Maletarik gabe bidaiatzea

Maletak egitea inoiz baino korapilatsuagoa bilakatu da aurtengo udan. Bilbao Uda 2020 planaren bidez, hiritik atera gabe eta dohainik noranahi bidaiatzeko aukera dute herritarrek.

The Funes Troup konpainiak Arte Ederren Museo aurrean eskainitako zirku ikuskizuna. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
The Funes Troup konpainiako kideek joaneko bidaia egiteko maleta ugari pilatu dituzte auto baten gainean, Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Hastear dago maleta horiek guztiak hegan jarriko dituen ikuskizuna. Baina uda honetako bidaia guztietan bezala, normaltasun berrira egokitzeko neurriak bete behar dira agertoki bihurtutako parkean.

Maletak egitea. Bidaia oro abiatu aurretik, helmuga zein den pentsatu, eta bertara egokitzeko aurreikuspenez beteriko prozesua egin ohi da. Udan, oporrekin batera, hamaika dira berenn bizitokiak utzi, eta beste norabait joaten direnak, jaiegunak ospatzeko. Aurten, baina, osasun krisiak zapuztu egin du horietako askoren asmoa, eta, oporretarako helmugarik gabe, beren hirietan bertan topatu behar izan dute aisialdirako aukera.

Hori egin dute Arte Ederren Museoaren sarrera aurrean atondutako anfiteatro inprobisatura bildu direnek. Antzezleen aurrean, aulkiak jarri dituzte, banaka eta binaka, eta zintek eta hesiek mugatzen dituzte. «Antzerkira zatozte? Aurrera! Eskuak garbitu, eta hartu lekua». Proto eta Kolo pertsonaiak dabiltza inguratzen den orori ikuskizunaz gozatzeko gonbita egiten.

Baina umeengana hurbiltzendira batik bat: «Aulkiak hasieratik jarrita, jendea duda-mudan geratzen zen, eta gehiago kostatzen zitzaion hurbiltzea eta tokia hartzea», hasi da azaltzen Alex Hernandez, Panpotx elkarteko kidea, Proto pertsonaiaren rolean. «Umeek ere gauza oso serio bat bezala ikusten dute, eta gu saiatzen gara horri guztiari ahalik eta dramatizazio handiena kentzen, eta neurriak era dinamikoan azaltzen», erantsi du.

Azkenean, bete egin dira aulki guztiak, eta The Funes Troup konpainiako antzezleek esku artean zuten objektu oro airean dantzan jartzeari ekin diote. Maletak, edalontziak, pilotak, diaboloak... jira eta bira, hartu eta pasa; barreak eta txaloak atera dizkieteikusle guztiei, Aukerak izeneko zirku ikuskizunaren bidez. Hitz egin gabe eta malabarak erabiliz, bizitzako erabakiei eta joanekoa baino ez den bidaia batean aukeratu beharreko bideei buruzko kale emanaldia eskaini dute.

Txalo zaparradaren ostean, publikoa txanda errespetatuz atera da mugatutako gunetik. «Gustatu zaigu», aitortu du Ines Delgadok. Hiru umerekin joan da emanaldia ikustera. Halako ikuskizunetara biltzeko joera duela azaldu du, baina, «zoritxarrez», nahiko lukeen baino gutxiago joateko aukera duela dio. «Umeei ere asko gustatu zaie; hauek, ordea, nahiko ohituta daude halakoak ikustera». Aurtengo uda «bereziari» lotuta, azpimarratu egin du kultur emanaldiak egitearen garrantzia. «Funtsezkoa dela uste dut. Bai jendeari eskaintza bat egiten zaiolako, baina baita bultzada ematen delako ere, oso garai latzak pasatzen ari den sektore bat bizirik mantentzeko».

Ikuskizuna Bilboko Udalak martxan jarritako Bilbao Uda 2020 egitasmoaren parte da, eta, hain zuzen ere, COVID-19ak kalte handiena eragin dion kulturako sektoreari bultzada ematea du helburu. Horren barruan, 150 jarduera baino gehiago antolatu dituzte, betiere babes eta higiene neurriak errespetatuz. Kaleko arte eszenikoei dagokienez, 64 emanaldi eskainiko dira uztailean eta abuztuan: hemezortzi euskal konpainia arituko dira lanean, eta, astero, emanaldi bana izango da hiriko zortzi barrutietan, goizez zein arratsaldez. Barruti bakoitzeko bi espazio izango dira.

Orain arte egin diren ikuskizunetan, arauak «arazorik gabe» errespetatu direla adierazi du Hernandezek. «Gure funtzioa arau horiek betearaztea da, baina modu dinamiko eta hurbilagoko batean: publikoa aulkietara lagundu; gogorarazi ezin direla handik mugitu; maskara jantzita eduki behar dutela adierazi; jende kopurua kontrolatu...». Uztailean egin diren emanaldiek arrakasta handia izan dutela dio. «Arratsaldean egiten direnak berehala betetzen dira. Eguerdian, gehiago kostatzen da jendea inguratzea, baina, azkenean, bete egiten da orduan ere». Beraz, maletak egin ezin badira ere, bilbotarrek izango dute uda honetan etxetik ateratzeko aitzakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.