KRITIKA. Musika

Gaurkoa, lagun hurkoa

Arkaitz Mendoza.
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Lawrence Foster. Biolina: Simone Lamsma. Egitaraua: R. Lazkanoren Hondar, B. Brittenen Biolinerako Kontzertua eta F. Mendelssohnen Sinfonia italiarra.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilak 16.

Bitxia iruditu arren, eroso eta gertuko aritu zen Euskadiko Orkestra azkenaldian ekoizten ari den musikarekin. Lehen aldiz interpretatzen diren musiketan zalantzak, denbora falta eta azaleko gainbegiratuak normaltzat ikusten dira, baina honakoan, Ramon Lazkanok duela bi urte soilik eraikitako Hondar obra handian, jarrera eta intentzioa txalotzekoak izan ziren. Lazkanok soilik jakingo du norainoko zehaztasunarekin interpretatu den bere obra, non egon diren akatsik nabarmenenak eta zorioneko pasarteak; baina erakutsitakoa, nahiz eta entzulean zirrara edo nahigabea piztu, duina eta dotorea izan zen, guztiz eskertzekoa. Multiperkusioa lan ero zorrotzean eta harizko instrumentuak erosioaren figura haizeztatzen; argudio onak Ramon Lazkanoren obra berri honi beharrezko dotorezia txertatzeko.

Jarraian, sekulako biolin jolea! Simone Lamsmak eskaini zigun Benjamin Brittenen musika kilate askokoa izan zen. Konkretuki obra honekin lortu zuen nazioarteko arrakasta azken unean Janine Jansen handia ordezkatzen. Orkestra biolinetik gidatu zuen soinu intentsu eta sakon batekin, Lawrence Fosterri lana erraztuz. Hogeita bost minutu zoragarri, gutxitan entzuten den obra entzuleari oparituz, biolin jole hipnotikoarekin eta orkestra polit batekin. Betiko sinfonietatik kanpo dauden obrek lan berezi bat eskatzen diote musikariari, eta honakoan azaldutakoak duintasun maila erraz gainditu zuen. Goraipatzeko esfortzua!

Azkenean, entsegu orduek ez dute denerako ematen eta Felix Mendelssohnen Sinfonia italiarra baztertuta sentitu zen kontzertu honetan. Gehiegizko ozentasunean —klarinete bakarlaria garrasika— eta Mendelssohnek gomutarazten duen arkitektura barrokoari erreparorik hartu gabe. Tronpa bikoteaz gain, ez zen inor gehiegi nabarmendu; tinbalak lotsati, haize egurra espresiobidean galduta, eta harizko instrumentuak magiarik gabe, batez ere ezkutatu beharreko musika pasarteetan. Gera gaitezen lehenengo zatiarekin, segi horrela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.