Memoria historikoa

Mendian gotortuak

Auritz inguruetako bunkerretatik igarotzen diren hiru mendi ibilbide osatu dituzte. 1936ko gerraren ondoren eraiki zituzten, eta memoria historikoa lantzeko balio dute.
Aurizko ibilbideetan ikus daitezkeen bunkerretako bat.
Aurizko ibilbideetan ikus daitezkeen bunkerretako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Iker Tubia -

2019ko martxoak 16
Mendian gora eta behera paisaiaz disfrutatzen ibili, eta hara: betoizko leiho bat, zuri so. Bunker bat da. Ibañetan, Menditxurin eta Irupagoetan gerta liteke horrelakorik. Izan ere, Auritz inguruan (Nafarroa) bunker anitz eraiki zituzten 1939tik aurrera. Diktadura frankistak muga gotortu nahi izan zuen. Egun, naturak beretzat hartu ditu, betoiak eta burdinak kendutako tokia berreskuratu nahian edo. Bisitatzeko aukera ere badago, horretarako prestatu dituzten hiru ibilbideetako bat eginez.

Bunkerren ibilbidea: hala deitu diote proiektuari. Nico Zuazuak eta Carlos Zuzak egin dute proiektu hori: dokumentatu, bunkerrak bilatu, ibilbideak sortu, euskarriak prestatu eta paratu... Dokumental bat ere egin dute, eta proiektuaren nondik norakoak eta bunkerren inguruan gertaturikoak bildu dituzte. Bunkerren ibilbideak du izena; nagusiki gaztelaniaz da, eta Interneten ikus daiteke.

Bunkerren ibilbidean hiru txango edo bide daude: Ibañetakoa, Lindus-Menditxurikoa eta Hiru Pagoena. Azkenengo biak Auritzen hasten dira. Herrian bertan bisitarientzako etxola bat dago, ibilbideei buruzko informazioa ematen duena, eta bunker sare horren historia kontatzen duen erakusketa txiki bat ere badu. Lindus-Menditxuri ibilbidea da hiruretan zailena: mendian ibiltzera ohituak daudenentzat da egokia. Haurrekin joateko asmoa dutenentzat edo mendian ibiltzera ohiturik ez daudenentzat egokiagoa da Hiru Pagoen ibilbidea. Ibañetakoa bi horien artean dago, eta Donejakue bidearen puska bat hartzen du.

Ibilbide horietan aurrera egin ahala, Pirinioetako gotorleku sareko elementuak ikus daitezke: bunkerrak, lubakiak, barraka handiak... Informazio panel gutxi batzuk ere badaude, eta ibilbide bakoitzeko 10-12 bunkerretan QR kodeak daude. Haien bidez, askotariko informazioa jaso daiteke sakelako telefonoan: zergatik eraiki ziren, zenbat balio zuten, zer eragin izan zuten kontrabandoan, nola hartu behar izan zituzten militarrak etxeetan...

Inoiz ez ziren erabili

Aspaldi daude bunkerrak Auritz inguruetan. Orain arte han ziren; besterik gabe, zutik. Jakin-minez, Zuazuak eta Zuzak ikertzeari ekin zioten. Avilako (Espainia) artxibo militarrera joan ziren informazio eske. Orduan konturatu ziren 36ko gerra bukatu aurretik hasi zutela Pirinioak gotortzeko plana. Eraikuntza lanak gerraren ondoren abiatu ziren: 1939an hasi, eta 1958ra arte. Europan gerra handi bat egonen zela-eta, frankismoak bunker sare hori egin zuen Pirinio guzietan, babesteko. Francoren kontrakoen erasoak gelditzeko ere baliagarri izanen zirela pentsatu zuten. Atlantikotik Mediterraneora 10.000-15.000 bunker eraikitzekotan izan ziren, baina ez zuten burutu lana.

«Egiazki, ez dira inoiz erabili, eta ez dira inoiz armaz bete, baina ikuskaritza teknikoak egiten zituzten 2-3 urtean behin. 1980an utzi zituzten», esan du Zuazuak. Azaldu du eskasia nagusi zen garai hartako lan militar handienetako bat izan zela. Adibidez, errazionamendua indarrean zen. Nabarmendu du urte haietako historia kontatzeko balio dutela orain: «Hor dagoen ondare bat da. Zergatik eta nola eraiki ziren azaltzeak totalitarismo eta militarismo garai horri buruz hitz egiteko balio du. Historia hori bunkerren bidez ekartzea da asmoa».

Eraikuntza lanek eragin handia izan zuten bertako gizartean: alde batetik, militar asko izan ziren Auritz inguruetan, eta, gainera, etxe askotan haiek hartzera behartzen zituzten; bestetik, bunker sareak eta militarren presentziak zaildu egin zuten mugako herrietan ohikoa zen kontrabandoa.

Proiektuak inguruko turismoa indartu ere egin nahi du. Luis de Potestad Aurizko alkateak argi du: «Memoria historikoaren turismoaren eskari handia dago Europan. Hemen, bizi izan dugun egoera dela-eta, ez da garatu». Memoria historikoa eta mendia. Historia eta aisialdia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria