Ondarea

Baionaren barneek diote

Baionaren hedatze etengabeak etxeetako bizi baldintzak zaildu zituen. Eraberritze lanen bidez, eraikin batzuk bota dituzte, eta bizi baldintzak hobetu eta ondarea agerian ezarri, eskailerak eta fatxadak, adibidez.

Port Neuf karrikako Casenave txokolate saltegiaren saihetseko eskailera zaharberrituak ikusgarriak dira. PATXI BELTZAIZ.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Baionako Gosse karrikan finkatu du junta gidak: merkatutik katedralerat buruz joanez Poissonnerie karrikatik ezkerrerat doan karrika meharrean. Hamabost bat lagunek ezagutu nahi dute Baionako etxeen aitzinaldeek zer duten errateko.

Gidak Poissonnerie karrikako 42. zenbakiko ataria zabaldu die bisitariei; ondarearen eta bizitegien botigaren bulegora sartu dira denak. Hiriaren historia miniaturan erakutsi die deus baino lehen: «IV. mendean hasi ziren Baiona eraikitzen, harresiturik. Hiriaren bihotza hortik abiatu zen, oraingo Baiona Handitik. Poliki-poliki hedatuz joan zen, Errobi hegiraino. Zubien eraikuntzek ekarri zuten Baiona Ttipiaren eraikuntza. Sebastien Le Prestre de Vaubanen fortifikazioek hiria finkatu zuten arte», Frantziako Luis XIV. aren aginduz.

Luzaz ezin izan omen zen deus eraiki zitadelaz kanpo. Horiek hola, IV. mendetik XVII. era tai gabe zabaldu eta altxatu zen hiria. Harik eta eremua eraikinez mukuru bete den arte: «%98 eraikia da». II. Mundu Gerlak hiria suntsitu ez bazuen ere, jendez husten hasi zen. Hartara, etxebizitzen zaharberritze lanei ekin zieten, hirian baldintza onetan bizi ahal izateko.

Izan ere, hiria hutsunerik gabe gelditu baitzen: karrika hertsi, luze eta ilunek josirik: «Baionan bizi ahal izateko, eraikin batzuk jaurtikitzea onartu behar izan da, airearen eta argiaren faboretan».

Poissonnerie karrikara jalgi da taldea, eta maldan beheiti ezkerrean den karrika hertsiak darama Lakarrako Beñat plazarat. Guneak hitzek baino hobeki erakusten du barreiatu dituzten eraikinen fenomenoa: plaza argi eta arnasa iturri baita hura besarkatzen duten eraikinendako. Gainera, jatetxe baten mahai-kadirek plaza funtzioa berresten diote lekuari, bai iturriak, bankuek eta zuhaitzek ere. 1992. urteaz harat eraiki zen. Bisitaria baionarra da: «1992az geroztik?! Betitik ezagutzen dudala iruditzen zait! Memoriak nola engainatzen duen!».

Etxeen aitzinaldeak errotik eraberritu dituzte behin eraikina eraitsi ondoren. Are, Poissonerie karrikakoak amiñi bat gibelatu ere dituzte espazioa zabaltze aldera. Obra horiek ekarri dituzte irekidura berriak, hain zuzen ere, helburuari bide egiteko: etxeetara argia eta airea sarraraztea, bizitzeko etxe egokiak izateko.

Eraberritze obretan, hitzak dioen gisan, berritik ere bada. Alabaina, zaharrari protagonismorik ebatsi gabe, plaza horretan berea badira sorkuntza garaikidearen ondorio diren bi etxe aitzinalde: «Arkitektura etika eta filosofiaren afera da: behar dea utzi den-dena lehengoa bezalakoa, ala berritasunak egiteko baimena emanen diogu guhauren buruari? Bigarrena, bistan dena», adierazi du gidak. Zurezko pertsiana gorriz josia da aitzinalde bat; hala, biztanleen intimitatea bermatu, eta, aldi berean, argiari eta aireari iragaten uzten zaie. Egia da ez duela sortzen kontraste handirik arkitektura zaharrarekin.

Ezkerreko justizia jauregi izandakoaren metamorfosia sekulakoa da: etxe beherean saltegiak eta garagardotegia zabaldu baitituzte. Are, Baionak orain arte ezagutzen ez zuena kausitu dute 2020az geroztik: bi karriken arteko lotura zabaldu dute: Espainiako karrika eta Poissonneriekoa batzen ditu Lakarrako plazak.

Hala, katedral magalerat heldu da bisitari taldea, eta handik, Argenterie karrikan barrena jausten hasi da, 10. zenbakiraino. Geldialdia egin du gidak: «Ohar zaitezte etxeen aitzinaldeez; arkitektura museoa da ikusten duguna, are, laborategia, XVII. etik XX. era artekoa». Ohartarazi du eraikuntzetako zureriak ez direla baitezpada antzinakotasunaren sinonimo. Errenazimentu eta Erdi Aroko hiria erabat desagertua denez, XVII. mendeko Baiona da bakarrik baratzen. Aldiz, ageri da etxeak bortz metroko lursailetan banatuak zirela. 10. zenbakikoak, baina, bikoitza du, biez bat egin baitzuten: «XVIII. mendeko eraikin klasikoa da: leihoak ate bilakatu zituzten, eta erortzeko arriskuaz babesteko eskudela ezarri, Barroko estiloa bakarrik apainduretan da ageri. Fatxada arras antolatua da, geometrikoa».

Sartzeko baimena du gidak; hala, eskailerak ikusteko parada izan du taldeak: Baionako arkitektura berezitasunetako bat. «Usaian eskailerak etxe barnean izaten dira. Kasu hauetan, ordea, etxeak goititzen hastearekin eraiki zituzten. Beraz, kolektiboak dira. Etxetik at dira. HauekXIX. mendekoak dira, Bidaxuneko [Nafarroa Beherea] harrizkoa lehen maila; gainerakoa, zurezkoa». Eskailera ikusgarriek eraikinaren alde bateko eta pareko apartamentuak lotzen dituzte. Ezagun da obrak bideratu dituztela eskailerei balioaren emateko. Helburu praktikoa zuena Baionako ondare bilakatu da; zortziehun bat badituzte kontaturik.

Zetazko sigi-saga

Orbe karrikatik jautsiz, Port Neufeko arkupeetako Casenave txokolate saltegiaren saihetseko bortak sarbidea ematen duXVII. mendeko eskaileretara. Zinez ikusgarria da: bata bertzearen gainean diren z hizkiak marrazten dituzte; eskailera buruetan apartamentuetarako sarbideak daude. Horiek ere erabat zaharberritu dituzte, euskal gorria deitu kolorez tindaturik. Eskaileren forma zaharragoa da Argenterie karrikakoena baino, eraikinari txertatuak baitira: «Eskailerek eta eraikinak elkar laguntzen dute zutik egoteko; bat egiten dute. Lehen ikusi ditugunak, berriz, beraien burua atxikitzen dute, eraikinari deus ekarri gabe; XVIII. mendean hasi ziren hola lanean».

Alta, eskailerak etxeetatik kanpo utziz, aroaren zoriaren menpe zegoen haien iraupena; horregatik, hegats erdia gehitu zieten. XIX. mendekoak dira beirazko hegatsak, zeintzuek argiari sartzen uzten baitiete. Lorioko bizkarrezurra dira eskailerak, hegatsetik heldu den argiari sartzen uzteko, etxeek leihoak badituzte. Eskaileretatik jendeen etxeetako logelak edo bertze ageri dira.

Gidak bukatu du bisita: «Ikusgarriak dira, ados, baina niretzat hori baino gehiago dira: mendeetan milaka urrats egin dira maila hauetan. Zenbat eskuk ez ote duten hunki baranda hau? Eskailera buruak bizitzaren muinean daude; bizimodu baten lekuko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.