Agustin Arrieta Urtizberea. Pentsalaria eta idazlea

«Deklarazioak, bai, badaude, baina aldatzeko benetako borondaterik ez dago»

Egia-ostearen aurpegia gardentasun osoz agertu da itxialdi garaian, pentsalariaren ustez, eta ez da baikor datorkeenari buruz. Gaitzak jota ere ezer aldatzeko prest ez dagoen gizarte bat dakusa. Oraingoz. EHUko ikasleak ditu gogoan; baita 'iraultza' hitza ere.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Errenteria
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Zaindariak goitik behera zuriz eta laranjaz jantzirik zihoazen, eskularru beltzak, eta kanpoko munduarekiko ikus-harremanetarako saretxo erdi-garden bat zuten begien altueran. Zuriz zihoazenak medikuak edo haien laguntzaileak ziren. Besteek, laranjaz zihoazenek, armak zeramatzaten, eta puntu estrategikoetan kokatuak ziren itsasontzian. Aginduak garbiak ziren. Istiluak hasten baziren, ohar bat eta bakarra eman ziezaieketen parte hartzaileei. Istiluek jarraituz gero, tiro egin, eta gorpuak zorro beltz isolatzaile berezietan sartu. Hala, lantoki erraldoiko labe garaiaren bazka ugaritu egingo zen. (...) Pipiak egurrean nola, halaxe egin zion eraso birus txiki ezezagun batek hiriari. Gainbehera orokor eta ezin azkarragoa ekarri zuen». Agustin Arrieta Urtizberearen (Errenteria, Gipuzkoa, 1962) Irlak ipuineko pasarte bi dira; izen bereko narrazio bilduman argitaratu zuen, 2015ean, Erein etxearekin. Birus batek eragindako izurriteaz ari da bertan.

Pandemia bat heldu da, bada, mundu errealera. 2019ko abenduan hasi zen, eta argitalpen data hori dauka EHUko filosofia irakaslearen orain arteko azken liburuak: Gogoeta-bide irekiak. Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat. EHUk argitaratu dio.

«Globalizazioa eta mugikortasuna mundu honen ezaugarriak dira», diozu zureliburuan. Bi faktoreok ezinbestekoak izan dira COVID-19aren hedapenerako.

Birus bat di-da zabaldu da Txinatik mundura. Orain dela sei urte idatzi nuen Irlak ipuina pandemia batean dago girotuta. Irakurritako gauzak ziren oinarria, nahiko posible ikusten zelako orduan jada. Zientzialariek hala zioten; aurrekariak ere bazeuden. Hori ez da harrigarria izan.

Guk jaso dugu kolpea, lurralde aberatsenetan; lehen aldiz. Hori bai izan da harrigarria. Inork ez zuen sinesten etorriko zitzaigunik, baina. Harrokeria puntu bat egon da hasieran; maila guztietan, goikoen eta geure artean ere bai. Eta agerian geratu da zer sistema ahula daukagun, zeinen gaiztoa den merkatu libre basatiaren eragina... Erori da dena; behin-behinean behintzat. Horrekin bai, horrekin harritu nintzen.

Dena erortzearekin?

Bai. Orain batere garbi ez daukadana da nola aterako garen hemendik, zer-nolako jarrera izango dugun. Azken finean, ematen du kezka direla hondartza, garagardoak, oporrak... Beldurra ematen dit. Hau esperientzia berri bat da, zentzu erradikal batean, eta oso zaila da aurreikustea zer gertatuko den. Nik uste dut oraindik sorpresak egongo direla. Gauza asko esaten dira, baina esperientzia bakar batetik ezin da atera ondorio sendorik.

Jende askok hitz egin du esanez aukera ederra dela hau mundua aldatzeko, eta oxala, baina seinaleak ez dira onak. Niri gustatuko litzaidake, noski, agerian geratu diren gaitz horiek guztiak desagertzea gutxienez, edo samurtzea. Publikotasunaren aldeko jarrera sendo bat agertzea bai hezkuntza mailan, bai osasun sistemaren mailan...

Naturarekiko harremanean ez?

Baita ere. Baina klima aldaketaren berri aspaldi daukagu, aizu, eta mundua ez da aldatu. Eta aldaketa sakonak behar dira. Deklarazio mailan, diskurtsoak klima aldaketaren kontrakoak dira; baita errefuxiatuen alde ere, baina Mediterraneoko hondartzak jendez mukuru daude, eta aurrez aurre jendea itotzen ari da. Orduan, deklarazioak, bai, badaude, baina benetako borondaterik ez dago. Oso iraultzaileak gara denok, gero. Feminismoarekin, berdin. Eta aldaketa ez da etorriko zerutik, goitik, autoritatetik. Eta ez aldatzearen ondorioak latzak izango dira. Inozo ni, uste nuen honelako kolpe batek eragin zezakeela deklarazioetatik borondate batera igarotzea jendea. Ospitaleetan ikusi dugun kaosa, heriotza, ezina, gaitza... Hau pasatzen ari da, eta deskonfinamenduak lehen lerroan jarri dituen kezkak ez dira horiek. Aldaketa klimatikoa ezaxolakeriaren zantzu agerikoa da.

Nola bizi duzu zuk hori guztia?

Nahiko modu desordenatuan, psikologikoki. Baina saiatu naiz gehiegi ez hitz egiten. Batez ere, ikusi dudalako komunikabideetan entzun ditudan diskurtsoek zeinen iraupen laburra zuten. Politikariena ikusgarria izan da niretzat. Negazionismo batetik neurririk gogorrenak eskatzera pasatu dira, eta, gero, deskonfinamendurik azkarrena eskatzera. Zorionez —edo zoritxarrez—, filosofiaren denborak beste batzuk dira. Argi dago halako egoera batean erantzunak eman behar direla, baina ni isilik egoten saiatu naiz, buelta asko ematen, kaos batean sartuta; ohar asko hartzen, gauza harrigarriak azpimarratzen. Harridura fase batean nago oraindik.

Egia-osteaz dezente hitz egiten duzu liburuan. Hanna Arendt dakarzu gogora, egiaren eta jarduera politikoaren artean dagoen harreman gatazkatsuari buruzko haren ekarpena azalduz. Egiaren gotorlekuei —unibertsitatea eta kazetaritza, besteak beste— eutsi beharra nabarmendu zuen Arendtek.

Atzo [ekainaren 3agatik], Espainiako Kongresuan egon zen eztabaida politikoa ikusi nuen pixka bat, eta gogora etorri zitzaidan M-11ko atentatuaren osteko giro terrible hura. Haren pareko gauza gutxi ikusi dut nik politikagintzan: gezurra esatea nahita, jendaurrean agerian geratzea, hauteskunde artean... Eta urteak egon dira horrekin. Orain, bada, M-8ari buruz gauza bera esaten ari dira! Gobernuak bazekiela eta egiten utzi zuela eta beste. Gezur askoren korapilo gune bat da hori, ikaragarri zabaltzen ari dena, eta ematen du hortik etekina ateratzeko esperantza dutela batzuek. Terriblea da egoera. AEBetan Trump ikusten duzunean bezala da, adierazpen zoro horiekin. Berdin Bolsonarorekin Brasilen.

Agintea lortu dute horrela.

Egia-ostearen gainean eraikitako estrategia bat da hori, argi eta garbi, gezur sistematiko bat lantzen, ureztatzen, jorratzen, ongarritzen duena.

Eskola sortzen ari dira, bada.

Bai. Eta horren inguruan mugitzen da kazetari piloa, mugitzen dira boteregune asko eta asko. Eta funtziona dezake. Beraiek itxaropen hori dute.

Testuinguru honetan, gelditu eta pentsatzen hasteko aldarri bat da zure azken lana.

Egiaren alde egiten dut hor. Susan Haack pentsalari feministaren esaldi bat bada, esaten duena egiaren bilaketa oso lan latza eta gogorra dela, eta arrakasta ez dagoela bermatuta. Hori hala dela onartuta, ekin diezaiogun bide horri. Eta horrek eskatzen du lan motel bat, lasaia. Kazetaritza aipatu dugu lehen. Nire inpresioa da kazetaritza bera bilakatu dela fast kazetaritza. Eta politikaren kasua ikaragarria da. Egunero iritzia eman behar dute, denaz, eta eremua markatuz. Horren ondorioak katastrofikoak dira. Baina gure garaia horrelakoa da.

