Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Amaren beldurra

2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bizitzaren garai desberdinak aipatzerakoan, nerabezaroa da ezagunena, hain segur. Denok gogoratzen dugu pubertaroa, bere ezaugarri fisiko zein psikologiko nabarmenekin. Gaztea baldar eta galdua sentitzen da bizitza-etapa horretan, jakina. Zientzia eta kultura ongi informatuak daude nerabeek gorputz, hormona, harreman eta identitateetan jasaten dituzten aldaketa fisiko eta psikologikoei buruz eta sintomak garapen normalean kokatzen dira, patologiaren zantzua ezarri gabe.

Ez da, haatik, berdin hartzen ama bilakatzeko trantsizioan dauden emakumeek izaten duten erabateko aldaketa. Tabuak indartsu dirau oraindik ere: haurdunaldiak zorionekoa izan behar du, erditzea berehala ahanzten da zaila izan bada, eta betiko gogoratzen idealki gertatu bada, eta sortu berriarekin harremana berehalakoa da, maitasuna instintiboa. Hots, ama bihurtzearekin betetasuna eta zoriona berez doaz.

Marko horretan sartzen ez den emakumerik badago, bistan da, eta uste baino gehiago. Duela guti arte, haurdunaldia edo amatasuna gaizki bizi zuena isildu egiten zen, eta, ondoeza eramateaz gain, hobendun sentitzen zen, ama ona izatera iritsi ezinik.

Azken hamarkadetan emakumeak hitza askatzen hasi dira, eta parean medikuntzak erantzun behar izan du. Horrela sortu zen erditze osteko depresioa deituriko gaitza, errealitatean amen %15 baino hunkitzen ez duena. Ondorioz, depresio sakonean egon gabe marko idealizatuan sartzen ez den emakumeak erditze osteko depresioa duen galdetzen dio bere buruari. Testigantzetan beti antzeko elementuak aipatzen dituzte ama berriek: haurtxoa maite dute, baina ez dute espero zuten maitasun azkar hori sentitzen, ez dute haurdunaldia gozatzen, edo ez dute amatasuna gozatzen, haurra desiratzen zuten ezer baino gehiago, baina hor dagoela ez dira gai sentitzen, aspertuta daude, minduta...

1973an, jadanik, Dana Raphael estatubatuar mediku antropologoak matrescence hitza asmatu zuen (amatze aroa) trantsiziozko garai hori izendatzeko, erditzeak eragiten dituen aldaketa andana azpimarratzeko, fisikoak nola emoziozkoak, besteekiko harremanetan eta norberaren nortasunean eragiten dutenak. Ondoez horiek naturalak dira, eta ez dute eritasun berezirik gordetzen, gorputzaren eraldaketa eta hormona-aldaketak pertsona bat emozionalki nola sentitzen den eta munduan nola kokatzen den erakusten baitute. Nerabezaroa bezala, amatze aroa ez da gaixotasuna, baina ohiko hiztegian ez dagoenez, kezka eta estimu galtzea eragiten ditu.

Maitasun anitz dago amatze aroan. Oxitozina hormona amaren gorputzean barna jauzika ari denez, haurtxoarekiko lotura sendotzen dihardu. Baina aldi berean emakumearen garunak eta gorputzak bere burua zaintzeko ohiko seinaleak igortzen jarraitzen dute: lo egin, jan, komunera joan, kirola egin, sozializatu, bizitza profesionala, espirituala eta intelektuala izan, eta harremana elikatu. Ama berri asko, tiratze eta bultzaden erdian balira bezala sentitzen dira, emozioen arteko borroka baten erdian, aurre egiten saiatzen diren bitartean.

Dana Raphaelen ekarpenak ez zuen bere garaian oihartzun handirik ukan, baina badirudi amatze aroa egungo emakumeei lagungarri gerta dakiekeela.

Aurélie Athan, Columbiako Unibertsitatean psikologia irakasle denaren arabera, gehiengo isila entzutea da kontua, espektroaren muturretan kokatzen ez dena hots.

Horrek ama gazteak ditu kontuan hartzen, ez daudenak ez depresio klinikoan ezta %100 amatasun berria gozatzen ari ere. «Amak banatzen dituen maitasun edo gorrotozko istorio baten aukeraketa behartuari amaiera emateko erantzukizuna dugu».

Amarengan zentratu, beraz, hor dago gakoa, erditzean medikuntzaren arreta osoa haurrak baitu hartzen, amak berak ere oxitozinaren bitartez indar, denbora eta pentsamendu guztiak hain meneko duen niniari eskaintzen dizkiolarik. Amatze aroa garai normala dela jakiteak amaren beharrari erantzunen ote dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.