Ezohikora ohituz

Gernikak eta IDK-k bihar ekingo diote ligari. Araskik gaur zuen lehen neurketa, baina taldean bi koronabirus kasu posible azaldu direnez, ezingo du sasoia hasi. Hiru taldeak lehiatzen hasteko irrikaz daude.

Iragan sasoian IDK-k eta Gernikak jokatutako derbia. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Beste kirol eta txapelketa askotan gertatu bezala, COVID-19ak markatuko du saskibaloiko Espainiako Ohorezko Maila. Egoera horretan, ezustea ematen saiatuko dira bertan lehiatzen diren hiru euskal taldeak. Teknikariak baikor daude.

AZU MUGURUZA IDK Euskotreneko entrenatzailea

«Aurreko sasoian baino talde osoagoa eta sendoagoa dugu»

Baikor eta ilusioz ekingo dio sasoiari Azu Muguruza IDK Euskotreneko entrenatzaileak. «Gogo handiz gaude hasteko, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu dena ondo irten dadin. Nahiz eta arriskua beti hor dagoen, ahalik eta normaltasun handienaz jardun behar dugu». Aurreko sasoia gogorra izan zen IDKrentzat. Taldea ohituta zegoen ligak ondo hastera, baina iragan denboraldian, lehen bost jardunaldietan ez zuen garaipen bakar bat ere poltsikoratu. Gainera, lehietako asko alde gutxigatik galdu zituen. «Sasoi honetan halakorik ez gertatzea nahi dugu, eta ahalik eta azkarren hasi garaipenak pilatzen. Horrek lasaitasuna emango digu».

Denboraldi-aurrean taldeak «ondo» lehiatu duela berretsi du Muguruzak. Besteak beste, Euskal Kopako finalera ailegatu zen, finalerdietan Araski kanpoan utzita. Aurreko denboraldiko taldearekin alderatuz, urrats bat egin dutela ematen du. «Talde osatuagoa eta orekatuagoa dugu. Batez ere ahalmen fisikoan irabazi dugu. Hori falta izan zitzaigun aurreko sasoian. Hala, lehiakorragoak eta indartsuagoak gara, eta partidan sartuago gaude. Buruz ere indartsuago ikusten dut taldea». Berak ezarri nahi duen jokorako hori funtsezkoa dela uste du. «Gainera, sasoi hasieratik osatu ahal izan dugu nahi genuen taldea, eta horrek asko lagundu digu. Lasaitasun handia eman digu, eta bai jokalariak baita entrenatzaile taldea ere oso pozik gaude». Jokatzeko eran aldaketak izango direla onartu du. «Ditugun jokalarien ezaugarriak desberdinak dira. Joko fisikoagoa egin ahal izango dugu, batez ere».

Lehen aurkaria Embutidos Pajariel izango dute, bihar. «Talde gaztea da, baina talentu handikoa eta saskiratzeko ahalmen handia duena. Defentsan ondo aritu beharko dugu, eta pazientziaz jokatu». Sasoi honetako helburua zein den argi du: Espainiako Koparako sailkatzea. «Berdintasun handia izango da, baina uste dut taldeak gaitasuna duela horretarako. Hala izanda, horretarako borrokatuko gara. Handizaleak izan behar dugu».

MARIO LOPEZ Lointek Gernikako entrenatzailea

«Gustura nago taldea izaten ari den bilakaerarekin»

Lointek Gernikak iragan asteburuan jokatu zuen denboraldiko lehen txapelketa ofiziala: Espainiako Superkopa. Txapeldunorde geratu zen, finalean Perfumerias Avenidaren kontra galdu ostean: 50-66. Superkopatik harago, gogoz daude astebururo lehiatzen hasteko. «Espero dugu ahal den heinean hala izatea. Kluba oso ondo zaintzen ari zaigu, eta erraztasun guztiak ematen ari zaigu protokoloak ondo betetzeko eta arriskuak gutxitzeko».

Denboraldi-aurreaz ondorengo hausnarketa egin du: «Oraindik ez gaude gure mailarik onenean, ez fisikoki, ezta joko aldetik ere. Egokituago egotea espero nuen». Baina baikor dago. «Gustura nago taldea izaten ari den bilakaerarekin».

