Krisi politikoa Grezian. Ahultasun ekonomikoa

NDF geldi, hurrengo gobernuaren zain

NDFk uste du Greziak oraingoz iraun dezakeela erreskateko azken 1.800 milioiak jaso gabe.

Berlinek ohartarazi du hurrengo gobernuak eskuak lotuta edukiko dituela.

Bruselak erreformekin jarraitzeko eskatu du
Greziako funtzionarioak, erakunde publikoetako langileak kaleratzearen kontrako manifestazio batean, Atenasen, hilaren 17an.
Greziako funtzionarioak, erakunde publikoetako langileak kaleratzearen kontrako manifestazio batean, Atenasen, hilaren 17an. YANNIS KOLESIDIS / EFE

Miren Garate - Jon Fernandez -

2014ko abenduak 30
Hauteskundeak iragarri bezain laster, Washingtondik iritsi da lehen mehatxua Greziara. Eta ez nolanahikoa: diruaren iturria itxiko dio Nazioarteko Diru Funtsak hurrengo gobernua osatu arte. Bigarren erreskatearen azken ordainketa egin behar zion Atenasi —1.800 milioi euro—, baina, Antonis Samaras lehen ministroak egindako murrizketei gutxiegi iritzita, NDFk eta Samarasek ez zuten ordainketa hori egiteko adostasunik lortu, eta egoera otsaila baino lehen konpontzea adostu zuten. Baina, bitartean, hauteskundeak aurreratu ditu gobernuak, Syrizaren mamuak —inkestetan lehen postuan dago— dena korapilatu dio troikari, eta NDFk Atenasekin dauzkan negoziazioak behin-behinean etetea erabaki du.

Urtarrilaren 25eko hauteskundeetan aterako den gobernuarekin hasiko da negoziatzen NDF erreskatea. Bitartean dirurik ez bidaltzeak arazorik ez duela sortuko uste du Gerry Ricek, NDFko bozeramaileak; «orain Greziak ez daukalako berehalako finantzaketa beharrizanik». Gikas Jarduvelis Greziako Finantza ministroaren arabera, herrialdeak ez du kaudimen arazorik izango martxora arte, baina erreformen erritmoa motelduko den beldur da, eta NDFrekiko negoziazioa zailduko den beldur.

Inkestek gobernura iristeko aukera ematen diote Syrizako buru Alexis Tsiprasi, eta hark argi utzi du ez duela onartuko oraingo gobernuak sinatutako akordiorik. Besteak beste, horregatik erabaki du NDFk negoziazioak etetea eta hurrengo gobernuarekin ekitea berriro. Nolanahi ere, Berlinek atzo argi utzi zuen irabaziz gero ere eskuak lotuta edukiko lituzkeela Tsiprasek. «Hauteskundeek ez dute ezer aldatuko Greziaren zorrari dagokionez. Gobernu berri bakoitzak aurrekoak egindako akordioak errespetatu beharko ditu», esan zuen Wolfgang Schaeublek, Alemaniako Finantza ministroak.

Zergatik halako ikara Syrizari? Promes iraultzaileak dakartzalako. Horien artean garrantzitsuena, zorra berregituratu nahi duela, eta zati baten barkamena lortu. Horrez gain, esan izan du gutxieneko soldata igo egingo duela, bankuekiko zor pribatuaren etenaldia onartuko duela eta inbertsioak sustatuko dituela 300.000 lanpostu sortu ahal izateko. Eurogunean jarraitzearen aldekoa da alderdia. Atzoko bozketaren ostean, honela esan zuen Tsiprasek: «Emaitzak erakusten du austeritatea amaitzeko borondatea».

Hauteskunde kanpainan, Syrizaren etorreraren mamua erabiliko du Samarasek. Brusela eta inbertitzaileak ere urduri daude. Atzo bertan, presidentearen aukeraketak huts egin ostean, behera egin zuten burtsek Madrilen, Milanen eta Lisboan ere. Kolpean %11 hondoratu zen Atenaskoa, baina eguna %4ko jaitsierarekin itxi zuen.

Esan izan da azkenaldian hobeto doala Grezia: langabezia EBko handiena da (%25,5), baina jaisten ari da, eta 2012az geroztik izandako mailarik apalenean kokatu da; BPGa ia %25 jaitsi arren, %1,6ko erritmoan ari da hazten; soldatak %2,1 gehitu dira urtebetean; uda sasoia apartekoa izan da turismorako; eta Greziako kontu publikoek superabit primarioa dute. Datu horietan oinarritu izan dira bai Antonis Samaras lehen ministroa eta bai Europako Batzordea bera herrialdea bide onetik doala sinetsarazteko. Denbora eskatzen du lehen ministroak; denbora eta beste neurri batzuk ere bai Bruselak.

Hobekuntzarik ez kalean

Jean Claude Junquer Europako Batzordeko presidenteak argi eta garbi esana du Samarasen hautagaitza babestuko duela. «Nahiago ditut aurpegi ezagunak boterean, ez muturreko indarrak». Pierre Moscovici Ekonomia Gaietarako komisario berria ere Atenasen izan da berriki, erreskateek ekarritako onurak nabarmentzeko asmoz. «Azken urteotan egindako esfortzuak hasi dira emaitzak izaten: lastima litzateke ez jarraitzea», esan zuen komunikabideen aurrean.

Alabaina, neurri horien arrakasta ez da hain agerikoa, beste adierazle batzuei begiratuz gero. Greziarena, akaso, bai, baina ezin esan greziarren egoera hobetzen ari denik: pobrezia tasa %23tik gora dago; lau herritarretik batek ez du osasun sistema publikora jotzeko eskubiderik; gazteen artean %57 da langabezia tasa; eta enpresek sekulako arazoak dituzte finantzabidea lortzeko.

Grezia ez da gai bere burua finantzatzeko. Epe laburrerako zorra jaulkitzen du, baina hori beti egin izan du, baita krisiaren unerik gordinetan ere. Bestelakoak dira gauzak luzera begira. Zor barkamenik izan ezean, dozenaka urte beharko ditu EBko beste bazkideei eta Nazioarteko Diru Funtsari zor diena pagatzeko, eta haien laguntza beharko du berriro merkatuek bizkarra ematen badiote —bi erreskate programen bidez 245.000 milioi euro jaso ditu herrialdeak porrota eragozteko—. Udazken hasieran Samarasek uste zuen Portugalek eta Irlandak egindakoa egin ahal izango zuela Greziak ere, eta erreskatetik irteera garbia egin ahal izango zuela. Baina merkatuek ezetz esan zioten, eta arrisku sariak gora egin zuen nabarmen. Egun gutxiren buruan, 460 puntutik 810 puntura salto egin zuen. Atzo ere 804 puntutan zegoen.

Galdera markaz beteta dago herrialdearen etorkizun ekonomikoa. Aurtengo abenduaren 31n zen amaitzekoa bigarren erreskatea, baina troikak izoztuta utzi dio azken ordainketa, ez baitago ados 2015erako onartutako aurrekontuekin. BEZ turistikoa bikoiztea, alkoholaren eta tabakoaren gaineko zergak igotzea eta pentsioak izoztea erabaki du. Hala eta guztiz ere, troikak uste du ia 3.000 milioi faltako direla, eta botiken gaineko BEZa igotzeko eta pentsio publikoak jaisteko eskatu du. Halakorik ez zuen onartu Samarasek. Erreskateari bi hilabeteko «luzapen teknikoa» ematea onartu zuen eurotaldeak, baina, orain, era bateko edo besteko gobernua osatzeko aukera zabaldu dute bozek, eta dena dago airean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna