Albistea entzun

«Izotz urtzearen eta prezipitazio uren presioak eragin du hondamendia»

Italia iparraldean izan den ezohiko beroaren eraginez erori da Marmoladako glaziarraren zati bat, Izagirreren arabera. Uste du balitekeela Alpeetan ehunka glaziar zati arriskutsu egotea, eta tentuz jokatu behar dela.

ANDREW OPILA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko uztailak 5

Pirinioetako eta munduko glaziarrak ikertzen aritzen da Eñaut Izagirre glaziologoa (Elgoibar, Gipuzkoa, 1990). Alpinismoa ere zaletasuna du, eta bata eta bestea uztartu ditu glaziar arteko mendilerroetan. Marmoladan (Italia) gertatu denak ez du ezustean harrapatu. Aurrera begira, garbi du: antzeko gertaerak izango dira, eta mendizaleek ere hasi beharko dute euren jarduna klima aldaketaren arabera egokitzen.

Ze azalpen tekniko du Marmoladan gertatutakoak?

Batetik, testuingurua hartu behar dugu kontuan. Italia iparraldean, Euskal Herrian gertatu zen bezala, bero bolada luze bat izan zuten, gutxienez astebetez. Marmoladako glaziar osoa elur geruza batek estaltzen zuen ekainaren 12ra arte. Bero boladak elurra urtu, eta izotza agerian utzi zuen. Hortaz, lehen elurrak guztiz estaltzen zuen glaziar horren erdia baino gehiago agerian gelditu zen. Beroaren adibide bat da, esaterako, Marmoladaren tontorrean 10 graduko tenperatura izan zela larunbatean.

Pirinioetan gertatu den gauza bera, ezta?

Hori da. Pirinioetan bezala, ohi baino lehenago gertatu da prozesu hori. Horrek eragiten duena da urtze ur horiek ez direla zertan modu eraginkorrean drainatu, eta baliteke pitzaduretan edo glaziarraren oinetan pilatu eta konduktuak sortzea. Berotze fase horretan, gainera, izan diren prezipitazioak euri formakoak izan dira. Hortaz, ur gehiago pilatu da. Izotz urtzearen eta prezipitazio uren presioak eragin dute hondamendia.

Mendia igotzeko ohiko bidera erori da izotza.

Bai, ohiko bidearen gainean dago eroritako glaziarra. Tamalez, hainbat eta hainbat sokaldi harrapatu zituen.

Ematen du labana batekin moztu dutela eroritako glaziarra. Zergatik da hori?

Itxura du arrakala bat kolapsatu dela. Horren gainean justu beste arrakala bat dago, oso antzekoa, eta behekoak bien presioa jasango zuen, segur aski. Gainera, toki oso maldatsuan dago, eta, beraz, grabitateak ere eragingo zuen.

Esan daiteke Pirinioetako glaziarren antzeko ezaugarriak dituztela Dolomitetakoek?

Esan genezake lotura bat daukatela. Biak Europako hegoaldean dauden glaziarretako batzuk dira. Gainera, izotzaldi txikitik Dolomitetako glaziarrek izan duten azalera galera Pirinioetakoen antzekoa da. 26 kilometro koadroko hedadura lauzpabostean geratu da. Pirinioetan bi kilometro koadro ziren, eta, orain, berriz, 200 hektarea inguru. Glaziar hau kareharriaren gainean dago, eta kontuan hartu behar da harkaitz kareharritsua izatez beroagoa dela granitozkoarekin alderatuta.

Guardia Zibilaren erreskate taldeak Anetoko glaziarraren arriskuaren inguruan ohartarazi zuen aurreko astean. Eraginkorrak dira halako deiak?

Marmoladan bezala, baliteke Alpeetan ere ehunka edo milaka glaziar arriskutsu egotea. Nahiko zaila iruditzen zait horiek guztiak aztertu eta monitorizatzea. Agian, abisuak jaso baino gehiago, mendizaleek jakin beharko genuke zelan dauden mendiak. Adibidez, nik garbi daukat gaur egun hobe dela Anetora ekainean joatea, abuztuan edo irailean baino. Aurten, berotzearen eraginez, beharbada lehenago ere hobeto. Horrez gain, aintzat hartu behar da bakoitzaren trebakuntza, goizean goizago ibiltzea. Mendizale bakoitzaren esku ere badaude gauzak, eta ez dakit zenbateraino den instituzioen ardura horretan sartzea.