Bost fitxaketa egin ditu taldeak. Lopez gustura dago osatutako taldearekin. «Nortasuna eta kanpoko jaurtiketa fitxatu ditugu batez ere. Pixkanaka berriak hasi dira erakusten haiengandik espero genuena. Ziurrenik, Colhado eta Bjorklund dira erritmoa hartzea gehien kostatzen ari zaiena, baina asko emango digutela uste dut». Aurreko sasoian, taldea goiko postuetan ibili zen ligan, eta Eurokopan ere inoiz baino urrutiago ailegatu ziren. Lopezek maiz nabarmendu zuen horretarako gakoa talde jokoa eta batasuna zirela. «Bakarkako jokaldietan trebeak diren jokalariak ditugu, eta batasun eta talde joko hori lortzen badugu, uste dut gauza oso onak egin ditzakegula».

Superkopan taldea ondo ikusi zuen. «Espero baino hobeto lehiatu ginen. Hutsune nagusiak bi izan ziren; batetik, erasoan ohi baino puntu dezente gutxiago sartu genituen; bestetik, 13-14 puntuko pare bat partzial jaso genituen. Hori ezin zaigu gertatu». Valentzia izan zuten aurkari Superkopako finalerdietan, bihar izango duten aurkaria. Lopezek ez du uste antzekotasun handirik izango duenik lehiak. «Alde batetik, haien pabiloian jokatuko dugulako, eta bestetik, guk ere zortzi orduko bidaia egin beharko dugulako autobusez. Gainera, ziur nago haiek mendeku gogoz egongo direla». Ligan ez du helburu zehatzik jarri nahi: «Ahalik eta ondoen jokatzea izango da gure lehen helburua. Oso liga hasiera gogorra dugu, batez ere etxetik kanpo».

Urtarrilera arte ez dira Europan lehiatzen hasiko. Horrek «alde onak eta txarrak» dituela uste du Lopezek. «Alde batetik, Ligako partidak lasaiago prestatzen lagunduko digu, eta bidaietako nekea ez pilatzen. Baina, bestalde, Europan jokatzea pizgarri bat da, eta ligan lehiakorrago izaten laguntzen dizu».

MADELEN URIETA Kutxabank Araskiko entrenatzailea

«Bagenekien hau gerta zitekeela»

Araski zen euskal taldeen artean lehenbizi lehiatu behar zuena. Gaur zen jokatzekoa Al Qazeresen kontra. Baina taldean izandako bi koronabirus kasu tarteko,ezinezkoa izan da. «Bagenekien hori pasa zitekeela», azaldu du Madelen Urieta entrenatzaileak. Gaurko espero dituzte bi positibo horien bigarren PCR proben emaitzak. «Positibo badira, denei egin beharko dizkigute probak.Eta horien emaitzen arabera, entrenatzera itzuli ahal izango gara». Gogotsu zeuden sasoiari ekiteko. «Kopako finalerdia izan zen jokatu genuen azken partida, eta hain aho zapore ona utzi zigun, itzultzeko irrikaz geundela. Denbora asko izan da lehiatu gabe».

Osatutako taldearekin «oso gustura» dago. Ana Cruzen eta Tamara Abalderen fitxaketak nabarmendu behar dira. «Oso azkar eta erraz egokitzen ari dira, liga primeran ezagutzen dute, eta oso jokalari langileak dira egunerokoan». Cruzen eta Abalde izen handiko jokalariak dira. «Alde horretatik, taldeak salto bat eman du. Baina kantxan erakutsi behar dugu. Taldeak eta jokoak irabazten dituzte partidak. Gainera, beste talde guztiak ondo indartu dira».

Argi du zer den taldetik gehien gustatzen zaiona: «Eskarmentua duen taldea izan arren, hobetzeko eta hazteko tarte handia dugula. Niri beti gustatzen zait jokalari bakoitzaren onena ateratzea, eta uste dut kasu honetan horretarako aukera asko ditudala». Aurreko sasoian bezain joko alaia egiten ahaleginduko dira, eta ohiko sendotasunari eusten defentsan.«Izan gaitezkeen talderik onena izatea nahi dut. Liga parekatua eta polita espero dut, ezuste askokoa. Goiko postuetan borroka handia izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.