Etxekoei erakutsi diete kopa

Realeko jokalariek eskerra eta hunkidura adierazi diote Gipuzkoan barrena jaso duten babesari. Bideoa albistearen barruan.

Neska talde bat Beasainen, jokalariei eskainitako pankartekin. LOINAZ AGIRRE.
ainara arratibel gascon
Urnieta
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun

«Plaza honetan hasi nintzen futbolean jokatzen, eta izugarria da gaur ospakizun honetarako beteta ikustea. Nik sartu nuen garaipenaren gola, baina talde osoak lagunduta. Garaipen hau zuentzat da». Nahikari Garcia hunkituta mintzatu zitzaien atzo bere herrikideei, Urnietan (Gipuzkoa), Espainiako Kopa irabazi izana ospatzeko Realak Gipuzkoa osoan egindako birako geldialdi batean. Oholtzan zen, taldekideekin; eta, aurrean, herriko plaza bete zuten zaleak zituen. Horietako asko Realaren elastikoarekin jantzitako neska-mutikoak ziren. Aretxabaletatik, Arrasatetik, Beasaindik eta Tolosatik igaro ostean ailegatu zen autobusa Urnietara. Ondoren, Lasarte-Oria, Hondarribia eta Irun zituzten zain.

Ordurako beteta zegoen plaza. Trikitilarien doinuekin alaitu zuten itxaronaldia. Udaletxeko balkoiaren azpian zeuden bi pankartek garbi uzten zuten nor zen herriko kuttuna. Segi ezazu gozatzen eta gozarazten, zioen ezkerrekoak; eskuinekoak, aldiz, Beti egongo gara zurekin, Nahikari.

Taldea iristen ari zela zabaldu zenean, trikitilariek Realaren ereserkia jo zuten. Orduan hasi zen zoramena. Gidariaren alboan, koparekin, Nahikari zetorren. Queen taldearen We are the champions doinuarekin igo ziren oholtzara, eta, han, banan-banan aurkeztu zituzten jokalariak eta teknikariak. Gero, Nahikarik hartu zuen hitza, eta hark amaitu eta gero bizi izan ziren une hunkigarrienak. Txikienak «Nahikari, geratu zaitez! Nahikari, geratu zaitez!» oihukatzen hasi ziren, oraindik ez baitago argi aurrelariak datorren denboraldian taldean segituko duen ala ez. Gainera, Egape dantza taldeko bi kidek aurreskua dantzatu zuten, eta Mikel Pagola alkateak oroigarri bat eman zion Nahikariri. Taldekideek airean hartu zuten. Handik, udaletxeko arkupeetara abiatu ziren guztiak, txikienei sinadurak ematera.

Plazan zen Izarne Moreno. «Neskek merezi dute halako omenaldi bat. Nahikari hemengoa izanda, gainera. ezin genuen huts egin. Espero dugu Realean segitzea», adierazi zuen. Larunbateko garaipena «gogoangarria» izan zela onartu du. «Ni ez naiz futbolzalea, baina adi segitu nuen partida. Xanpainarekin ospatu genuen garaipena».

Aloña de Torresek Urnietako taldean jokatzen du. «Lagunekin etorri naiz, gozatzera eta garaipena ospatzera. Nire ametsetako bat da egunen batean Realean jokatzea». Urduri bizi izan zuen lehia: «Nahikarik gola sartu zuenean, eromena izan zen».

Antzeko zerbait pasatu zitzaion Ernesto Montesi. «Oso harro gaude neskez. Handia egin dute». Emakumeen futbola bultzatzeko beharra nabarmendu zuen. «Baliabide gutxiago izan arren, emaitza izugarriak lortu dituzte. Babes handiagoa eman behar diegu».

Jokalariek esker hitzak baino ez zituzten zaleentzat, eta irribarrea ezpainetan. «Izugarria da jendeak nola bizi duen Reala; oso eskertuta gaude», zioen Bea Beltranek. Lortu dutena barneratzeko denbora beharko dutela nabarmendu zuen, berriz, Iraia Iparragirrek. «Niretzat, behintzat, sekulakoa izan da herri guztietan hainbeste zale ikustea. Orain, gainera, Lasartera goaz, nire herrira, eta desiratzen nago hau haiekin partekatzeko».

Eguna «sinestezina» izaten ari zela esan zuen Mariasun Quiñonesek. «Zaleek merezi zuten halako ospakizun bat». Hainbeste ume ikusteak hunkitu zuen atezaina: «Neskato asko daude; balio dezala emakumeen futbolari ikusgarritasuna emateko».

[youtube]https://youtu.be/n2eTm4KwmsE[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.