Albistea entzun

Gerra ondoko eguzki izpi

36ko gerraren ostean Hego Euskal Herrian argitaratu zuten euskarazko lehen liburuaren egilea. Poeta abituduna. Herri garaituaren kantaria. Salbatore Mitxelena. Gaur 100 urte jaio zen.
BIDEGILEAK BILDUMA / BESTEAK Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko urtarrilak 18

Izotz-ondoko eguzki,/ neguaren parre:/ olerkariak noizpait/ iri goratzarre./ Emeki duk itxaroz/ piztu garai-larre:/ udaberri-lamiak/ larreon batzarre». Xabier Lizardik bertsook idatzi zituenean, diktadura ondoko eguzkipean kraskatu berria zen Miguel Primo de Rivera militar espainiarrak gidatutako diktaduraren horma. Aurreko urtean loratua zen Euskaltzaleak kultur elkartea, eta Lizardik maila bat igo zuen euskal poesiaren langa, Lauaxetarekin eta Orixerekin batera. Gazte hil zen Lizardi, baina, 1933an, gaitzak jota. 1937ko uda estreinatu berrian hil zuten frankistek Lauaxeta, Gasteizko hilerriko hormaren kontra, tiroka. Negu luzea, izotz aroa ezarri zuten militarrek atzera. Eta hara non Salbatore Mitxelenak, 1938an, idatzi zuen: «Gorputz dago gudaria/ Urkiolako maldan/ esaidazu artzai horrek/ Lauaxeta ez al dan».

Gaur 100 urte jaio zen Mitxelena. Zarautzen (Gipuzkoa), Lizardi bezala; olerkari, Lizardi bezala. 11 urterekin eraman zuen amak, eskutik helduta, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) frantziskotarren santutegira. Hiru urte egin zituen han ikasten, eta beste bi Foruan (Bizkaia). Azken ikastegi horretan hasi ei zen olerkiak idazten.

1935ean jantzi zuen frantziskotarren abitua, eta 1943an abadetu zen. Tarte horretan, 36ko gerrak harrapatu zuen, Erriberrin (Nafarroa) ikasle zegoela. 17 urte zituen artean, Francoren aldeko tropekin gerra egitera eraman zutenean. Ia hiru urte egin zituen fronterik fronte. Orduko ibilerek betiko markatu zuten. Gerra ondoko izozteak, zeresanik ez. «Iltzen doakigu Aberria. Euskalerrik gaurdaño zerakuzkian enderritasunak mara-mara urritzen doazkigu, maxkaltzen, aitzen. [...] Orixe dezu, bada, nere olerki eresia: Aberri ilzoriak daridan miña», idatzi zuen Erriberrin. Lizardiren poemako izotz ondoko eguzki izpi bilakatzear zen Mitxelena poeta.

Ez alferrik, gerra ostean Hego Euskal Herrian argitaratu zen euskarazko lehen lan literarioak Mitxelena du egile: Arantzazu euskal poema (1949). Segidan etorri ziren Ama-semeak Arantzazuko kondairan (1951), Ogei kanta Arantzazuko (1952), Arraun ta amets (1955), Bizi nai (1955) eta Unamuno ta Abendats (1955) lanak. Azken hori saiakera gisa argitaratu bazuen ere, Juan San Martinen arabera, lehen bertsioa bertsotan idatzi zuen. Jokin Zaitegiren eskutik ezagutu ei zuen San Martinek bertsozko bertsio hura, Unamuno ta gu izenez: «Bertso librez, gure artean lehenengoetako poema bat zen». Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k 1966an zioenez, Mitxelenaren hura litzateke «gailen» ordura arteko euskal saiakeren artean: «Liburu gutxi dago euskeraz Unamuno ta Abendats deritzana baino irakurgarriagorik».

Ahanztura, oroitzapenak

Gaur mende bete jaio, eta 1965eko abenduaren 28an hil zen Mitxelena. 1970ean, Jakin sortako ale bat eskaini zioten. «Eskuko behatzekin kontatzeko haina apartaturik, bera izan zen gazte berrientzat gure literaturaren erlojua martxan ipini zuenetako bat», aitortu zion Juan San Martinek bertan. Joxe Azurmendik, berriz, gerra osteko Prometeo izendatu zuen: «Hi izan haiz, halabehar itsuari begietan begiratuz, errebelatu haizen bat, gutxiegitako bat. 'Wer rette vom Tode mich, von Sklaverei?', Goethe-ren Prometeu-k bezala galdetu duen bat. Hik esan duk: aberriak min dit, eta miñak olerki. Esan duk: gaur negar dariogunak kanta dezagula bihar. Hik egin duk negar negarrez ari zan herriarekin eta hik kanta diok Lazaro-ren berpizkundea. Hik kantatu duk, apenas heuk sinistu ahal huan esperantzarekin».

Idazlearen Lan guztiak bi liburukitan eman zituzten, 1977an eta 1984an, hurrenez hurren. Karmelo Iturriak eta Jose Antonio Gandariasek koordinatu zuten antologia hori. Imanol Unzurrunzagak, berriz, Mitxelenaren biografia idatzi zuen Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak sailerako, 2002an. Umetatik ezagutu eta estimatu zuen olerkaria: «Salbatorek nik baino hamabost urte gehiago zituen. Oso laguna zen gure aitarena. Aita Patxi Unzurrunzaga genuen, Itxaropena editorialekoa, zarauztarra, eta hark argitaratu zizkion Arantzazu, euskal poema [1949], Ama-semeak Arantzazuko kondairan saiakera [1951] eta beste. Oso interesgarria du Unamuno ta Abendats. Hor agertzen dira, gehienbat, Salbatoreren izaera eta berezitasuna».

Lehenik Zarautzen eta aitarekin ezagutu zuena Arantzazuko seminarioan aurkitu zuen Unzurrunzagak, bera ere hara ikasle joan zenean. «Salbatore gizon moderno bat zen. Bere irudipenak eta oroitzapenak zituen, eta izaera bizikoa, oso bizkorra, karakter handikoa zen». Karakter horrek arazo ugari ekarri zizkion Francoren alde zeuden Eliza katolikoko Espainiako hierarkekin. Ameriketara misiolari joan nahi izateraino. Halaxe ibili zen, 1954tik 1962ra bitartean, Uruguai, Bolivia, Ekuador, Peru, Kolonbia, Kuba, Panama, El Salvador eta Costa Rican. Ameriketatik, Suitzara bidali zuten, La Chaux-de-Fondsera, espainiar langileen kapilau lanak egitera. Bakar-bakarrik bizi zen han, etxebizitza batean. Unzurrunzagak hainbatetan ordezkatu zuen Mitxelena hango lanetan, eta idazlearen barne borroken lekuko izan zen egonaldiotan: «Salbatorek bere bizitza kuestionatzen zuen, barrutik, eta, nire ustez, ez zegoen konforme gauza askorekin, ez bere egitekoarekin, ez bere bizitzarekin, ez bere bokazioarekin. Asko hitz egiten genuen umetan Arantzazura behartuta eraman izan gintuztenekoaz. Asko hitz egin genuen horretaz». Suitzan. Han hil zen gerra ondoko eguzki printza izan zen euskal olerkaria, 47 urte betetzear zela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Cat Power, azken diskoaren promozio argazki batean. ©MARIO SORRENTI

Bizitza bat bertsioetan

Alex Uriarte Atxikallende

Cat Powerrek 'Covers' albuma plazaratu du. Bere ibilbide musikalean funtsezkoak izandako 11 egileren kantuen bertsioak egin ditu, eta 'Hate' izeneko bere abestia berrinterpretatu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.