Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak. Laura Borras. Junts Per Catalunyaren bozeramailea Espainiako Kongresuan

«Ez dago irtenbide politikorik presoak dauden bitartean»

Borrasek uste du Espainiak «uko» egin diola politikari, baina beharrezkotzat jo du buruzagi independentista presoen irteerari eta autodeterminazio eskubideari bide emango dien soluzio bat bilatzea.

DANI CODINA.
jon olano
Bartzelona
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hanka bat Madrilen eta bestea Bartzelonan duela dabil Laura Borras (Bartzelona, 1970). Buruzagi independentisten aurkako epaiaren biharamunean hartu du BERRIA, Kataluniako Parlamentuan. Aitortu du astelehena «egun zaila» izan zela, «aurreikuspenik okerrenak» bete zirelako.

Egun batzuk lehenago, jakina zen sedizioagatik zigortuko zituztela. Espero al zenuten zigorraren neurria?

Filtrazioak beharrezkoa ez zen krudeltasun erantsi bat izan dira Espainiako sistema judizialaren aldetik. Krudela izan da haientzat, baina, bereziki, senideentzat. Hori alde batera utzita, gerta zitekeen matxinadagatik zigortzea, gai izan direlako Jordi biak espetxera eramateko auto batera igotzeagatik, nahiz eta kazetari asko igo ziren bertara, eta Jordi biek jendeari eskatu arren handik etxera joateko. Akusazioa su txikian egosi dute, beren interesen arabera presoak zigortzeko, atzean gaudenei sinetsarazteko ez diezaiegula jarraitu haien pausoei eta autodeterminazioa gauzatzera joan zen gizartea kriminalizatzeko.

Epaiak zenbaterainoko tartea uzten dio independentismoari autodeterminazioa eta beste eskubide politiko batzuk aldarrikatzeko eta gauzatzeko?

Oso estua. Lau hilabete eman dituzte epaia idazten, eta Giza Eskubideen Aldarrikapeneko zortzi artikulu urratzen ditu: batzeko eskubidea, manifestaziokoa, ordezkaritza politikorakoa... Ez dezagun ahaztu gure kideek beren eskubideak osorik zituztela behin-behinean preso egonda, baina ez zirela errespetatu. Uste dut Espainiako Estatuan jendeak ez diola erantzun oinarrizko eskubideen murrizketari. Baina honek aurrekari arriskutsua jarriko du. Sedizioa ez dago demokrazia aurreratuen legedian. Horregatik dira gai mende bateko zigorra jartzeko mende bateko akusazio batekin.

Tartea estua bada, zein da berehalako lana: hura zabaltzea?

Ordu nahasiak izan dira epaia jaso dugunetik. 500 orrialde dira, eta zati handi bat erabiltzen dute autodeterminazioaz hitz egiteko, gertakariak epaitzera mugatu beharrean. Horrek esan nahi du doktrina politikoa egiten dutela; Espainiako Estatuaren arkitektura politiko instituzionalak erabaki du Kataluniako gatazka politikoari zigor zuzenbidearekin erantzutea, epaileek politikarien lana egitea. Eta alderantziz: politikariek, Meritxell Batetek Kongresuan eta Manuel Cruzek Senatuan, diputatuen eskubideak bermatu beharrean, Gorenaren epaile lana egin dute: eskubide politikoak kendu dizkiete diputatuei, matxinada akusazioa zutelako. Beraz, aurrean eraman zuten errugabetasun presuntzioa.

Epaia azaroaren 10eko bozen kanpainaurrean iritsi da. Nola eragingo du aurreko giroan?

Oraintxe, gutxien inporta zaiguna kanpaina da. Kideek horrelako kolpe bat jaso dutenean, gutxi axola du kanpainak, baina haiek esaten digute inoiz baino irmoago aritu behar dugula: politika ukatzen denean, inoiz baino politika gehiago egin behar dugula. Uler liteke jende askok sentitzea Espainiatik deskonektatu dela eta ez dela botoa ematera deitua sentitzen, baina zuk betetzen ez duzun espazioa beste batek betetzen du. Beraz, haiek politika ukatzen badute, guk ahal dugun guztietan egingo dugu politika: hautetsontziak jartzen dizkiguten bakoitzean, erabili egingo ditugu mezu bat zabaltzeko: independentismoak ez duela etsiko. Ikusten ditugun arriskuak hartu arren.

Zein da bozen ondorengo estrategia?

Jokalekua gero eta zatituago dago, eta horrek gero eta gehiago eskatzen du jarduera politikoa erabiltzea ados jartzeko. Hortik aurrera, Kataluniarekiko,trifachito-a bezain trifachito da PSOE. Pedro Sanchezek ez du ados jarri nahi izan bere ideiekiko gertuen daudenekin, eta nahiago izan du eskuinera jo, axola gabe zein den eskuin hori: eskaintzak egin dizkie PPri eta Ciudadanosi. Horregatik diogu gure botoak ez direla inoiz izango ezeren truke. Ezeren truke ez bada, ez dago bitartekaritzarik. Guk diogu asko izan behar dugula gure ahotsa entzunarazteko; ez dugu izan nahi arazo bat, enkaje bat edo kuestio bat: irtenbideak nahi ditugu, eta horien parte izan. Baina beste aldeak uko egin dio politikari.

Mahaiaren bestaldean norbait balego, zeintzuk dira elkarrizketa horren baldintzak?

Ez dago irtenbide politikorik presoak eta erbesteratuak dauden bitartean. Hitz egiten hasteko, zauriak sendatu behar dira, eta denok dakigu presoek ez dutela kartzelan egon behar. Konponbiderako marko orokor bati buruz ari gara; autodeterminazio eskubideak egon behar du marko orokor horretan, horregatik dauzkagulako preso politikoak.

Zergatik hitz egiten da amnistiaz eta ez indultuaz?

Ni irtenbide politikoaz mintzo naiz, eta, hor, amnistiak rol bat dauka, aurretik egindako akatsak sendatzekoa. Indultua formula bat da. Amnistia parlamentuan bozkatu behar da, eta, dugun jokalekuan, ez dakit zenbateraino den bideragarria. Ez dut hauspotu nahi agian bideragarritasunik ez duen aukera bat. Baina, edozein dela irtenbidea, horiek zigorgabetzea izan behar da, egoera bidegabe bat baita: programan galdeketa bat egitea zeramaten politikariei eman genien botoa, eta horregatik daude kartzelan.

Nola erreakzionatu dezake Generalitateak epaiaren ikusita?

Jendeak erantzun instituzional bat espero du: gobernutik, baina baita diputatuen, udalen nahiz beste erakunde batzuen aldetik ere. Urriaren 1a umiliazio bat izan zen Espainiako Estatuarentzat, eta orain mendekua hartzen ari da. Beraz, erantzun bat artikulatu behar da, gizarte osoaren aurkako eraso bat izan delako.

Baina 155. artikuluaren mehatxua du Torraren gobernuak.

155.a albiste txar bat izan da, da eta izango da Kataluniarentzat. Espainiako alderdien proposamena 155.a izateak erakusten digu albiste txarren jokalekuan gaudela. 155.a instituzio propioen bahiketa da. Normala da horrek kautela bat sortzea, baina uste dut ezin gaituela paralizatu.

Gobernuak protestarako eskubidea babestu zuen, baina mossoak oldartu egin ziren Praten. Nola uztartzen dira bi posizioak?

Ikusi nahi ez nituzkeen irudiak ikusi nituen astelehenean, polizia indar guztien aldetik. Akatsa da pentsatzea zureek ez dutela gauza bera egingo, guztiak baitaude estatuaren zerbitzura. Polizia polizia da, eta agindu judizialak betetzen ditu; beraz, eskatu behar da bere protokoloak bete ditzala.

Zer moduz ERCrekin?

Bakoitzak egiten du unean-unean uste duena onena dela, baina nik ikusi dudan bilakaera da katalanismo politikoak inoiz ez dituela bere botoak oparitu ezeren truke. Estatuak erabaki du gurekin gatazka izan nahi duela; beraz, guretzat une bereziki larria da, eta aurre egin behar zaio gure botoen indarrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.