Reinhold Messnerrek, adibidez, esan du Alpeetako glaziarren egoera arriskutsuago bihurtzen ari dela urtetik urtera.

Bai, klima aldaketaren harira, gero eta zaurgarriagoak dira mendiak. Izotz Aro Txikitik datozkigun glaziar horiek, tenperaturak igo ahala, gero eta kalteberagoak dira. Ikerketa askok erakusten dute mendietako ohiko bide ziren batzuk gero eta zailagoak direla, pitzadurengatik, errimaiak horma nagusietatik banatu direlako... Uste dut hori dela etorkizunean izango dugun egoera, eta horren arabera jokatu beharko dela. Hau da, gauzak ezin dira egin beti egin izan ditugun bezala. Mendizaleok gogoeta egin beharko dugu arriskuak hobeto kudeatzeko.

Marmoladako glaziarra, Dolomitetako handiena izanik ere, hamarkada gutxiren buruan desagertuko dela ohartarazi duzue zientzialariok. Horretan ere, Pirinioetakoen antzera.

Bai, Pirinioetakoa nahiko garbi daukagu. Aurtengo udan ikusi duguna nahiko tamalgarria da. Eta Dolomitei dagokienez, bada, antzera. Beste gauza bat da Alpeetako glaziar handiek nola erantzungo duten, 2050. urterako baino gehiago, 2100. urterako. Mer de Glace urtero bi edo hiru metro mehetzen ari da. Klima aldaketaren inertzia betean gaude, eta glaziarrak joera horren mendekoak dira. Beraz, hori ikusiko dugu hurrengo hamarkadetan. Horrekin bateratsu edo, gizakiok ere gero eta gehiago joaten gara mendira.

Kasu honetan, pentsatzen dut eroritako glaziarra ez dela berriro osatuko, ezta?

Ez, gerta daiteke goiko arrakaletan kolapso gehiago izatea. Arrakalak izanda, glaziarrak izango du fluxu bat aurrera begira, baina gehiago mehetzeko eta harkaitz amarekin lotuta izoztegi bihurtzeko joera izango du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donald Trump AEBetako presidente ohia, Alderdi Errepublikanoaren ekitaldi batean. ©SHAWN THEW / EFE

Trumpen zerga aitorpenak aztertzeko baimena du Ordezkarien Ganberak

Gorka Berasategi Otamendi

Pompeoren eta Mastrianoren urtarrilaren 6ari buruzko deklarazioek ikusmina piztu dute
Taiwango armadaren maniobra militarrak, atzo, Pingtung eskualdean. ©RITCHIE B. TONGO / EFE

Probokazio akusazioak jaurtika

Iosu Alberdi

Taiwanek maniobra militarrak hasi ditu uhartearen hegoaldean, eta Txinak eutsi egin die bereei. Nancy Pelosik uste du bere bidaiak «merezi» izan duela
Soldadu israeldarrak gazte bat miatzen, atzo, Hebronen. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Al-Fatahren adar armatuko bi kide eta adingabe bat hil ditu Israelek

Arantxa Elizegi Egilegor

Estatu indarrek sarekada bat egin dute Nablusen. Gutxienez 40 lagun zauritu dira liskarretan
Polizia, bart, Donald Trumpen etxearen kanpoaldean (Palm Beach, Florida, AEBak). ©Jim Rassol / EFE

FBIk Donald Trumpen etxea miatu du

Paulo Ostolaza

AEBetako presidente ohiak dokumentu klasifikatuen erabilera okerra egin ote duen ikertzen ari da Ikerketa Bulego Federala. Trumpi hiru urte arteko zigorra jar diezaiokete, dokumentu federalak ezkutatu dituela frogatzen bada.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...