Nadine Felix. Gizarte laguntzailea, argazkilaria, gasna dastatzailea, aktibista

«Ez dakit integratua naizen edo asimilatua!»

Afrika zolan sortu zen Felix, baina ezin du iraun bortz egun baino gehiago euskararik entzun gabe. Lur batetik bertzerat, Euskal Herrian errotzea erabaki zuen. Geroztik, irudiak hartzen dizkio, eta bizi baldintzak hobetzeko militatzen ari da.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Larzabale
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

Nadine Felixek (Tolanaro, Madagaskar, 1963) bizia ikimiliklik irensten du. Aldaketek ekarri deserrotzeari lurra eskaini zion: Euskal Herrikoa. Eta haren alde, dituenak eta ez dituenak eskaintzen dizkio, bortz zentzumenak hartara bideratuak.

Afrikako alaba zara.

Antananarivon bizi izan naiz. Maki ziminoen erreserba batean egiten zuen aitak lan elektromekanikari gisa, sisal plantazio batean, horregatik sortu nintzen Tolanaron. Aita-amak Madagaskarren sorturikoak dira. Alta, aitak badu itxura indonesiarra, Madagaskar erdian hala baitira. Baina jatorri frantsesa du. Amak jatorria Grezian eta Mozambiken ditu, baina arrunt zuria da! Arbaso guziek komertzioa edo kolonizazioarekin badute zerikusirik.

Harremanak bazenituen madagaskartarrekin?

Ez ginen frantses ghetto batean. Ama biziki ontsa mintzo da malgaxez, hizkuntza nagusia frantsesa bada ere. Bazen sekulako nahasketa. Denbora guzia pasatu dut haurrak ixtaklok eramaten, irriza biltzen, oinutsik, kameleoiak ene gelan hazten... Zapatarik gabe ibiltzea pobre izatearen marka zen.

Zu sortu eta hiru urtera lortu zuen independentzia Madagaskarrek, 1963an. Kolonizatzailearen aztaparrak hazi zintuen?

Arrunt. Bigarren independentzia ukan zuen 1972ko iraultzatik landa. Ezagutu dugun etxe sartze agindua bazen! Hor hartu zuten bertakoek zinezko boterea. Orduan zituzten abiatu beraien eskolak malgaxez, deblauki, egunetik biharamunera. Eta frantsesentzat sortu zituzten frantses lizeoak. Haietako batean ginen gu: liburuetan Frantzia zen gure aberria; maite nuen geografia, baina ibaiak ezin nituen memorizatu: Rodano, Garona, Loira... ez baitzuten zentzurik enetzat. Arrunt ikuspegi kolonotik irakasten ziguten. Ene hizkuntza frantsesa izan da betidanik. Bordelen geografiako ber liburua genuen!

Nola heldu zinen Europara?

Frantziak zigun «aberriratze» bidaia ordaindu, aitaren jatorri frantsesaren ondorioz. 13 urterekin heldu nintzen Bordelerat. Zaila izan zen arrunt; uzten baitituzu etxea, giroa... Kultura talka ikaragarria izan zen, bizimoduan: han beti materiala berrerabiltzen genuen, adibidez Camembert kutxak, hemen dena botatzen zen, kontsumismo betea zen. Ez nuen ulertzen zergatik esnea tetrabriketan saltzen zen. Beti berdin segitzen dut: tai gabe kalkulatzen ari naiz inguratzen nauen guziarekin zer egin dezakedan. Kokondorik, eta beraz itzalik, gabeko hondartza estres bat zen enetzat. Bandera gorriarekin ezin bainatzea... Ekainean heldu ginen, 22:00ak arte eguzkia bazen hemen, han ordea, 19:00etan ilundua zuen! Han, oinutsik ibiltzen nintzen beti, non ez nintzen eskolan. Hemen debekatu zidaten. Arrunt desberdina nintzen, koderik gabe, denak aberatsak ziren inguruan. Dena den, aski errazki ibili nintzen eskoletan.

Zer ekarri dizu asistente soziala ofizioak?

Asetzen nauen ene baratzea da. Adinekoekin naiz ari, ene lana da laguntzea ahal bezain luzaz baldintza hoberenetan egon daitezen etxean. Alta, arranguratzen nau bakardadeak. Izan ere, adinekoen seme-alabak diren ber denboran, beraien seme-alaben guraso ere badira, eta oraino lagundu behar dituzte. Dena ezin eginez, sufritzen dute. Batzuek diote zahartzaroa aurreikusi behar dela, baina nola aurreikusten da? Madagaskarren arbasoak anitz errespetatzen dituzte, handik dut adinekoekiko errespetu handia. miresten ditut: pentsa zer pasatu izan ote duten 90-97 urtekoek? Errespetatzen da, eta hori ez da ahantzi behar.

Aldaketa handia, berriz ere.

Bai, senar ohiaren lanagatik Tausten [Aragoi] bizi izan ondotik, Alduderat [Nafarroa Beherea] heldu nintzen hirugarrenaz haurdun, euri pean, hotza... Bakardade bitxia sentitu nuen, duela 26 urte. Gauza bat ikasi dut ene bizian: momentu onak halako batean gelditu egiten direla. Madagaskarreko bizia galdu dut, baina beste bat atzeman. Ez ditut ahanzten. Horrek ez dit kentzen intentsitatez momentu berriak bizitzea. Umiltasuna dut lege: ttipiak eta hilkorrak gara, egunerokoa hartu behar da heldu den bezala, unea preziatuz. Alta, badakit, Euskal Herritik ez naizela joanen. Oroitzen naiz AEK-ko barnetegi batean ene burua hola aurkeztu nuela: «Ama naiz, hemen bizi naiz, eta hemen dut hil nahi». Kur kur kur.

Preseski, ahobizi zara.

Euskal Herria deskubritu nuen 18 bat urterekin begirale gisa Ligirat [Zuberoa] etorri nintzelarik: «33 kanpora» [33 da Bordeleko departamendu zenbakia] pintadak ikusten nituela, eta aldi berean «T'es con ou t'es basque?» [Pitoa zara ala euskalduna?] gisako txisteak entzunez. Garaian zulo bat zen enetako, ez nuen maitatu. Ondoko urtean itzuli nintzelarik, aldiz, hor loriatu nintzen, eta orain aitortzen dut, ene buruari erran niola: «Noizbait herri batean bizi behar badut, eskualde honetan izanen da». Bizian ez da txiriparik: urte batzuk beranduago hementxe bainintzen. Ulertu nuen hau ez zela Frantzia, desberdina zela, hizkuntza bazela. Hala, euskara ikasten jarri ginen segidan. Korrika urtea zenez, hori ere deskubritu genuen, 1995an.

Frantziatik datozen gehienek ez dute zure bide bera hartzen.

Naturala da: herri batek bere hizkuntza baldin badu, ikasi egin behar duzu, errespetuz. Normala da. Ingalaterrarat joan eta ingelesa ikastea bezain naturala da. Afixak ikusten nituen euskaraz, eta konprenitzeko beharra sentitzen nuen, bainekien bazela horren gibelean beste bizi bat. Lehenik zenbakiak, gero tokia, gero zer zen... Pantxoa eta Peioren Azken dantza hau, edo Manex Pagolaren Eñaut Bidegorri kantuak ulertzen segitu nuen. Hola naiz euskaldundu, poliki-poliki. Malgaxeak eta euskarak soinuan badutenez antzekotasunik, ez dut zailtasunik ukan euskara ahoskatzeko. Eguraldi iragarpena zubereraz ulertu nuelarik, ene buruaz zinez harro sentitu nintzen! Euskalki bat baino gehiago ukaitea aberastasuna da, denak ikasi beharko lirateke, denek elkar konprenitzeko gisan.

Aldudarrak Bideo elkarteko kide zara. Aspalditik?