Nire galdera da: nora goaz bide horretatik? Arazo zailen inguruko eztabaidak —justiziari, egiari, zoriontasunari buruzkoak, esaterako— ezin dira pilula batekin ebatzi; lan latza eskatzen dute. Filosofia oso gaizki ezkontzen da munduaren abiadurarekin, munduaren mezuen laburtasunarekin. Twitter gauzarik antifilosofikoena da, alde horretatik. Horregatik guztiagatik, askotan, filosofia kolokan jartzen da.

Nora goaz, bada?

Bolsonarok hezkuntzatik kendu zuen filosofia, boterea eskuratu eta berehala. Argudioa oso sinplea zen, eta ulertzen da: filosofiak ez du etekinik ematen epe laburrean. Eta epe laburraren aroan bizi gara. Hala, hezkuntza sistematik bazterrean ari dira geratzen filosofia eta gertu izan ditzakeen beste diziplinak.

Nik zientzia eta diziplina teknologikoak miresten ditut, beren argi-ilunekin, baina ezin dira baztertu arteari edo humanitateei lotutako diziplinak. Diziplina guztien arteko nolabaiteko elkartasun bat behar dela uste dut, eta elkartasun horretatik bultzatuko diren balioak beste batzuk izango direla. Igual inozokeria da, baina curriculumean txertatu beharreko kontu bat iruditzen zait hori, benetan. Horri uko egiten baldin badiogu, jarrai dezagun bide honetatik. Agian, helmuga eder baterantz goaz, baina, itxura guztien arabera, ez da hala.

Liburuan hizpide duzu, baita ere, zientziaren ekarpena auzitan jartzeko joera, boterearen morroitzat hartuta. Pandemian ere ikusi dugu hori.

Liburuaren barruan dagoen joera bat da esatea: ez hau, ez bestea. Zientziak itzalak ditu, zalantzarik gabe, eta itzal horiek mahai gainean jarri behar dira, baina beldurgarria iruditzen zait ere birusa hortik dabilenik ukatzen duen eta hau guztia enpresa batzuek egindako muntaketa bat dela dioen jendea egotea. Negazionismoa indartsua da.

Ikerketa lan bat egin behar da, egia eskuratzeko asmoz. Gure bizitzan dauden joko asko eta asko, nik ikerketa joko deitzen diedanak —eta ikerketa ez da ulertu behar soilik zentzu zientifiko batean—, ez dira zentzuzkoak egia ez baldin badago hor nonbait. Horregatik bereizten ditut asko fikzioaren jokoa eta egiaren jokoa. Biak dira inportanteak gizakiarentzat, baina, zientziaren eta ikerketa baten kasuan, egia zentrala da, lehengusu dituen objektibotasunarekin, neutraltasunarekin eta besterekin batera. Horiek gabe, partidak ez du zentzurik.

Egiaren eta kontzeptu epistemiko horien aurrean, batzuetan, nik gustuko ez ditudan jarrerak egon dira filosofian; eszeptiko deitzen zaie. Niri ez zait interesatzen jokoa ukatzea; joko hori zertan den ulertu nahi dut. Zertarako ukatuko dut, joko horrek zentzua ematen badio nire bizitzaren zati bati? Filosofiak egin behar duena da joko hori ulertu. Negazionismoa da eszeptizismo horretatik eratorri den kontu bat. «Egiarik ez dago», esaten dizute. Baina gero esaten dizute gezurretan ari zarela, gobernuak iruzurra egin duela. Esaldi horiek zentzuzkoak izan daitezen, beharrezkoa da egiaren orbitako kontzeptuak egotea. Eta badaude kontzeptu horiek ukatu, ahuldu eta aldrebestu dituztenak.

Eskuin muturrean bakarrik ez.

Ez. Esango nuke mugimendu horren hasieran, normalean, ezkerra dagoela, baina eskuinak kapitalizatu duela. Gai honetaz gauza asko ari da argitaratzen egun. Postmoderno batzuek jarrera negazionista dute kontzeptu horien aurrean, eta orain Trumpek erabiltzen ditu. Zuk uste duzu Trumpek badakiela ezer posrmodernismoari buruz? Botere iturri bat ikusi du hor. Publizitatearen estrategia da. Kontua ez da jada gezurretan aritu ala ez; kontua da esatea edozer gauza, interesen arabera. Eta kito. Berdin da zer den egia. Egia-gezurra partidan ez dira sartzen. Muturreko ezaxolakeria da hori, egia-ostearen sintoma beldurgarria.

Galdera zerrenda luzea jasotzen du zure azken lanak. Gertatutakoak gertatuta, galderaren bat aldatuko al zenuke?

Oraingoz, hortxe utziko nituzke. Esperientzia honek, maila honetan behintzat, ez du aldaketarik ekarri. Are, hor aipatzen diren gauza asko eta asko orain zentzuzkoagoak direla esatera ausartuko nintzateke. Liburuan badago borborka mezu ezkor bat munduaren egoerari buruz, eta hori berretsi da. Inpresioa daukat bizi gintezkeela askoz hobeto denok, eta aukerak galtzen ditugula bata bestearen atzetik. Atzo baino okerrago gaude gaur.

Denak hobeto bizitzeko telelana horretarako pagotxa da, zenbaiten ustez. Matrix batean bizi garela idatzia duzu azken lan honetan, eta koronabirusak ordenagailura lotu ditu milaka eta milaka pertsona.

Telelanak baditu onurak, baditu arriskuak. Pertsonalki, badira disfrutatzen ditudan gauza batzuk, eta bat da irakastea. Klaseak telematikoki ematearena luzatzen baldin bada, zuzenekoa kentzen baldin badidate... Ikasleen aurpegiak eta ekarpenak behar ditut; horrela bizi dut irakaskuntza. Testu hauek eta azken urteetako gainontzekoak ikasleei begira egindakoak dira, ikasleengandik sortuak. Hor disfrutatzen dut.

Ikasle batzuk, esaterako, feminista dira jada unibertsitatera datozenerako. Nik askotan esaten diot nire buruari: gu non bizi izan gara orain arte? Ahoa bete iraultza bizi zen belaunaldi batekoa naiz, 1980koa, eta feminismoaren presentzia hutsaren hurrengoa zen. Filosofia ikasi nuenean, logikan espezializatu nintzen, eta Susan Haackena izan zen entzun nuen emakume izen bakarra. Orduan, ikasleen eskutik hasi naiz ezagutzen egile asko. Baita antropologiako irakasleen eskutik ere. Denen artean, nire mundua zabaldu dute. Kezken zerrenda handitu egin zait, eta betiko kezkak beste ikuspuntu batetik aztertu ditut.

Zenbaitetan, pakete berean etortzen dira feminismoa, animalismoa, beganismoa eta beste hainbat ismo, eta niri gustatzen zait bisturia hartu eta bereizketak egitea. Liburu hau bisturi ariketa bat da, askotan. Ikasleek ekarri didate hori guztia. Galdera asko ekarri dizkidate, batez ere.

Laikotasunaren aldeko aldarria ere ikasleek ekarri ote dizute?

Ez. Beste gaietan ez bezala, abiapuntua pixka bat pertsonala izan da hor. Eskola erlijioso batean ikasia naiz, eta horrek markatu egiten du bat. Nahiko konbentzituta nago erlijioak Euskal Herrian botere izugarria daukala, eta ez duela merezi. Erlijioak ez dio inolako ekarpenik egiten hezkuntza sistemari, doktrina gisa. Oso arriskutsua da, eta eragiteko azkeneko txokoa Balioak ikasgaia du. Balioen monopolioa berenganatu nahi dute. Horregatik, liburuaren azkeneko partean balioen auzia zentrala da. Laikotasunaren aldeko apustua egiten dut. Doktrina batek ezin du balioen auzia bideratu. Balioen gaineko hezkuntza oso konplexua da, eta filosofiaren ekarpena aldarrikatzen dut hor. Balioek lagundu behar dute gizartea hobetzen.

Zeintzuk dira oraintxe bertan buruan dauzkazun galderak?

Iraultza hitza daukat buruan, batez ere. Hanna Arendten testu bat ari naiz irakurtzen: Sobre la revolución [On Revolution, 1963]. Iraultzen historia bat da.

Historiaren izaeraz ere gogoetan ari naiz. Badago jende asko pentsatzen duena historia ez dela zientziaren zakuan sartu behar, eta ni baiezkoan nago.

Azkenik, Filosofiarako sarrerabat izeneko lan bat idatzi nuen bere garaian, eta bost atal idatzi ditut orain, filosofiaren atal nagusietara egile feminista batzuek egindako ekarpen ikaragarriari buruz. Hor murgilduta egon naiz konfinamendu honetan. Jauzika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.