Haragiaren industria. Osasuna eta ingurumena

HARAGIAREN BEKATUAK

Gaur egungo haragi kontsumoa ez da jasangarria: txarra da gizakien osasunerako, eta planetarentzat kaltegarriak diren gas emisioen %25 dakartza. Hala ohartarazi dute Nazio Batuen Erakundearen eta beste instituzio batzuen txostenek. Adituen arabera, produkzio moduetan jarri beharko litzateke arreta: abereen bizi baldintzetan eta haiek hazteko erabiltzen diren elikagaietan, bereziki.
BERRIA

Jokin Sagarzazu -

2019ko urriak 13
Euskal herritar batek, batez beste, hiru haragi kilo baino gehiago kontsumitzen ditu hilean; asko jota jan beharko lukeenaren bikoitza ia. Horrez gain, haragi horren kalitatea ez da egokiena, eta, horrekin loturik, produkzio moduak ere zalantzazkoak dira, aditu gehienen arabera. «Logikoa da sektoreak bere burua defendatu nahi izatea, baina informazio eta txosten zientifiko asko dauzkagu gaur egun, askotariko arriskuez ohartarazten digutenak: abeltzainek eta harakinek ez lituzkete eraso gisa ikusi behar ikerketa horiek, eta kezka gehiago agertu beharko lukete ekoizten dutenaren inguruan, moduagatik eta kalitatearengatik», azaldu du Carmen Perez Rodrigo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko irakasle eta Elikadura Komunitarioaren Espainiako Elkarteko presidenteak. Argi mintzo da: «Gaur egun jaten den haragi gehiena oso kalitate eskasekoa da».

Haragiaren kontsumoa, osasunerako arrisku faktorea izateaz gain, ingurumenerako ere bada. NBE Nazio Batuen Erakundearen IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren arabera, planetarentzat kaltegarriak diren gas emisioen %25 sortzen dute abeltzaintzak eta abereen bazka ekoizteko nekazaritzak, ziklo osoa kontuan hartuta —produkzioarekin eta garraioarekin loturiko guztia —. Gainera, deforestazioaren arrazoi nagusienak dira bi jarduera horiek —erabilgarria den lurraren %60tik gora hartzen dute—, ur gezaren %50 inguru erabili behar dute, eta ibai eta itsasoen kutsadura arrazoi nagusienetako bat dira.

Merke eta asko

Konparazio baterako: haragia lortzeko behar diren baliabideak askoz ere handiagoak dira begetalak lortzeko behar direnak baino. NBEren FAO Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak azaldu duenez, haztegi industrial batean hazitako txahal haragi kilo bat produzitzeko, adibidez, 27 kilo karbono dioxido (CO2) igortzen dira airera, 15.000 litro ur behar dira, eta 6.000 metro koadro lur, animalia hori elikatzeko pentsua ekoizteko. Dilisten kasuan, aldiz, kopuru bera lortzeko, behi haragiarentzako produzitzen den CO2-aren erdia igortzen da airera, eta heren bat ur eta lur behar da.

«Egungo haragi produkzioa ez da iraunkorra. Gehiago esango nuke: ez da beharrezkoa, eta absurdoa da ikuspuntu praktiko batetik: ez dugu zertan hainbeste kontsumitu; nire ustez, ez genuke haragirik jan behar, alternatibak baditugulako. Gainera, immorala da guztiz, animalien sufrimenduagatik». Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Centre for Animal Ethics-eko zuzendaria da Nuria Almiron. Berak argi du txosten zientifikoez eta osasunari buruzkoez gain haragiaren kontsumoari buruzko eztabaidan ikuspuntu etikoa txertatzea ezinbestekoa dela. Zalantzarik ez du: «Animalia horien bizi baldintzak ikusiko balituzte, pertsona guztiek utziko liokete haragia jateari».

Hori gertatuko balitz hainbat espezie desagertuko liratekeela diote Almironen ikuspuntuarekin bat ez datozenek. Sara Lorda albaitari eta Biolurreko teknikariak ez du horrela pentsatzen. «Animaliarik gabeko mundu bat nahi dugula? Ez noski. Kontua da nola nahi ditugun animalia horiek». Abeltzaintza ekologikoan aditua da, eta gertutik ezagutzen ditu abereen bizi baldintzak; horien ondorioek gizakien osasunean duten eragina nabarmendu du berak. «Izugarria da egiten ari garena: beren inguru naturaletik atera ditugu, eta ez ditugu behar bezala elikatzen, oso kalitate txarrekoa da ematen zaien pentsua: animalia berehala gizendu nahi da, eta horrek lotura handia dauka gero gurera iristen diren gantz aseekin-eta. Haragi merkeago bat lortzeko, abereen eta gure osasunari kalte egiten ari gara».

Almironen aldean, halere, Lordak uste du eztabaida ez dela «abeltzaintza bai, abeltzaintza ez». «Nire ustez, produzitzeko modua da gakoa», azpimarratu du. «Animalien sufrimenduaren planteamendu etikoarekin ados egonda ere, ez dut uste denok haragia jateari utziko diogunik: arazoari irtenbide bat bilatu nahi badiogu, ez dut uste hori denik soluzioa, gaur-gaurkoz behintzat».

Lordak gogoratu du «jende asko» bizi dela abeltzaintzatik; gizakia animalia orojalea dela, eta haragia jateko ohitura oso zabaldua dagoela. Horrekin lotuta, azpimarratu du baliabide ekonomiko gutxiago dutenek haragi gehiago jaten dutela —herrialde garatuetan, bereziki—, eta hori dela haien dieten oinarria. Adituaren ustez, puntu horietan jarri beharko litzateke arreta aurrera begira. «Nire ustez, gutxiago produzitu beharko litzateke, ekoizleei ahalik eta kalte gutxien eginez; adibidez, prezioak igoz, kalitatearekin batera. Eta haragi gutxiago jan beharko genuke, horretarako alternatibek kontsumitzaileen erosahalmena gehiago garestitu gabe». Berdin pentsatzen du Perez Rodrigo nutrizionistak. «Garestiagoa balitz, gutxiago kontsumituko litzateke, eta horrek eragin zuzena izango luke pertsonen osasunean eta ingurumenean».

Haren ustez, okela jan gabe «arazorik gabe» bizi daiteke gaur egun, baina, horretarako, «informazio asko» behar dela uste du. Horren harira, gogoratu du haragiek «balio biologiko oso handiko proteinak» dituztela, bitamina «interesgarri» ugari, eta, bereziki, burdin kantitate «garrantzitsua». Horiek jatorri begetaleko eta esnekietako proteinekin ordezka daitezke, baina «kontu handiz» jardun behar dela ohartarazi du; nagusiki, behar bereziak dituztenek edota egoera berezietan daudenek: haurtzaroan, haurdunaldietan...

Perez Rodrigoren arabera, kontsumoa «neurrira ekartzea» izango litzateke «egokiena»: haragi gorriak deiturikoak, adibidez, astean behin edo bitan jatea —500 gramo gehienez—, «kalitatekoak» izan daitezen zaintzea, eta kozinatzeko moduan arreta jartzea, frijituak eta errekiak saihestuz. Halaber, haragi eraldatuen kontsumoa «erabat saihestu» edo «nabarmen murriztu» beharko litzateke, haren ustez —urdaiazpikoak, odolkiak, haragi gazituak eta ketuak, eta saltsak, besteak beste—. «Ikerketek haragi gorria jarri dute jo puntuan, eta oilaskoa, indioilarra eta gisakoak gehiago kontsumitzen hasi gara, baina prozesatua edo eraldatua bada, ez da ona».

Hain justu, horretan jarri du arreta OME Osasunaren Mundu Erakundeak bere azken txostenetan. Tabakoaren, amiantoaren eta plutonioaren talde berean sartu du haragi eraldatua; koloneko edo ondesteko minbiziaren eragile nagusien artean jarri du. OMEk datuetan zehaztu du gaixotasun horiek garatzeko arriskua: egunero 50 gramo janez gero %18 areagotzen dela dio. Perez Rodrigo bat dator ikerketok diotenarekin; dena den, uste du elikagai bati arreta osoa jarri ordez elikadurari osotasunean begiratu behar zaiola. «Garrantzitsuena da gure elikadura gure bizi ohituretara egokitzea. Egun, desoreka handiak ditugu: oro har, oso sedentarioak gara, eta kaloria asko kontsumitzen ditugu». Baina, bereziki, jakien kalitatearen inguruan «hausnarketa sakona» egin behar dela azpimarratu du, eta, zehazki, kontrol neurrien inguruan. Instituzioei egin die deia. «Euskal Herrian jaten den haragi gehiena kanpotik ekartzen da. Kontrolek neurtzen dute osasunerako kaltegarria den ala ez; ez dute esaten kalitatezkoa den ala ez».

Industria indartsu bat

Baina haragiaren kontsumoa nola iritsi da gaur egungo mailara? Argi du Almironek: «Merkatuaren logikak ekarri gaitu hona: kapitalismoak, agian, ez du arazo hau sortu —aurretik ere jaten genituen-eta animaliak, eta gaizki tratatzen— , baina zalantzarik ez dago larriagotu egin duela egoera». Haren ustez, azken urteetako txostenak «oso agerian» uzten ari dira gaur egungo dietak ez direla «jasangarriak», eta horretan jarri behar dela arreta; erakundeen jarrera salatu du: «IPCCren eta halakoen txostenetan seinalatzen dira egoeraren erantzuleak, baina aholkuetan ez dituzte aipatzen haien izen-abizenak. Konturatu dira dietaren gaia ezin dela saihestu, baina haragiaren industria dute kontra. Oso-oso indartsua da, eta gobernuen gainetik dago».

Lordak 1940-1950eko hamarkadan jarri du fokua, 1936ko gerraren eta II. Mundu Gerraren osteko garaian. Orduan zegoen goseteari bizkor aurre egiteko, eta produkzioa merkatzeko helburuarekin, abeltzaintza intentsiboak «sekulako hazkundea» izan zuen, azaldu duenez. «Eraginkortasunaren izenean, utzi egin zitzaion animalien bizi erritmoak errespetatzeari, eta haien elikadura pentsuetan oinarritzen hasi zen, bizkorrago hazteko eta guk jan genitzan». Haragiaren industriak zer garapen izan duen ikusita, argi du ondorioa: «Egungo prezioak ez dira errealak; ezinezkoa da kalitatezkoa eta osasuntsua izatea».

Perez Rodrigok ere garai hartara egin du jauzia. Aurretik haragia hartzea «luxua» zela gogoratu du: «Ezkontza menuetan oilaskoa jartzen zen». Gerraostean, nabarmen aldatu zen egoera, eta produkzio gastuak beheratu heinean, pertsona batek haragia jan gabe elikadura defizitak izan zitzakeen ustea zabalduz joan zela dio. «Eta horretan gaude gaur egun, nahiz eta jakin hori ez dela horrela».

Almironek izena jarri dio horri: adikzioa. «Animalia proteinaren menpeko egin gaituzte, eta kontsumitzen dugun horren erdia ere ez dugu behar». Ikerlariaren arabera, estatuek badute zer esana egoerari buelta emateko. Gogoratu du IPCCren txostenean, adibidez, adituek aholkatu dutela elikagaien prezioan kontuan hartzeko produkzioak osasunean eta ingurumenean eragindako kalte askotarikoak. Almironek ez du gaizki ikusten neurria, baina uste du «ausartago» jotzeko garaia dela. Haragiaren industria «berrantolatu» behar dela dio, «animaliarik gabeko industria bat izan dadin». «Baina ez planteamendu ezinezko eta futuristekin. Helburu hori lortzeko, bi gauza behar dira: batetik, pedagogia, eta, bestetik, egungo finantzaketa bideak elikaduraren beste alor batzuetara bideratzea».

