Xehetasunak, agerian

Zaharberritze desegoki batek egoera xelebrean utzi du Lizarrako San Migel parrokiako San Jurgi. Nafarroako Gobernuko ondare historikoko langileak ari dira figura lehengora itzultzen.
Lizarrako San Jurgiren figura, Nafarroako ondare istorikoaren artxiboan.
Lizarrako San Jurgiren figura, Nafarroako ondare istorikoaren artxiboan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko urriak 20
Nafarroan ez dugu horrelako bertze kasuren baten berririk; gertatutakoa salbuespena da», Carlos Martinez Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoko zuzendariaren hitzak dira. Izan ere, ez da ohikoa Lizarrako San Migel parrokiako San Jurgiren figurarekin gertatutakoa. Parrokia ondoko kapera txiki batean zegoen San Jurgiren figura, XVI. mendekoa. Apaizak bertze itxura bat eman nahi zion txoko horri; horregatik, eskulanak egiten zituen herriko emakume bati eskatu zion pieza zaharberritzeko.

Eskulangileak egurrezko piezaren ezaugarriei jaramonik egin gabe pintatu zuen pieza. Polikromia guztiak estali dizkio gainetik ezarri dioten pinturak, eta itxura erabat desitxuratua hartu du San Jurgiren figurak. Orain, gainetik jarri dioten pintura guztia kendu, eta figurari itxura originala emateko lanean ari dira Nafarroako Gobernuko teknikariak.

Maiatzaren bukaeran, Lizarrako bizilagun baten deiari esker jakin zuten gertatutakoaren berri Nafarroako Ondare Historikoan. San Jurgiren egurrezko figura zegoen lekura joan ziren gobernuko teknikariak, eta, pieza aztertu ondotik, Nafarroako Gobernuak Iruñean duen artxibo historikoko laborategira eramatea erabaki zuten, pintatzeak sortutako kalteak arintzeko. Egun, oraindik Iruñean dago, zaharberritze lanak oraindik ez baitituzte guztiz bukatu.

Figura Iruñera iristean egindako lehen pausoa ikerketa erradiologiko bat egitea izan zen, Martinezen arabera: «X izpiak erabili genituen, eta ikusi genuen pintura berriaren azpian polikromia originalak zeudela». Polikromia horiek mantentzen zirela ikusita, gainetik jarritako pintura kentzea erabaki dute: «Proba batzuk egin genituen, 30 inguru, eta ikusi genuen azetona eta kotoia erabiltzea zela metodorik egokiena pintura geruza berri hori kentzeko». Metodoa aurkituta, pieza garbitzeko lanetan ari dira buru-belarri. Piezaren zati handi bat garbitu badute ere, oraindik luze joko du; izan ere, bertze bi edo hiru aste beharko dituzte pieza osorik garbitzeko. Langile andana ari dira eskuetan kotoia eta azetona dituztela, pazientziarekin, pintura berriaren arrastoak kentzen. Hasierako pintura hori kenduta, litekeena da leku jakin batzuetan garbiketa xehetasun handiagoz egin behar izatea, eta, beraz, prozesua luzatzea. San Jurgiren figura garbituta, gogoeta prozesu bat hasiko dute pieza nola utzi erabakitzeko.

Martinezen arabera, bi aukera dituzte piezaren konponketa bukatzeko. Lehenengo aukera arkeologikoa da; hau da, garbiketaren ondoren gelditzen den bezala uztea pieza. Bigarren aukera, berriz, polikromiak integratzea da. Hau da, mantendu diren egurrezko polikromia horiek aztertu, eta horien ezaugarriak dituzten berriak sortzea.«Bi aukera horien artean erabaki beharko dugu zer egin». Aukeratzen dena aukeratuta ere, piezaren leheneratzea bukatuta, San Migelgo parrokiara eramango dute berriro ere.

Alderaketek ez dute balio

Albistea jakin zenetik, sare sozialetan anitzek alderatu dute San Jurgiren zaharberritzea Borjako (Espainia) Ecce Homo koadroarekin. Ecce Homo koadroaren kasuan, zaharberritze desegoki batean koadroa guztiz kaltetu eta desitxuratu zen. Martinezek, ordea, uste du Lizarrako kasuak ez daukala Borjakoarekin zerikusirik, eta alderaketa horiek saihestu nahi izan ditu: «Ez du zerikusi handirik Borjako kasuarekin. Kasu honetan, pieza kaltetu bada ere, oraindik kontserbatzen baita».

Izan ere, kaltetuta badago ere, hasierako pieza ez da galdu. Polikromia batzuk galdu diren arren, teknikariek anitz berreskuratu ahal izan dituzte, eta, beraz, horiek aztertu ondotik, berriak ere egin daitezke. Lanak bukatu ondotik San Jurgiren figura modu «duinean» geldituko den esperantza du Martinezek, nahiz eta polikromia eta xehetasun anitz galdu diren bidean.

Nafarroan, bertze leku anitzetan bezala, ondare historikoaren zatirik handiena jabego pribatuaren esku dago. Ohikoa izaten da jendeak bere ondarea zaindu eta konpondu nahi izatea. Zaharberritze horiek ongi egin daitezen bermatzeko, protokolo bat dute bai gobernuak eta bai artzapezpikutzak. Protokolo horren arabera, edozein zaharberritze edo aldaketa egiteko orduan, gobernuaren baimenarekin egin behar da, eta beti profesionalek egin behar dute. Zaharberritze horiek ongi egiten direla ziurtatzeko, gobernuak esku hartzen du lanek irauten duten bitartean.

San Jurgiren figuraren konpontzearen atzean irakaspen bat dago, Martinezen arabera: «Irakaspen didaktiko bat eman nahi dugu; hau zabaldu nahi dugu, horrelakorik berriz ez gertatzeko». Martinezek nabarmendu du horrelako piezetan, bizitzako bertze alorretan bezala, esku hartzea «profesionalek» egin behar dutela.

Kasu konkretu honetan, gainera, uste du nahigabe sortutako kaltea izan dela: «Ezagutzarik eza eta arduragabekeria nahastu dira. Uste zuten ongi egiten ari zirela». Egun, prozesu judiziala irekita dago, eta apezpikutzak eta zaharberritzea egin zuen langileak 6.000 euro arteko isuna jaso dezakete. Gainera, pieza lehengoratzeko lanen kostua artzapezpikutza ari da ordaintzen.

Ikusteko dago auzia nola bukatuko den, lehenengo garbiketa bukatu eta zaharberritzeko bigarren fasean zer egin erabaki beharko baitute lehendabizi. Behin bukatuta, Lizarrako San Migel parrokiara eramanen dute. Egindakoak eginda, pozik da Martinez: «Pieza mantentzea lortu dugu; orain, ongi zaindu behar da. Pieza ezagutu egin behar da ongi kontserbatu eta zaintzeko; hori da ondarea babestea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna