Oreinen marruen aldia

Oreinen marrualdi garaia da, eta Arabako Foru Aldundiak neurriak ezarri ditu Gorbeiako parke naturalean. Helburua da animalia horien ugalketa aldian ahalik eta lasaitasunik handiena izatea.

Orein bat, Gasteizko Salburuko hezegunean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Orein arren marrualdi garaia izaten da iraila eta urria bitartean. Era horretan, orein arrak saiatzen dira emeak erakartzen, eta ugalketari bide ematen. Horrela gertatzen da Gorbeiako parke naturalean, eta, beraz, Arabako Foru Aldundiak neurriak hartu ditu denbora tarte horretan gizakiaren jarduna ahalik eta gehien saihesteko. Hala ere, horretaz gozatu nahi duenak izango du aukera; bisita gidatuez gain, marrualdi eremuan zehaztutako bideetako batean bi leku prestatu dituzte behaketarako, betiere animalien jokatzeko erak eta eremuak errespetatuz.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko teknikaria da Gerezti Unanue, eta garai horietan oreinek duten jokabidea izan du hizpide: «Marrualdia araldi denbora da; arrek erraz ikus ditzaketen eremu zabalak hautatzen dituzte, altueran, eta orroak egiten dituzte». Haren arabera, orein horiek saiatzen dira ahalik eta lurralde zatirik handiena kontrolpean edukitzen, era horretan emeak ere «kontrolatuta» izateko eta ugaltzeko aukera gehiago egoteko. «Orroa da nolabait egiten duten abisu moduko bat gainontzeko arrei erakusteko beraiek indartsuagoak direla». Erantsi du «norgehiagoka» aritzen direla, baina eraso fisikoak ez direla ohikoenak izaten, hala balitz «energia galera handia» ekarriko lukeelako.

Halere, orroak ez ezik, adarrak ere baliatzen dituzte marrualdian ugaltzeko. «Ar indartsuek, heldutasun maila edo egoera fisiko ona dutenek, adarkadura garatuak izaten dituzte, eta horrek erakusten du fisikoki ondo dagoela». Hain zuzen, urtero erortzen eta hazten zaizkie adarrak. Unanueren arabera, martxo eta apiril aldera jausten zaizkie, eta abuzturako garatzen dituzte. «Une horretan belusezko azal antzeko bat izaten dute; orduan hasten dira harramazka egiten zuhaitzen eta sastraken aurka, kendu ahal izateko, eta marrualdirako adarkadura izaten dute». Hain zuzen, adarrak hirugarren urtera arte garatuz joaten dira; besteak beste, handituz eta forma hartuz, baina, hortik aurrera, adinaren eta adarren arteko erlazioa galdu egiten da, eta lotura handiagoa izaten dute animalia bakoitzaren osasunarekin eta genetikarekin.

Garai «kritikoan», neurriak

Marrualdia animalia horientzat «nahiko garai kritikoa eta sentikorra» izaten dela azaldu du Unanuek, araldiarengatik «estres handia» izan ohi dutelako, batez ere arrek. «Emeak oso tarte txiki batean egoten dira harkor ugalketarako, eta, beraz, aukera laburra izaten da; ez da behar den baino estres handiagoa sortu behar, prozesuan eragina izan baitezake». Uste du momentu horretan asalduraren bat eraginez gero litekeena dela ugalketa etetea. Beraz, neurriak hartzen dituzte: «Historikoki orroaldia indartsuen egon den lekuetan, saiatzen gara ahalik eta lasaitasunik handiena egon dadila».

Neurrietako batzuk aipatu ditu teknikariak, eta, besteak beste, azaldu du marrualdi eremuan egingo diren ibilbideak propio markatutako bideetatik egin behar direla. Ibilbide horretako batean, gainera, Zaratetik (Araba) ateratzen denean eta Araza mendiaren bi aldeetan, gune bana prestatu dute behaketarako. Hala ere, horretarako asmoa izanez gero, Unanuek azpimarratu du mezu bat bidali behar dela parketxera arduradun baten kontaktuarekin, bisitarien batezbesteko bat egiteko, eta, horrez gain, ohartarazpen bat ere egin du: «Laster euria baldin badator eta hezetasuna nagusitzen bada, onddoak aterako dira; horiek biltzea marrualdi eremuan debekatuta egongo da foru agindua indarrean egon bitartean».

Bisita gidatuak egiteko aukera ere badago, baina horretarako aurrez izena eman behar da zozketa batean parte hartzeko. Gorbeiako parke naturaleko webgunean eman behar da izena, eta gaur eguerdian itxiko dute horretarako aukera. Irailaren 17an, 18an, 24an eta 25ean izango dira bisitak, 17:15etik 21:15era, eta guztira bost kilometroko ibilbide bat egingo da. Bisita guztiak izango dira gazteleraz, 24koa izan ezik. «Bi egunetan izena emateko aukera dago, eta irailaren 13an egingo da zozketa lekuak banatzeko».

Bisita horietan, era autonomoan izan ala gidatuan, isilik egon beharko da bisitaria; ezingo da gerturatu oreinengana, eta argazkiak atera nahi izanez gero flashik gabe atera beharko beharko ditu. Foru agindua eta, beraz, azaldutako neurriak urriaren 3ra arte egongo dira indarrean.

Populazioa, berdintsu

Unanuek jakinarazi duenez, 2019an egin zen azkenekoz Gorbeiako parke naturalean dauden oreinen kontaketa, eta orduan ondorioztatu zuten laurehun inguru zeudela. Haren hitzetan, Araban, soilik eremu horretan egiten du diputazioak kontaketa, oreinen populazioaren kopururik handiena bertan dagoelako, baina datu horrekin kalkulu bat egiten da lurralde osorako. «Urteetan zehar zabalduz joan da oreina probintzian, eta egun hegoaldean ere agertzen hasi dira; Burgostik sartu dira hainbat».

Beraz, urteetan ateratako datuak eta egindako kontaketak hizpide, teknikariak azaldu du orein kopurua «mantendu» egin dela urte hauetan guztietan, aurrez desagertuta egon zela erantsita. «XX. mendearen hasierarako Araban desagertuta zegoen espezie bat zen, baina gerora sartu ziren ale batzuk ehiza helburuarekin». Gaineratu du ordutik «handituz» joan dela orein horien populazioa, eta ez dela galerarik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.