Gorpuzkiak zeuden lekuan objektu pertsonal batzuk aurkitu dituzte Zaldibarren

Argazki kamera bat, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat topatu dituzte, besteak beste. Emaitzak ostiralerako izatea espero dute

Zaldibarko zabortegiko ikerketa lanak, herenegun. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Gero eta aztarna eta giza arrasto gehiago ari dira topatzen Zaldibarko zabortegian (Bizkaia), lehen gorpuzkiak topatu zituzten tokitik hurbil. Atzo, esaterako, zenbait objektu pertsonal aurkitu zituzten: argazki kamera bat, erloju baten uhala, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat. Joan den igandeaz gero, B1 gunean hari dira indusketa lanetan, eta jasotako gorpuzkien DNA laborategietan da, proba egiteko. Eusko Jaurlaritzak uste du bortz egunen buruan jakingo dituztela emaitzak, eta orduan jakingo dutela ea aurkitutako arrastoak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileenak ote diren.

Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta azpian harrapatuta geratu ziren Beltran eta Sololuze. Baskulatik 23 metro sakonago aurkitu dituzte gorpuzkiak eta objektu pertsonalak. Hain justu, gune horretan bertan egiten zuen lan Sololuzek. Igandean lehen aztarnak aurkitu zituztenetik lanean jarraitzen dute Zaldibarren, uste baitute gorpuzkiak aurkitu dituzten leku berean daudela Sololuze eta Beltran lurperatuta. Gorpuzkiak atzeman ondotik, epailearen esku dago ikerketa. DNA proba egingo dute gorpuzkiak norenak diren jakiteko, eta Juan Vicente Bilbao Polizia zientifikoko ertzainburuak atzo baieztatu zuen bost egunen buruan jakin ahal izango dituztela emaitzak.

Zabortegia otsailaren 6an amildu zen, eta orduan desagertu ziren bi langileak. 50.000 herritar inguru konfinatzea ere eragin zuen luiziak. Egunean bertan hasi ziren bi langileak bilatzeko lanak, baina gorabehera asko izan dituzte, eta sei hilabete pasatuta topatu dituzte lehen aztarnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.