mikel elorza
ARKUPEAN

Eskularru zuriak

2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Laster freskatuko digute memoria, pentsatzen dut, argazkiarekin: Tommie Smith eta John Carlos, Mexikoko Olinpiar Jokoetan, urrezko eta brontzezko dominak jasota, begirada behera eta eskua gora, eskularru beltz batez jantzia, AEBetako ereserkia jo bitartean.Black is beltza garaiak ziren, eta oso sinbolo indartsu izan ziren eskularru beltzok (bi atleta hauei olinpiar villa-tik kanporatzea ekarri zien, hori ez dago argazkian). 50 urte beteko dira urri honetan, eta pentsatzen dut izango dela gogorakizunik: kirol arloko lorpenez gain (Bob Beamonen jauzi ikaragarria, Hines 100 metroak 10 segundotik jaisten), askorentzat eskularru beltzen irudia baita joko haien sinboloa, akordurik nabarmenena.

Baziren baina, urri hartan, Mexikon, eskularru zuriak ere. Eskularru eta zapi zuriak. Hauek guk ez ditugu hain erraz gogoratzen, dena den. Makulu hain erabilia dugun efemerideetan ere hierarkia baitago, klase, arraza eta generoen arabera antolatuta.

Brigada Olimpia-ko kideek zeramatzaten. Estatuakantolaturiko talde paramilitarra militar eta segurtasun-agenteek osatua, teorian Olinpiar Jokoen harira ordena kontuetan laguntzeko eratu zen, baina praktikan talde paramilitar honen zeregina ezkerreko eta oposizioko mugimenduetan infiltratu eta esku hartzea izan zen. Aztoratua zebilen Mexikoko gizartea garai hartan, munduaren zati handi bat bezalaxe, gizarte mugimendu handia zegoen, eta hura kontrolatu, desegituratu eta erreprimitzeko baliatu zen Brigada. Elkar ezagutzeko eramaten zituzten eskularru edo pañelu zuriak; haien lagun militar eta poliziek eurei tiro egin ez ziezaieten.

Esku hartze gorena urriaren 2an izan zen Tlatelolcoko plazan, Tlatelolcoko sarraskia izendatu den horretan.Hiru Kulturen Plaza ere izena duena, langile eta unibertsitarioen protesten gune nagusia zen. Eta urriaren 2an, protestariek plaza hartua eta militar eta poliziek inguratuta zeudela, eskularru zuridunek, tiro eginez, eta inteligentzia zerbitzuen laguntzaz, militar eta polizien erantzuna eragin zuten: 300 hildako eta milaka zauritu, eta zientoka atxilotu —hildakoen kopuruaz ez dago adostasunik, Gobernuak bere garaian 30eko kopurua eman zuen, baina gutxienez 300 izan zirela onartutzat jotzen da—. Triskantza.

Mexiko ez da Paris, ordea, Tlatelolconez dago Sorbonne, eta beraz efemeride hori ez dago lehen mailan (triskantza guztien agenda kudeatzea ere ez dela erraza, hori onartu beharra dago: hainbeste dira!). Hiru Kulturen Plazako adokinen azpian ez dago, nonbait, hondartzarik.

Oihartzun pixka bat izan zuen gertatu zenean, jakina, baina azkar isilarazi zuten afera. Handik 10 egunera Olinpiar Jokoak hastekoak ziren, eta badakizue, mundua hara begira, denak batzen gaituen ebento hori, klase eta arraza eta pertsona guztiak berdintzen dituena, kirola, lehia odolik gabea, anaikidetza... Nola izorratuko duzu bada halako gertakizun inportante bat sarraski koxkor batekin? Gaur egun azkar asko kalkulatuko ligukete ekitaldiaren «inpaktu ekonomikoa»,neurgailu unibertsal berria!

Mexikarren ehun sozialean gertakari hark utzi zuen orbainik, hark eragindako eleberri, film eta dokumentalak lekuko, eta 60ko mugimendu iraultzaileen historian tokia du. Baina berriro diot, Mexiko ez da Paris, eta beti dute tarte lausoagoa gure memoriaren gelaxketan, nahiz eta Villa eta Zapata eta 60ak eta zapatistak...

Duela 50 urte Olinpiar Jokoek isildu zuten balacera. 10 urte geroago Munduko Futbol Txapelketako gradetako oihuek ziegetako garrasiak Argentinan estali zituzten bezala.

Hurrengo mundu txapelketa Qatarrek erosi du. Harritua nago Saudi Arabiak Olinpiar Jokoen antolakuntza ez erosi izana. Edo ez da zertan harritu: Bolsonarok 50 milioi boto jasotzen dituen arootan hain da obszenoa dena, ezer estali beharrik ere ez dagoela.

Eskularru zuriak hautatu zituzten. Ezin egokiago, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.