Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Intsumisioa

2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Martin hil zenetik Juana Santestebanek nekez aurrera egiten zuen Ekaiko herri txikian. Alargunak hiru seme-alaba zituen; Martin eta Juana, dagoeneko ezkonduta eta Ihabarren bizi zirenak, eta Juan, gazteena, 20 urterekin baserri familiarrean bizi zena. Amaren eta semearen artean etxea, animaliak eta soroak lantzen zituzten eta Juanak seme txikienari otoi egin zion herriko neska on batekin ezkonduz gero baserria berarentzat izanen zela.

Bizitza 1662. urtean Nafarroako herri txiki batean eta alargun batentzat ez zen erraza, are gutxiago gerra garaian. Espainia 1640. urtetik Portugalen kontrako gudan murgilduta zegoen eta, horregatik, Juanaren seme txikia errekrutatu zuten. Alarguna ez zegoen prest etxean gelditzen zitzaion seme bakarra galtzeko eta Nafarroako Auzitegi Gorenera jo zuen bere eskubideak aldarrikatu nahian; ez zen bidezkoa berak, emakume alarguna izanda, etxean zuen laguntza bakarra galdu behar izatea, Gorteari leporatu zion gizonek gerra egiteko herriak uzten zituzten bitartean emakumeak zirela ondorioak pairatu behar zituztenak, gosea pasa eta lana bikoiztuz, gainera, nafartar bezala, Foru Zaharrak ematen zizkion eskubideak ere aldarrikatu zituen Juanak.

Ez zuen bakarrik Ekaiko alargunaren haserreak hitz egiten, XII. mendetik Nafarroako Foru Zaharrak jasotzen zuen bezala, kanpoko herri baten eraso baten aurrean zeuden bakarrik behartuta nafarrak bere gizonen artean errekutrazio kanpainak egitera eta, betiere, bere instituzioek adostutako baldintzen arabera (askotan Estatu espainiarra diruarekin konpentsatzea nahiago izan zuen Erresuma zaharrak bere gazteek soldaduska egitea baino). XVI. mendearen hasieran Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik, Nafarroako instituzioak eta gizarteak lege zahar honetan oinarrituko dira mendeetan zehar Madriletik etorritako errekrutazio kanpainei kontra egiteko eta Foruaren kontrakoak direla esateko. Besteak beste, eta bat aipatzearren, esanguratsua izan zen 1841. urtean Iruñeko gazteek soldaduskaren kontra bultzatutako matxinada.

1940. urtetik legez Estatuak militar zerbitzu orokorra, derrigorrezkoa eta salbuespenik gabekoa inposatu zuen arte, esan genezake Espainiar instituzioentzat Nafarroan eta Euskal Herrian, oro har, errekutrazioaren kontua buruhauste bat izan zela mendeetan zehar. Estatuarentzat Frankismoaren urteak agian lasaiagoak izan baziren ere, pasa den mendeko 80ko hamarkadan soldaduskaren kontrako borroka bortizki itzuli zen gure kaleetara. Horregatik, pasa den larunbatean gure instituzioek gizarte zibilarekin zuten zorra bete zutenean eta atzo Iruñeko kartzela zaharra altxatzen zen plazan Intsumisoen borroka oroitarazten duen eskultura kokatu zutenean, gure historiarekin genuen zorra betetzen genuela sentitu nuen. Batez ere Conchita Salinas, preso egondako gazte baten amaren hitzak entzun nituenean. Conchitak, garai batean Juana Santestebanek egin zuen bezala, natural sentitzen zuena baino ez zuen egin; bere semearen eskubideak defendatu, zentzurik gabeko instituzio zahar baten aurrean planto egin zuten horien eskubideak defendatu, gerraren eta heriotzaren aurrean bizitza eta alaitasuna defendatu. Gizarte zibilaren lorpen izugarria izan zen hura, bide horretatik lortu dezakegunaren isla.

«Natural sentitzen dut/ egiten dudana

eta natural egin/ sentitzen dudana.

Insumiso egin naiz/ horixe da dana

ahaztu gabe guztioi/ muxu handi bana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.