Alduden sortu zen, eta hastapen hartan Ele Bista bideo aldizkaria egiten hasi ziren. Ximun Karrere jin zitzaidan erreportajea egiteko, haurrendako antolatzen nituen eskulan tailerrez. Berantago, bideo ekoizpen ikastaldiak harrapatu ninduen, geroztik, laguntzaile gisa aritu naiz. Ene aire bafada zen: amagintzatik ateratzekoa. Ene hatsartzeko familia zen. Horri esker ere euskaraz hasi ginen bilkurak egiten, bildumak, erreportajeak. Ematen zidan parada kantaldiak ezagutzeko, toki berriak, eta kultura ezagutzekoa: toberak, kabalkadak, pastoralak... Euskarazko irratia ere entzuten hasi nintzen...

Irudi gelditzea praktikatzen duzu; noiztik?

Ene sorterriarekin beti loturak atxiki ditudan gisan, naturarekin ere bai. Betidanik egin izan dut. Zenbakizkoa agertzearekin, ordea, dirurik gabeko argazkilaritza egin zenezakeen. Ordenagailuak eta Internetek ere lagundu naute zentzu horretan. Zoko moko anitzetara nindoanez argazkiak egiten nituen, beti Aldude ibarrean. Bakardade uneak dira, biziki gogorrak. Argazkiaren medioz ttipiaren mundua deskubritu nuen: biziki hurbiletik hartzen nituen gauza ttipiak. Alanbreen seriea burutu nuen: presoak heldu zitzaizkidan gogorat. Eta aldi berean, alanbreek zer bizia duten ikaragarria da.

Ikusmenaz gain, dastamena ere lantzen duzu.

Ardi gasna dastatzailea naiz. Bai ere zerrikiarena, nahiz orain bazter utzia dudan ez baitut astirik gehiago. Egiaren erraiteko, ardi gasna ez zen ene sukaldaritza maletan sartzen! Baina Aldudarrak bideori esker Bortuaren egunera joan nintzen erreportaje baten grabatzerat, Pantxika Maitiarekin batean. Han segitu nuen gasna dastaketa, bai ere dastatu. Hola nuen jakin bazirela dastaketak Ossau-Irati sor-markan. Izan ere, barne diren gasna guziek urtero dastatuak dira, jakiteko labela mantendu dezaketen ala ez. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren bidez formakuntza bat egiten da. Kontsumitzaile dastatzaile gisa ari naiz, ostegunero. Gainera, lehiaketetan ere parte hartzen dut, epaile gisa.

Berdinen arteko ezberdintasunak handi direa?

Gasna guziak ezberdinak dira. Denen lana baloratzen ikasi dut, deskubritu baitut gasna batek zer lan dakarren, egileak sukaldari chefak dira. Bada ere hor artzainaren lana, ardiekiko amodioa... ez da bakarrik gasna jatea, bada beste zerbait, eta zerbait hori ere bada Euskal Herria. Desmartxa bat da. Dena lotua da; euskararekin, euskaldunekin... Besteek egiten ez duten zerbait da. Ez dakit integratua naizen edo asimilatua! Iragana iragana da, kultura malgaxea galdu dut beste honen hartzeko. Ene Bordeleko familiak ez du ulertzen zer den Euskal Herria, Kanaldude, EHZ, Laborantza Ganbara... Beste mundu batean naiz, arrunt.

AIBA elkartean ere militante zara.

Deserrotua izan naiz, eta AIBA elkarteak bertako parte sentiarazten nau, sustraitua. Aldiz, badakit beti ezberdina naizela, eta hori lantzen dut, horri esker ez bainaiz behartua besteek egiten duten guzia egiteko, nahi dudana egiten dut. Paradoxikoa da. Aldude ibarra hobetzeko elkartea da. Etxe hutsei buruzko gogoeta bultzatu genuen, auto partekatzea... Aldarrikatzen duguna da gauden herrian bizitzeko eskubidea eta betebeharra, egunez egun, ez dadin izan toki turistikoa bat. Orain bagabiltza etxekoz etxeko, dugunarekin zer egin dezakegun gogoetatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.