Taberna eta elkarteetako ordezkariek ez dute saio guztietan egon beharko

Defentsaren eskaria onartu du fiskaltzak, guztiek akusazio gogorrak dituztela gogora ekarri ostean

Auzipetuak eta taberna eta elkarteetako ordezkariak, atzo, auzitegiaren kanpoaldean. MARTA JARA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Beldurtu ziren MarceloAzkarraga fiskala hizketan hasi zenean. Gogor egin zuen herriko taberna eta elkarteen kontra, eta bazirudien defentsaren eskaerari kontra egin eta haien ordezkariak auzi saio guztietan egoteko eskatu behar zuela. Azkenean, hori ez zela beharrezkoa esan zuen, guztien lasaigarri. Auzitegitik irten eta Euskal Herrirako bidea hartu zuten 110 ordezkariek, gaurko saioan egon beharrik ez daukatenez.

Baina hizketa hotsa hedatu zen salan fiskala herriko tabernen kontrako akusazioari begiratubat egiten hasi zenean. Epaileak isiltasuna eskatu zuen pare bat aldiz. «HBk herrikoen istrumentalizazio politikoa eta finantzarioa egin zuen», haren esanetan, ETAren aginduz. Beraz, taberna eta elkarte horiek ETAri diruz lagundu zietela dio. Argudioak azaltzen ari zela, herrikoen abokatu bat protesta egin eta hori eteten saiatu zen arren, epaileak ez zion utzi, eta abokatua behin eta berriro tematu zela-eta haserretu ere egin zen epailea. «Isiltzeko esan dizut; hemen nik zuzentzen dut nahaste-borrastea», esan zion. Geroago ere izan zuen ateraldi xelebre bat: ahaztu egin zitzaion herri akusazioek herrikoen ordezkarien presentziari buruz galdetzea. Haiek protesta egin eta defentsarekin eta fiskalarekin bat egiten zutela esan ostean, «banekien kontuak bide horretatik joko zuela», erantzun zion.

Taberna eta elkarte horiek zigortzea nahi du fiskalak. Bahitzea, hain justu. Horregatik, auzi saioetan epaiketan egon beharrik ez duten arren, haien kontra akusazio larriak daudela ohartarazi zien fiskalak, akusazioaren halamoduzko laburpen bat eginez.

Besteak beste, gogora ekarri zien Espainiako Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak HB, EH eta Batasuna legez kanpo utzi zituenean alderdi horien egoitza eta ondasunak itxi eta bahitzeko agindu zuela. Orduan, herriko tabernen eta alderdien arteko harremana frogatu gabe zegoenez, sumario hau amaierara eraman, epaitu eta lotura hori frogatu arte neurririk ez hartzea erabaki zela azaldu zuen fiskalak. Orain, ordea, alderdien eta taberna eta elkarteen arteko lotura frogatzen bada, epai hura betearaziz tabernen kontra ere egin egin behar dela ohartarazi zien Azkarragak, aurrean zituen ordezkariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.