atzetik daude. Oso zaila izango da liderrarentzat etapa kontrolatzea. Berdin xahutuko ditu indarrak ihesaldian edo tropelean gordea doanak».

Hankak eta hauspoa berotu gabe igo beharko dute lehen mendatea, Kalbario, eta segituan beste bi: Elkorrieta eta Azurki. «Errepide estua eta jaitsiera azkarra dute hirurek. Azurki da etapako mendaterik gogorrena. Ihesaldian oso txirrindulari garrantzitsuak sartuko dira, ibilbidea beldurgarria baita. Indartsuenek aurrera egingo dute, eta errepideak bakoitza bere lekuan jarriko du».

Azurki «bizi-bizi» jaitsiko diotela dio, eta jabetu orduko Gorlaren «lehen aldapa gogorrak» igo beharko dituztela. «Hasiera oso gogorra da; bigarren zatia, ordea, eramangarriagoa». Haren ustez, orduan ikusiko da ihesaldiak bidea egingo duen edo ez. «Bergaratik Eibarrerakoa da kontrolatzeko dagoen zati bakarra, baita amaierako Etxebarritik Trabakuarakoa ere, errepidea zabala baita».

Eibarrera iritsi eta Arratera igoko dira lehen aldiz, Azitaingo industrialdetik, Krabelin mendatetik. «2016ko Itzuliko azken erlojupekoan ere handik igo ziren —Alberto Contadorrek irabazi zuen etapa eta Itzulia—. Igoera gogorra da».

Ixua gainetik Etxebarrira (Bizkaia) jaitsi, eta Trabakua igo beharko dute segituan. «Zati erraza da hori, errepidea zabala baita». Baina «berehala» hasiko da berriro gogortasuna. «Mallabia pasatzeko, San Pedroko eta Areitioko aldapak igo beharko dituzte. Azken horretatik ziztu bizian Ermua pasatuko dute, eta Eibarrera ailegatu, eta handik Arratera igo, Usartzatik. Azken Itzuliko bosgarren etaparen antzeko amaiera du saioak. Orduan, Emanuel Buchmannek ihes egin zuen, tropelak ez zuen harrapatu, eta minutu pasatxoko aldearekin iritsi zen».

Zailtasunak zailtasun eta gogortasunak gogortasun, Goikoetxea gustura legoke gaur Ondarroako irteeran (Turkiako Itzulian ariko da bihartik). "Txikitatik egiten dut amets etapa hau lehiatzearekin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.