Haragia zergapetzearen proposamenarekin bat dator Perez Rodrigo. Uste du «osagarri» bat izan daitekeela beste produktu batzuk lehenesteko. «Eskuragarriagoak izan beharko lukete frutak eta barazkiek, bereziki garaian garaikoek eta etxetik gertu ekoiztutakoek». Azpimarratu du instituzioek nekazari horiei laguntza gehiago eman eta «informazio eta kontzientziazio kanpaina gehiago» egin beharko lituzketela.

Horrekin loturik, kontsumitzaileengan jarri du arreta Biolurreko teknikariak. Nabarmendu du barazkien kalitateari buruz kontzientzia handiagoa dagoela haragiari buruzkoan baino. «Lurreko pestiziden inguruan oso zabalduta dago kezka, baina abeltzaintzaren kasuan ia inork ez dio bere buruari galdetzen animalia horiek zer jaten duten, nola ekoizten den pentsu hori, zer kalitate duen... Ezjakintasun handia dago».

Abeltzaintza ekologikoa?

IPCCk uda honetan kaleratu duen txostenak dio egungo ereduarekin ezin dela gehiago jarraitu, eta abeltzaintza intentsibotik estentsibora eta ekologikora trantsizioa egitea gomendatu diete agintariei. Almiron kritiko azaldu da proposamen horrekin, eta «falazia» bat dela dio. «Gaur egungo kontsumo mailari eutsi nahi bazaio, ezinezkoa da egungoa ez den beste produkzio modu molde bat». Besteak beste, zehaztu du horri eusteko nahikoa lur ez litzatekeela egongo munduan, «horretan soilik bada ere» abeltzaintza intentsiboaren aldekoen argudioekin bat eginez.

Abeltzaintza ekologikoa deiturikoa ere kritikatu du, «bere horretan kontraesana» dela iritzita. «Saldu nahi dizkigute metodo tradizional erromantizatu batzuk, non animaliek ez duten horrenbeste sufritzen, gutxiago hiltzen dituzten, baina abeltzaintza ekologikoa deiturikoa ere praktika esplotatzaile bat da, eta, beraz, indarkeriazkoa. Animaliek berdin-berdin amaitzen dute kosifikatuak, manipulatuak eta, azkenean, hilda. Esplotazio bihozbera ez da existitzen: ezinezkoa da».

Abeltzaintza ekologikoa kontzeptuarekin ere zalantza ugari ditu Lordak, horretan aditua dela agertu arren bere aurkezpen txarteletan. Nabarmendu du abeltzaintza estentsiborako leku urria duten herrialdeetan —bereziki Europa iparraldean— sortu eta garatu den deitura bat dela. «Baina, funtsean, han eta hemen abeltzaintza ekologiko intentsiboa egiten da». Euskal Herriko kasuan, Lordak gogoratu du abeltzain txikiek kanpoko ekoizle handien aurka lehiatu behar dutela, eta errentagarritasuna lortu nahi badute modu intentsiboan baino ezin dutela jokatu. «Behiak larreetan-eta dituzte, baina buru gutxiago: etekina lortzeko, metodo intentsiboak erabili behar dituzte, eta oso zalantzazkoa den pentsuarekin-eta elikatu behar dituzte».

Eusko Label, Kilometro 0 eta antzeko etiketak dituzten haragiez ari da Lorda. «Kalitate handiagokoak» izan arren —«eta, beraz, osasuntsuagoak»— araudiek «harago» egin beharko luketela uste du; bereziki, ingurumenari begira. «Agian ez gara ohartzen, baina behar baino handiagoa da gure larre eta mendietan dugun abere karga». Ikerlariak azaldu duenez, lur eremu horiek ez dira gai, besteak beste, animaliek sortzen duten nitrogenoa —«beren elikadurarekin lotura zuzena duena»— asimilatzeko, eta, lurrak erabilezin bihurtzeaz gain, ibaietan amaitzen dute osagai kimiko horiek. Lordak bezala, argi du Perez Rodrigok ere: «Ingurumena zaindu eta gure elikadura osasuntsua izatea nahi badugu, aurrena abereena zaindu behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna