Igor Zubeldia. Realeko jokalaria

«Lehenbizi, irabazi egin behar dugu, eta gero gerokoak»

Sasoi amaiera egokia egiten ari da Reala, eta zazpigarren postuari begira ekingo dio azken jardunaldiari. Igor Zubeldiak dio urtea «boladaka» igaro dela. Datorren sasoian Anoetan hobeto aritzeko nahia azaleratu du.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2019ko maiatzak 18

Igor Zubeldiak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997) gogoan du duela bi urte gaurko antzeko egoeran iritsi zela Reala azken jardunaldira. Orduan, Europarako sailkatu ziren txuri-urdinak, eta hori lortu nahi du berriro gaur arratsaldean.

Europarako postuetarako sailkatzeko aukerarekin iritsi zarete azken jardunaldira. Nola planteatzen duzue gaur arratsaldeko neurketa?

Gogotsu gaude neurketa iristeko. Badakigu lehen begiratuan zaila izango dela eta sailkatzea ez dagoela gure esku, nahiz eta aukerak hor dauden. Halere, aukera handi bat da guretzat; edozer gerta liteke, eta larunbat polit bat izan liteke. Lehendabizi, irabazi egin behar dugu, eta gero, gerokoak.

Arerio zaila duzue horretarako. Espanyol zuen egoera berean dago: Europarako sailka daiteke, eta hari ere irabazteak soilik balio dio. Lehia estutu egingo du horrek.

Hori da. Puntu kopuru berarekin daude. Partida oso zaila izango da. Talde antzekoa da joko aldetik ere, eta ez dugu zalantzarik neurketa zaila izango dela. Guk gure lana egiten badugu, hiru puntuak eskuratzeko aukera nahikoa izango dugu.

Urte ona egiten ari da Espanyol. Zer arrisku ikusten dizkiozu?

Barrutik oso jokalari azkarrak dituela, barruko jokoa asko bilatzen duela. Uste dut hor argi ibili beharko dugula.

Zazpigarren postua lortzeko modurik eraginkorrena besteez ahaztu eta zuen lana aurrera ateratzen kontzentratzea da?

Poz handia litzateke zazpigarren sailkatzea. Duela bi urteko aukera berak ditugu. Orduan, sailkatu egin ginen. Berriro gertatzen bada, denontzat hobe. Bestela ere, gu neurketa on bat egitera joango gara, zaleak gustura uztera; lehenik eta behin, hori.

Zuk esana da apirilean: «Azken jardunaldira arte lehiatuko gara Europan sartzeko». Zuen aukeretan sinesten zenuten?

Zalantzarik gabe. Bolada batean, Vila-realen aurka galdu genuenean-eta, jendeak ez zuen aukeretan sinesten, baina jokalariok ez dugu etsi amaierara arte. Borrokan aritu gara, eta errealitatea hori da. Azkenengo jardunaldian erabakiko da zer gertatuko den.

Bolada txar hori irauli, eta azken hiru partidak irabazi egin dituzue. Zer pasatu da aldaketa hori gertatzeko?

Zer pasatu den? Ez dakit. Azkenean, futbola garaiak dira: batzuetan, ondo ari zara, eta beste batzuetan, gaizki. Denoi gustatzen zaigu beti ondo aritzea, baina, egoera txarrak daudenean, horiek irauli nahi izaten dugu, eta lortu dugu. Nahiz eta oraindik epearen barruan gauden, egia da berandu samar dela, baina aukerak badaude. Bukaera polita egiten ari gara, jarraian hiru garaipen lortuta. Ea laugarrena ere iristen den.

Gehiago eutsi ez izanaren sentipena izan duzue?

Gure sentipenek baino gehiago, emaitzek diote hori. Azkenean, hainbat partida segidan galtzen dituzunean, eragina du animoan. Hala ere, gu buruz gogor mantendu izan gara, eta horren emaitza da egin dugun sasoi amaiera.

Etxean ez zarete nahi bezain fin aritu. Faltan bota duzue Anoetan sendoago ez egotea?

Bai, baliteke. Ez dakit zergatik, baina kanpoan hobeto aritu gara etxean baino. Ea hurrengo urtean hori aldatzen den. Ez dakit zergatik izan den; esan ahal dudan bakarra da zaleei eskerrak eman behar dizkiegula azken partida hauetan ez ezik sasoi guztian zehar ere eman diguten babesarengatik, eta datorren urtean etxean hobeto erantzun nahi dugula.

Sasoi gorabeheratsuaren ostean, zazpigarren geratzeak denboraldia edertuko luke?

Izan liteke. Halere, esango nuke boladaka joan dela sasoi hau. Batzuk okerragoak izan dira; oraingo hau oso ona da... Zazpigarren izateak denboraldia txukundu dezakeen? Jarraitu ez gaituenak esango du sasoi ona egin dugula zazpigarren geratuta. Jarraitu gaituenak, ordea, badaki zer gertatu den. Orduan, zazpigarren geratzen bagara, ondo; baina, bestela ere, itxura ona eman, hobeto bukatu, eta ea hurrengo sasoia hobeto hasten dugun.

Azken partidetan, harrobiko jokalari gehiago aritu dira, eta taldea ondo ari da. Hori da Realaren indargunea?

Betidanik izan da. Sasoi honetan ere erakutsi dugu harrobian sinesten dugula, eta etxeko jende gaztea izan nahi dugula. Denboraldi honetan ere harrobiko bederatzi jokalarik egin dute estreinakoa, eta, zorionez, haietako batzuk lehen taldean geratu dira dagoeneko. Harrobiak poztasunak ematen ditu, eta ikusi egiten da hori.

Sasoi honek etorkizuneko Reala finkatzeko balio izan du?

Baietz uste dut, eta ziur naiz bederatzi horiez gain beste batzuk ere taldean ikusiko ditugula laster. Hau da segitu beharreko bidea; etxeko jendearengan sinetsi behar da. Irrikan egoten dira lehen taldera iritsi eta dena emateko, sentitzen duten kluba delako.

Zelai erdian toki finkoa izan duzu ondo egon zarenetan. Gustura zaude egin duzun lanarekin?

Bai. Uste dut aurreko sasoitik hona aurrerapauso bat eman dudala; bai jokoz, bai konfiantza aldetik. Uste dut denboraldi ona egin dudala, baina oraindik gaztea naiz, eta badakit asko geratzen zaidala hobetzeko. Gustura geratu naiz.

Orain arteko onena, ezta?

Bai. Aurreko sasoian jokatzen nuen, baina, askotan, beldurrez-edo, hasiera zelako. Denboraldi honetan, finkatu egin naiz, minutuak izan ditut, bai Asierrekin [Garitano], baita Imanolekin ere [Alguacil]. Eskerrak eman behar dizkiet biei. Konfiantzaz ibili naiz, eta horrek asko lagundu dit.

Gauzak ondo bidean, 21 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatuko duzu udan. Opor gutxi izango dituzu.

Bai; eta izaten baditut, litekeena da taldekideak dagoeneko denboraldi-aurrean hasita egotea. Ez dakit zer gertatuko den. Hor egoteak alde onak eta txarrak ditu; kirol arloan oso ona izan daiteke, baina pertsonalki oporrena ere... Ez dakit joango naizen ere, ikusiko dugu zer gertatzen den.

Joateak eta han lan on bat egiteak merkatuan koka zaitzake? Zure taldekideren batekin gertatu zen.

Ez dut horretan pentsatzen. Lehenik eta behin, deitu egin behar didate, eta, gero, jokatu egin behar dut. Oso maila ona dago [Espainiako] selekzioan; aukerak ere zailak izango dira, eta jokatzen badut ere... Mundurako erakusleiho bat da, eta, lan ona eginez gero, gerta liteke beste lekuetako jendeen begiak azaltzea. Baina berriro esango dut: ez dut horretan pentsatzen.

Euskal selekzioa ere ariko da hilaren 28an. Ezingo zinateke joan.

Ez dut oraindik jokatu euskal selekzio nagusiarekin. Gustatuko litzaidake, baina zain egon behar dugu.

Realeko emakumezkoen taldeak Espainiako Kopa irabazi du. Nola bizi izan duzue?

Oso pozik. Etxean ikusi nuen. Hasiera ikusita, uste nuen oso zaila izango zutela, baina Realaren lehen golak partida aldatu zuen. Finalean bakarrik ez, urte osoan egin dute lan ona. Merezita lortu dute.

Zuentzat ere ederra litzateke halako zerbait lortzea, ezta?

Oraintxe bertan ordainduko nuke halako zerbaitengatik. Baina uste dut neskek bezala lan asko egin beharko genukeela, eta ea datorren sasoian gertatzen den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Zaharretik eta berritik

Aitor Manterola

Aste eta erdian, Marcelinok ez du astirik izan nahi duen jokatzeko era guztiz ezartzeko, baina zantzu batzuk erakutsi ditu Athleticek. Beste batzuk lehengoak dira: Gaizka Garitanoren ereduko hainbat ezaugarri.
Abelardo Fernandez, Alavesek eta Leganesek 2019ko apirilean Mendizorrotzan jokatutako partidan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Aurrez egindakoaren uberan

Eñaut Agirrebengoa

Aurreneko aroan lortu zuena eredu izanda, Abelardok bigarren aldia hasiko du gaur Alavesekin, Almerian, Kopan. Abiapuntua ezberdina den arren, formula berbera ezartzen ahaleginduko da.
IDK-ko eta Araskiko jokalariak lehen itzuliko norgehiagokan, Gaska kiroldegian. ©IDK

Irabazi behar diren horietakoa

Ainara Arratibel Gascon

Araskik eta IDK-k derbia jokatuko dute bihar. Arabarrak eta gipuzkoarrak aurkari zuzenak dira Ligako kanporaketetarako borrokan. Lehen itzulian IDK nagusitu zen, Gaskan
K2 mendia, beheko kanpalekutik. ©Iñaxio Lopez de Arana Arrieta

K2an neguan inoiz iritsitako lekurik garaienera heldu dira lau xerpa

Berria

Pakistango iluntzean saiatuko dira hamar mendizale K2ko tontorrera igotzen. Gora iritsiko balira, mugarri bat ezarriko dute himalaismoan: neguan oraindik gizakirik iritsi ez den K2 mendira igotzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.