Geziaren joera aldatu du

Gaizka Garitanok talde galtzaile bat irabazle bihurtu du. Hain zuzen ere, «gain behera» zihoan taldea «berpiztu» izana nabarmendu du Javier Iruretak. Garitanok segitu behar duela dio.

haritz gallastegi
Bilbo
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Athleticen gezia gora begira dago. Hau da, zuri-gorriak bolada onean daude. Talde lan ona, konfiantza eta emaitza onak uztartzen direnean jartzen da gezia gora begira. Jaisteko postuetan zegoen taldea Europara begira jarri da sasoiaren azken txanpan. Lau hilabeteko kontua izan da. Azkar eman dio buelta egoerari. Aldaketa handia izan da. Itxuraldaketa ez da lagun bakar baten kontua. Argi dago. Futbola talde lana da. Baina Gaizka Garitanoren ekarpenak izan duen eragina ukaezina da. Haren aginduetara, jokoan izan diren 45 puntuetatik 29 eskuratu ditu Athleticek. Hau da, batez beste ia bi puntu lortu ditu jardunaldiko.

«Lan bikaina egiten ari da. Taldea gain behera zihoanean hartu zuen. Egun, ordea, ondo dago. Inork espero ez zuen moduan irauli du egoera». Javier Iruretak esana da (Irun, Gipuzkoa, 1948). Irureta ez da edozein. Eskarmentu handiko teknikaria da. Futbola oso ondo ezagutzeaz gain, Athletic ere barru-barrutik ezagutu izan du. Jokalari, teknikari eta kirol zuzendari izan da. Beraz, oso ondo daki nola funtzionatzen duen klubak egunerokoan, eta, era berean, nola pentsatzen duen inguruak. Hain zuzen, Garitanok taldearen gainean duen «ezagutza» izan da arrakastaren giltzetako bat.»Lehen taldea entrenatzeko aukera eman ziotenean, Lezaman ari zen lanean. Ardura hartu zuenerako, jokalari gehienak ezagutzen zituen. Futbolari horiei defentsako lanak duen garrantzia transmititu die. Hortik abiatuta ari da taldea eraikitzen. Ordu arte, hauskorra zen Athletic. Erraztasun handiak ematen zizkien aurkariei».

Iruretak «sendo» ikusten du Athletic. Epe laburrean zituen premiei aurre egin die. Baina, era berean, epe ertainera begira ere «gauza interesgarriak» ikusten ditu. «Talde berri bat eraikitzen ari da. Etorkizunean lehiakor izateko aukera emango duten apustuak ari naiz ikusten». Hari horretatik tiraka, gustuko du Iñaki Williams erdiko aurrelari postuan izaten ari den bilakaera. Uste du Williams erasoko erreferentzia posizioan jokatzeak eskatzen duena barneratzen ari dela. «Asko ari zait gustatzen aurrelari peto-peto gisa ematen ari den maila. Golak sartzea talde gehienei kostatzen zaie, baina Williams asko ari da hazten. Horrez gain, Garitano ari da beste gauza batzuk probatzen».

Horregatik guztiagatik, argi dauka Ibaiganek Garitanoren aldeko apustua egin behar duela. Hala egingo du, gainera, Garitanok talde zuri-gorri entrenatzen jarraituko baitu datorren sasoian. Baina, horren aurretik, azken txanpan denboraldia biribiltzen ahaleginduko da. Europa ligarako sailkatzeko lehian ari da Athletic. Horretarako aukera baduela dio Iruretak, baina zuhurtzia eskatu du. «Garitano eta bere ingurukoak ez dira inozoak. Athleticen aurretik talde indartsuak daude. Hortaz, anbizioa erakusteaz gain, komenigarria da taldea lasai lagatzea. Presio barik gauza hobeak lor daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.