Zilarrean urrea bilatzen

Eibarrek zortzi jokalari fitxatu ditu denboraldi berrirako, eta horietatik seik Bigarren Mailan jokatu zuten iragan sasoian. Nagusiki, etorkizun handiko jokalari gazteen alde egin du apustu.

Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Uda iristean, altxorraren bila jolasean hasten da Eibar. Meritu propioz, Fran Garagarza da kapitaina, Eibarreko kirol zuzendaria. Begi ona duela erakusten du urtea joan eta urtea etorri, eta sen horren arabera antolatzen dira taldeak. Badu, gainera, urrea topatzeko eremua begiz joa: Espainiako Bigarren Maila. Zilarrezkoa da maila, baina urrea topatu izan du Eibarrek han. Lehen Mailako beste taldeekin alderatuta duen aurrekontu apala kontuan hartuta, ezin du onartu zulo handirik poltsikoan. Bada, berehala topatu zuen Garagarzak irtenbidea.

Zortzi fitxaketa egin ditu Eibarrek jada datorren denboraldiari begira, eta jokalari horietatik seik Bigarren Mailan jokatu zuten iragan sasoian: Edu Expositok (Deportivo), Quique Gonzalezek (Deportivo), Roberto Olabek (Extremadura), Roberto Correak (Cadiz), Esteban Burgosek (Alcorcon) eta Alvaro Tejerok (Albacete). Ruben Lobato (Oviedo Vetusta) eta Asier Benito (Athletic Bilbao), berriz, Espainiako Bigarren B Mailatik ekarri ditu.

Garagarzaren agendan ez daude, ordea, zorizko izenak, eta fitxatu berriak ez dira edonolako jokalariak. Bere taldeetan funtsezkoak izan dira. Edu Exposito, esaterako, etorkizun handiko jokalaria da. 22 urteko erdilari gazte horrek duela hiru urte egin zuen debuta Lehen Mailan, Coruñako taldearekin. Azken sasoian, entrenatzailearen eskeman mugiezina eta ezinbesteko jokalaria izan da. Lau milioi euro —eta beste bat aldagaien arabera— ordaindu ditu Eibarrek bere taldera ekartzeko, eta klubak historian egin duen fitxaketarik garestiena bilakatu da. Ez da Galiziako taldetik iritsi den bakarra. Quique Gonzalez aurrelaria ere Eibarren arituko da datozen bost denboraldietan. Gol sena duela erakutsi du aurten, eta Eibarren erasorako ekarpen garrantzitsua izango da. 3,5 milioiko etete klausula ordaindu dute eibartarrek. Hamazazpi gol sartu zituen azken denboraldian, eta Espainiako Bigarren Mailako golegile nagusien zerrendan bigarren gelditu zen. Ez da ahaztu behar, gainera, Deportivo Espainiako Lehen Mailara igotzeko gertu ibili zela. Finalera iritsi zen kanporaketetan. Ordea, Mallorcaren aurka joaneko partida 2-0 irabazi arren, itzulerako partidan 3 -0 gailendu zen Balear uharteetako taldea.

Roberto Olabe erdilari donostiarra izan da beste apustu serio bat. Hiru milioiren truke etorri da. Atletico Madriletik dator, nahiz eta azken denboraldia utzita Extremaduran egon den. 34 partida jokatu zituen bertan.

Gainontzeko jokalari guztiengatik ez du diru zorroa ireki beharrik izan Eibarrek. Defentsa indartzeko etorri da Roberto Correa, eskuin hegaleko jokalaria. Bi denboraldi egin ditu Cadizen, eta 58 partida jokatu. Postu berean jokatzen du Alvaro Tejerok ere. Real Madrileko harrobian hazitako jokalaria da, eta Albaceten aritu zen, utzita, aurreko denboraldian. 41 partida jokatu zituen guztira, eta nabarmentzeko urtea egin zuen, etorkizun handiko jokalaria dela erakutsiz. Lagun izango dute defentsa lerroan Esteban Burgos. Alcorcondik dator, eta Espainiako Bigarren Mailakoerdiko atzelaririkonenetarikoa izan zen iragan sasoian. Defentsa lanetan erakutsitako dohainez gain, sei gol sartu zituen, bost penaltiz. Atzeko lerroa ixteko, ezker hegaleko Ruben Lobato fitxatu du Eibarrek. Oviedoren harrobiko taldetik ekarri dute, Espainiako Bigarren B Mailatik. Maila beretik dator Asier Benito aurrelaria ere. Athletic Bilbaorekin zuen kontratua amaitu zitzaion, eta ez zioten eskaini berritzea. Aspalditik segika zuen Eibar, eta bizkor ibili ziren armaginak.

Jokalari gazteak fitxatu ditu Eibarrek, etorkizunerako proiektua osatu nahian. Datorren denboraldirako oraingoz ekarri dituen zortzi jokalari horietatik bostek 25 urte edo gutxiago dituzte. Gainontzekoek, berriz, ez dute gainditzen 30 urteren langa; 27 urte dituzte Roberto Correak eta Esteban Burgosek, eta 29 Quique Gonzalezek. Joan den denboraldian, Espainiako Lehen Mailako batez besteko adinik altuena zuen taldea zen Eibar, eta fitxaketekin batez besteko adina jaistea ere izan da helburuetako bat: «Garrantzitsua iruditzen zaigu batez besteko adina jaistea. Bide horretatik egin ditugu azken fitxaketak», ziurtatu zuen Garagarzak.

Zilarretik ekarritako izarrak

Ez da lehenengo aldia Bigarren Mailan jartzen duena arreta Eibarrek. Seigarren denboraldia izango duLehen Mailan, eta bosgarrena Jose Luis Mendilibarren zuzendaritzapean. Urrezko mailan egonkortzea lortu du, eta, bitarte horretan, taldean ezinbesteko bilakatu diren jokalari asko fitxatu ditu zilarrezko mailatik. Zerrenda luzearen artean daude, besteak beste, Sergi Enrich, Kike Gartzia, Pedro Leon, Ruben Peña eta Marko Dimitrovic. Peña ez da Mendilibarren taldean arituko datorren denboraldian. 2016-2017an ekarri zuen Eibarrek, Leganesetik, eta, izandako protagonismoaren ondoren, Vila-Realek fitxatu du. Marko Dimitrovic atezainaren etorkizuna ere airean dago.

Bigarren Mailatik ekarritako jokalariei erreparatuta, ezin da ahaztu Joan Jordan. 2016-2017ko denboraldian fitxatu zuen Eibarrek.Valladoliden ari zen jokatzen, Espanyolek utzita. Zilarrezko mailan zegoen orduan Valladolid. Eibarren egindako lan txukunaren ondorioz, Sevillak hamahiru milioirengatik fitxatu berri du erdilaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.