Baztertuetan aitortuena

Witold Gombrowicz poloniarra XX. mendeko idazle abangoardistenetako bat izan zen. 'Ferdydurke' nobela idatzi zuen, eta Argentinan igaro zuen bizitzaren zati luze bat. Bihar izango dira 50 urte hil zela.

itziar ugarte irizar
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Sortzez poloniarra izanagatik ere, Witold Gombrowiczen izena Poloniara beste lotua dago Argentinara. Familia dirudun batean jaio zen, 1904an, Maloszycen; Zuzenbide ikasketak egin zituen Polonian eta Frantzian, eta Argentina izan zuen hurrengo geraleku, ia oharkabean, eta ez geraleku eroso.

Gombrowicz ikasle sasoian hasi zen talde kulturaletan lekua bilatzen eta egiten, beste idazle eta garaiko pentsalarien alboan. 1933an, zenbait kontakizun argitaratu zituen Bakakaï lanean, psikologiazko kasu bereziak jasotzen zituena, eta oihartzun apala jaso zuen bueltan. Aurkakoa gertatu zitzaion Ferdydurke nobelarekin; 1937an argitaratu zuen, baina garaiko gertakariek eta giro larriak bigarren mailara eraman zuten hasierako arrakasta.

Bigarren Mundu Gerra ate joka zen, eta, hain justu, gerra pizteak Argentinan harrapatu zuen Gombrowicz. Tropa alemanek Polonia hartu zuten, eta, zer gertatuko sikusmiran, bueltako bidaian ez ontziratzea erabaki zuen idazleak. «Kasualitatez heldu nintzen Argentinara, bi asterako baino ez, baina, destinoaren zoriagatik gerra orduan hasi izan ez balitz, Poloniara itzuliko nintzatekeen. Ez dut ezkutatuko, dena den, Argentina aurrean itxi zitzaidanean, orduan entzun ahal izan nuela, azkenean, neure burua», idatzi zuen bere egunerokoan, 1964an. Baldintza makurretan hasi zuen egonaldia herrialdean. Kazetari lanetan aritu zen, itzultzaile, filosofiako irakasle... Eta topatu zuen gertuko kultur giroa han ere. Topaketetan kide izan zituen, besteak beste, Virgilio Piñeira, Jorge Ruben Vilela, Jorge Di Paola, Mariano Betelu, Arturo Capdevila eta Miguel Grinberg.

Narratiba idatzi zuen, baina sakonean Gombrowicz egile poetatzat definitzen dute askok. Hizkuntzarekiko konpromisoa eta haren lanketa irmoa Ferdydurke-tik utzi zuen agerian, abangoardiako idazkera bat erakutsita. Argentinan zela, eleberria gaztelaniara itzultzeko lanetan hasi zen, eta hamar urte eman zuen horretan. Gaztelania ez zuen inoiz ongi ikasi, eta Virgilio Piñeira kubatarraren laguntzarekin burutu zuen itzulpena, 1947an atera zena argitara —zenbait kritikarik James Joyceren Finnegans Wake lanaren itzulpenarekin alderatu izan dute horregatik—. Berehalako osperik ez zion ekarri, baina kultuzko idazle bilakatu zuen.

Poloniako ohitura politiko, kultural eta nazionalak arakatu zituen nobelan, modu oso berezian: neologismoak, jirabira linguistikoak, esamolde bereziak... Europako modernismoko obra jasoenen artean dago, horregatik. Kontatzeko era nola, berezia da kontatzen dena ere: 30 urte inguruko gizon bat, Joey Kowalski, nerabezarora itzultzen da, ostera ere 16 urte izatera. Erotismoa, ironia eta surrealismoa nahastu zituen, eta kritika errealista eta politikotzat hartu zena —kritika gizarte otzandu bati eta poloniar intelligentsia-ri— gezurtatu egin zuen egileak. Hitzaurrean argitu zuen heldutasunik ezan eta formaren beraren gaian sakontzea izan zela bere nahia: «Gizakia behartuta dago bere heldutasunik eza ezkutatzera; horregatik, kanpo itxurak alde heldua soilik erakusten du. Kanpoko heldutasun hori fikzio hutsa da; ez bada lortzen bi horiek lotzea, kultura engainurako tresna bat izango da beti gizakiarentzat».

Borgesen antipodetan

Argentinan emandako urteetan, Gombrowicz Rex kafetegian bildu ohi zen idazle lagunekin. Bazen, baina, ia etsai literariotzat hartzen zuenik: Jose Luis Borges, Victoria Ocampo eta haien sokakoak, Sur aldizkariaren bueltakoak. «Borges eta ni mutur bitan gaude: hura literaturan dago sustraituta, eta ni, bizitzan», adierazi zuen behin poloniarrak. Bien irakurle fina zen Ricardo Pigliak ere esan ohi zuen XX. mendeko literatura argentinarra bien arteko tentsioek determinatu zutela; Borges idazle babestuenaren lekutik, eta Gombrowicz, aldiz, baztertuenarenetik.

Idazle poloniarraren estiloa pertsonaien azterketa psikologikoek, absurdoaren erabilerak eta nazionalismoarekiko edo identitate kolektiboekiko kritikak ezaugarritu zuten, besteak beste. Inoiz ironia bazter utzi gabe, zorrotz aztertu zituen gizarte klaseen eta kultura poloniarraren jokabideak, batez ere noblezia hartuz jomugan, zeina Eliza Katolikoaren eta probintzietako bizitzaren sinbolo zen. Ferdydurke-n agertuak zituen gai horiek, baina berriz hartu zituen gero Trans-Atlantyk (1953) eta Pornografia (1960) nobeletan ere, besteak beste. Antzerkia ere landu zuen, eta bere egunerokoak ere argitaratu zituen 1960ko hamarkadaren bigarren erdian; Argentinari eta bere homosexualitateari buruzko gogoetak bildu zituen haietan.

Bien bitartean, Poloniako gobernu komunistak zentsuratu egin zituen bere lanak; han ez ziren argitaratu 1970eko hamarkadara arte. Jerzy Giedroyc lagunak Parisen argitaratu zituen polonieraz, Kultura izeneko argitaletxean. Etxe hark plazaratu zituen hainbat lan kontrabandoan heldu ziren Poloniara, eta horri esker zabaldu zen haren obra herrialdean.

1963an, gonbit bat jaso zuen: Ford Fundazioak Berlinen egonaldi bat egitea proposatzen zion. Onartu zuen, eta hurrengo urtean Royaumonten (Frantzia) ezarri zuen bizitokia, Paristik hurbil. Bertan Maria Rita Labrossekin hasi zen lanean, eta urte gutxira ezkondu ziren. Vencera (Okzitania) egin zuten gero, eta han igaro zuen bizitzako azken etapa. Bertan hil zen, 1969an; azkenean ez zuen jaso, baina Nobel sarirako hautagai izan zen bizi artean.

Euskaraz ez dago haren liburu osorik, baina bai zenbait testu hautatu. 1986an, Susa aldizkariak Filimorumez forratua plazaratu zuen, Joserra Utretxek sinatutako itzulpena. Eta, hurrengo urtean, Literatur Gazeta-n, Antton Juaristik Poeten kontra ekarri zuen euskarara. Testu hori bera argitaratu zuen Egan-ek 2005ean, Patxi Salaberriren itzulpenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.