KRITIKA. Gasteizko 43. Jazzaldia

Historia bizia

The Golden Gate Quarteten emanaldia, herenegun gauean, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun

The Golden Gate Quartet

Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 16.

Aurtengo Jazzaldiaren hasierak ibilbide profesional handiko musikariak aurkeztu ditu. Benny Golson trebearen ostean, duela 85 urte Virginian (AEB) sortutako The Golden Gate Quartet laukote espiritualaren emanaldia Amerikako musika beltzaren historiaren etsenplua izan zen atzo, Mendizorrotzan. Taldekideak aldatu dira urteetan, baina egungo abeslariek (Paul Brembly baritonoa, Frank Davis lehen tenorra, Michael Robinson bigarren tenorra eta Terry Franc?ois baxua) musikarekiko seriotasun eta energia paregabeak erakutsi zituzten. Paul Bremblyk, taldeko liderrak, etengabe egin zion publizitatea kontzertuan zehar atera duten azken diskoari, Music Is ? ? ? izenekoari. Eskola zaharreko taldea dela ere nabaritu zen, baritonoak gogor kritikatu baitzuen ikusleek mugikorrei emandako erabilera.

Kontzertua arrazakeriaren eta AEBetako administrazioaren diskriminazioaren aurkako mezuz beteta egon zen; Change konposizioa da horren adibide, esaterako. Bremblyk argi utzi zuen The Golden Gate Quartet ez dela berez gospel talde bat, gehiengoak pentsatzen duen bezala. Lehenik eta behin, beste musika estilo asko (gospel, jazz, Rock & Roll, Rhythm & Blues...) sortu zituen kanta estiloa da talde honen arloa: espiritual beltza. Abestutako konposizioetan, erlijio gaia nagusi zen. Down by the Riverside, Let Us Cheer the Weary Traveler eta Jesus He Loves You kantekin, AEBetako elizetako gospel soinua ekarri zuten Gasteizera. Hala ere, badago modua gospel musika berritzeko eta jazz jaialdietara egokitzeko, baina astearte gauean ez zuten lortu. Entzun ahal izan ziren swing eta rockabilly soinuak —Shadrack konposizioan, adibidez—. Emanaldi amaieran, baritono liderrak gitarra hartu eta Jesusekiko debozioa predikatu zuen He Walks and He Talks Like No Other abestiarekin. Azkenean, topikoen topikoa: Oh Happy Day zaharra jo zuten. Zelako sorpresa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.