mikel elorza
ARKUPEAN

Estresarenak

2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Valium berdea: Espainiako Estatuak egunotan plazaratutako azken erremedioa koronabirusaren aurkako borrokan, borroka latz bezain diziplinarteko horretan, non etsaiaren erreplikatze gaitasuna Covid-19arena baino handiagoa den, eta Estatua bera dagoen jo-puntuan. Estres soziala deitu diotenaren kulpantea. Guardia Zibilaren buruak esan du, krisi-kabinetearen teleprentsaurrekoetan ageri den papar dominadun horietako batek. Botika zaharra da berez orlegia, gaitza ere halakoa delako, baina bertsio digitala dakarkigute. Penintsula osoko web, facebook, txio etablogetan ari da gerra gertatzen, eta denetan dago borrokatu beharra. Eta estres soziala sortzen duten gezur, fake, kritika eta disidentzia ororen jazarpen estuan dabil trikornioen kuadrillako informazio atala, estres sozialari aurre egiteko valium berdea injektatzen.

Errepresio eta autoritarismoaren bideak askoz sotilagoak ei dira XXI.ean. Sableak mahai gainera atera behar izan gabe, herritarrak barneratu egiten ditu eta ontzat eman kontrol eta zaintza mekanismoak mobiletan, lan antolamenduan, eskoletan, telebistako serieetan, kasik ametsetan ere... Hor nahi gaituzte: diktadura ezarri beharrik egon ez dadin, herritarrek eurek otzan sustenga dezatela sistema itxi eta erabat kontrolatua, non kapitala izango den libre ibili ahalko den bakarra. Estrata horretatik garamatzate, baina Espainia zaharrari, inoizko gobernari gazteenak dituen aroan, rh berde partikularra jalgi zaio: Guardia Zibila bazterrak garbitzen, mangeraz número-ak, eta ordenagailuz uniforme gabekoak, birusak akabatzen. Koronabirusak eta, bide batez, Estatuaren gorputzari eraso egin diezaioketen beste guztiak. España, una, grande y desinfectada.

Baina ez dira estres-mota bereziren bat detektatu duten bakarrak.

Eusko Jaurlaritzan ere, Lanbideren sareko gunea kolapsatu zitzaielarik, «webguneen estresa» aipatu zuten arduradunek. Kasu honetan, ordea, ez dakit antsiolitikoei zein adjektibo jarriko niekeen (gorri ez, jakina, ertzainek ere isun-koadernoa solte izan arren). Basque lasaigarria? Orfidal forala? Ez da erraza lehendakaria bera Robert Musilen parafraseatze bat izan daitekeenean, «adjektiborik gabeko gizona».

Eta nik neuk ere kausitu dut estres tipo bat, udaltzain gerri arinen performanceek ere baretzen ez dutena: tele-eskolako estresa. Milaka ikasle eta irakasle jasaten ari dena, ikasturtea normal antza bukatu behar porrokatu batean. Baliabideak dituztenen eta ez dituztenen arteko arrakalaz gain, etxeko egoera lehendik ere alarmakoaz duten ikasleen ezinaz gain, doi bat eroa iruditzen zait haur eta nerabeak —eta haien irakasleak— edukitzea ordenadore bidez curriculumak bete eta betearazten eta oztopo ororen gainetik ebaluatu beharreko tema horretan. Etorkizunean hezkuntza tele egiten ikasi behar badugu, normaltasunez, bada ikasiko dugu pixkanaka, baina ez gaitezen zoratu. Barkatuko didate nik baino gehiago dakiten adituek, eta batez ere irakasle eta gurasoek, baina uste dut ez zaiela deus askorik gertatuko bi hilabetez ikasketa akademikoak jaso gabe egonda. Probetxuzko etorkizuna erdietsiko dute, bestela ere erdietsiko luketenek, hemendik eta uda bitartean eduki mardulak google classroom edo meet bitartez estuki landu gabe. Ezer egin gabe egon daitezela ez dut aldeztuko, baina izango da, izango ahal da, lanik eta zereginik eta modurik eta antolamendurik ebaluazio, eduki akademiko eta curriculum hertsietatik aparte. Aurrera aterako dira, seguru. Eta ez dadila izan behintzat gure seme-alabak hainbat orduz desokupatuta eduki eta imajinatzeak hainbat gurasori sortzen dion frustrazioaren ordaina.

Eskolaren egiteko nagusietako bat, gainera, pertsonaren basatia bezatzea, mugak eta arauak errespetatzen ikastea... hori aise ikas dezakete asteotan. Albistegi pare bat ikustea nahikoa.

Barbiturikoetan aurreztuko dugu maskaretan gastatzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.