Maskararik gabe, finalera

Eneko Lazkozek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Atzetik sailkatu dira Xabi Maia eta Aimar Karrika. Asteburuan izango dira hurrengoak.
Ezkerretik eskuinera, Maider Ansa gai jartzailea eta Aimar Karrika eta Eneko Lazkoz bertsolariak, herenegun.
Ezkerretik eskuinera, Maider Ansa gai jartzailea eta Aimar Karrika eta Eneko Lazkoz bertsolariak, herenegun. I.Z./FOKU

Ainhoa Larretxea -

2019ko martxoak 5
Inauteri garaian/ murgilduta gaude / zuen aurrera etorri/ nahi nuen hala ere / naizena erakustera/ maskararik gabe» kantatuz hasi zuen saioa Eneko Lazkozek. Maskararik gabe erakutsi zuen bere burua, eta, 399 puntu bilduta, saioa irabazi eta zuzenean sailkatu da martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako. Lazkozen atzetik sailkatu ziren, puntuetan koxka bat beherago, Xabi Maia, Aimar Karrika, Saats Karasatorre, Sarai Robles eta Joana Ziganda.

Zortziko handiko ariketarekin hasi zen saioa. Langabezian luzaroan egon ondotik Nafarroako Erriberara lanera joan diren bi langileren rolean jarri zituen gai jartzaileak Ziganda eta Lazkoz. Lazkozek fin ekin zion saioari: «Ta hemen berriz lana erruz eta/ dirudik ez da seguru/ besteentzako utzitakoa / guretzako hartu dugu». Lazkozen bigarren bertsoan jo zuen goia ofizioak, hala ere: «Magrebiarrak dabiltza hemen/ soroetan makurtuak/ duela gutxi grebarengatik/ poliziak egurtuak/ greba bukatu zen onartzean/ eskatutako puntuak/ orain guk jaso behar ditugu/ borroka horren fruituak».

Roblesek eta Maiak ere ofizio polita osatu zuten. Emakumeak onartzen ez dituen elkarte bateko bazkide ziren biak. Ondorengoei erreleboa pasatu nahi, baina alabak bakarrik dituztela jarri zieten gaia. Fin ekin zion saioari Maiak: «Baina alabak eduki eta/orain gabiltza penetan/ zeinen agudo erortzen garen/ gure kontraerranetan». Zorrotz erantzun zion Roblesek: «Garaiak ere aldatuz doaz/ komeni da onartzea/ ideia aparta iruditzen zait/ estatutuak aldatzea». Indartsu bukatu zuen ofizioa Maiak: «Nik ja galdutzat daukat borroka/ nahiago bertze bat hasi/ bazkidearen txartela galdu/ baina alaba irabazi». Arrazoi indartsuak erabili zituzten Roblesek zein Maiak.

Zortziko handiko lanak bukatuta, bertsolariak zortziko txikian aritu ziren. Umorera jo zuten, eta bertsoaldi politak utzi zituzten denek ere: Maia eta Karrika lagunak ziren, eta Karrika inguruko guztiak aurkezten ari zitzaion Maiari, ligatu zezan. Indartsu hasi zuen ofizioa Maiak: «Ondokoa aurkezten dit/ bestea ere bai/ horrelako lagunez/ etsairik ez dut nahi». Umoretsu erantzun zion Karrikak: «Amaian zenbakia/ hartu eta tori/ lagun txarra izatea / ote dugu hori?». Gora egin zuen saioak ofizio horrekin, eta txalotuenetako bat izan zen.

Hamarreko txikikoak izan ziren, hala ere, ofiziorik finenak eta txalo gehien jaso zituztenak. Karasatorrek eta Roblesek bi kirolariren roletik kantatu zuten, eta ale politak utzi zituzten batak zein bertzeak. Karrikak eta Lazkozek osatua izan zen, ordea, ofiziorik osoena: etxea saldu behar zuen bikote bat osatzen zuten biek. Karrikak erositako prezioan saldu nahi zuen, eta garestiago Lazkozek. «Komeni da erosi/ prezioan saltzea,/ ez zait inoiz gustatu/espekulatzea», hasi zen Karrika. Bigarren bertsoan erantzun zion Lazkozek:«Nik bi poltsikoetan/ badut zer bildua/ batean idealak/ bertzean dirua».

Puntu erantzunetan ere Lazkoz izan zen finena: «Ez da gauza erraza/ ama izatea» bota zion puntua Maider Ansak, eta honela erantzun zion Lazkozek: «Ausartu zara aita/ bati esatea./ Aspaldi bukatu zen/ gaueko pakea./ Hala ere maite dugu/ alaba maitea». Karrika ere fin ibili zen puntu erantzunetan.

«Paperean aurkitu dituzu hainbeste behar zenituen azalpenak» gaia entzun zuenean, bertsolari bakoitzak bide ezberdinetik josi zuen kartzelako ariketa. Lazkozena izan zen txalo eta puntu gehien jaso zituen bertsoaldia: bikotearen gutun bat aurkitu zuela kontatu zuen. Lehen bertsoan egoera kokatu ondotik, bigarrenarekin biribildu zuen kartzelako lana: «Egun batetik bestera agur/ esan gabe erretira/ joan zinen urrutira/ ta nik sentitu nuen min hura/ baneki nola deskriba/ nire ondotik joan zinela/ maiteminaren harira/ onartzen dut, baina, tira/ horrelakoak bizitza hontan/ askotan gertatzen dira/ baina esaterik ez al zenuen/ begietara begira». Gainontzeko bertsolariek ere ale politak utzi zituzten ariketa horretan.

Igandean erabakiko da

Larunbatean izango da hurrengo finalaurrekoa, Etxarri Aranatzen. Bertan, Diego Riaño, Iban Garro, Iker Gorosterrazu, Julen Zelaieta, Julio Soto eta Xabier Terreros bertsolariak arituko dira. Azken finalaurrekoa, berriz, biharamunean jokatuko dute, Lesakan; bertan erabakiko da zer zortzi bertsolarik kantatuko duten finalean. Lesakan Alazne Untxalo, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi ariko dira kantuan.

Finalaurreko bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta lortutako puntuen arabera gainontzeko bortzak. Finala martxoaren 23an izanen da, Iruñeko Anaitasunan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna