SERIEA. Alderdiak, EAEko hezkuntza legeaz (I). Juana Bengoetxea (PP).

«Funtsezko gaietan alde handiak ditugu gobernuarekin»

EAEko hezkuntza legeari buruzko elkarrizketa sorta bat kaleratuko du BERRIAk aste honetan, Eusko Legebiltzarreko bost taldeetako ordezkariekin. Bengoetxeak argitu du legea eztabaidatzea «fase erabat berria» izango dela.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
PP adostasunetara heldu da EAJrekin eta PSE-EErekin, hezkuntza legea prestatzeko oinarrizko dokumentuan. Zenbait zuzenketa onartu zituzten hiruren artean astelehenean Eusko Legebiltzarrean. Ordea, Juana Bengoetxea PPko ordezkariaren iritziz (Bilbo, 1954), oro ez da adostasuna. «Zaila izango da lege hau onartzea».

Legebiltzarreko adostasunen ostean, hezkuntza legea lortzeko akordiorik egon daiteke?

Oso goiz da. Haiek gure proposamenak aintzat hartu dituzte, baina ez genituen aztertu mamirik handiena duten gaiak. Gure jarreraren eta gobernuaren jarreraren artean alde handia dago funtsezkotzat jotzen ditugun gaietan. Hezkuntza legea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea fase erabat ezberdina izango da.

Finantzaketaren gaia ez da agertzen akordiorako oinarrietan. Zein da PPren iritzia?

Gure jarrera nagusia da gurasoek ikastetxea aukeratzeko askatasuna izan behar dutela. Hezkuntzak doako zerbitzu publikoa izan behar du. Beraz, ikastetxeak Hezkuntza Sailaren aginduetara dauden heinean, betebehar berak badituzte, eskubide berak izan beharko dituzte.

Itunpeko sareko ikastetxeen egiturazko gastuak Hezkuntza Sailak ordaindu behar ditu?

Gure ustez bai, zerbitzu publiko bat eskaintzen dutelako.

Itunpekoen finantzaketa publikoak zerbaiten truke izan behar du?

Ikastetxe publikoek dituzten preskripzio berberen menpe egotearen truke, baita Hezkuntza Sailaren zuzendaritzaren menpe egotearen truke ere.

Irakasleen kontratazioa, adibidez?

Hori eztabaidatu egin beharko da. Ikusi beharko dugu nola egiten den beste herrialde batzuetan. Argi dagoena da irakasle horiek soldata bera izan beharko dutela.

Adituek proposatu dute euskaraz zein gaztelaniazB2 maila jartzea helburutzat derrigorrezko hezkuntza amaitzerako. Ados?

Bi hizkuntza ofizialek gaitasun funtzional bera izan behar dute. Oinarrizko hezkuntza amaitzean gazteleran hutsuneak antzeman dituzte, eta EAEko Eskola Kontseiluak berak aipatu ditu: hiztegian, ortografian...

Zer aldaketa egin behar da helburu horiek lortzeko?

Hori da eztabaidagaietako bat, eta orain arte ez da mahai gainean jarri. Guk eredu hirueledunaren alde egiten dugu. Oraintxe, ingelesa funtsezkoa da lana aurkitzeko, eta umeek prest atera behar dute ikastetxetik.

PPk proposatu zuen, eta onartu zen, ingelesaren helburua gazteleraren eta euskararen pare jartzea: B2. Errealista da?

Gaur egun ez da lortzen, baina Europako Batasunak helburu gisa markatu du, eta guk onartu egin dugu. Eskatzen duguna da EBk jarritako helburuak betetzea.

Segregazioari buruzko eztabaida hor da. Zerk sortzen du?

Eskola publikoak kalitatean lehiatu behar du, familiek zerbitzu publikoa aukera dezaten itunpekoaren gainetik. Horretarako, ekitatea ezarri behar da: haur bakoitzari behar duena eman. Eusko Jaurlaritzak segregazio politika egiten du, eskola publikoetan ere.

Zer kontrol mota ezarri beharko litzateke hori eragozteko?

Kontrolei buruz aritzea oso ondo geratzen da paperean, baina lehen matrikulazio urtean ezar ditzakezu, teorikoki, eta ikastetxea aukeratzeko eskubidearen aurka. Baina familiek, bigarren ikasturtean, matrikula alda dezakete nahi duten lekura. Ikastetxeak beteta zeudenean zaila zen hori, baina egun ia guztiek lekua dute.

Ikastetxea aukeratzeko eskubidea bermatuz posible da segregazioa zuzentzea?

Hori da erronka. Osakidetzarekin alderatu ohi dut beti egoera. Kalitatean lehiatzen da, eta herritarrek osasun zerbitzu publikoaren alde egiten dute. Hori bera lortu behar du Hezkuntza Sailak ikastetxe sare publikoarekin.

Errebalidek ezinegona sortu dute. Behar dira?

Eta bestelako ebaluazio tresnak ere bai: PISA... Jakin behar dugu non gauden munduan. Euskaldunen agerlekua mundua da, ez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mugak. Barne ebaluazioak egin behar ditugu, Hezkuntza Sailak prestatutakoak. Gehiago ere egin beharko genituzke. EAEko Eskola Kontseiluak aholkatu du barruko ebaluazioak egitea, zentroek egindakoak.

Irakasleen prestakuntzan hutsunerik ba al dago?

Baietz esango nuke. Irakasleei asko eskatu ohi zaie, eta ondo dago hori, baina, aldi berean, prestatzeko aukera ere eman behar zaie. Bestela, zaila izango da ikastetxeetara eta ikasgeletara ideia berriak eramatea.

Lan eskaintzak sistema egokiak dira irakasleak hautatzeko?

Sistema publikoak langile onenak behar ditu, eta hori zehazteko bidea merituak eta gaitasuna alderatzea da, aukera berdintasuna bermatuta.

Hainbat zuzenketa aurkeztu zenituzten Herenegun programari buruz, baina ez ziren kontuan hartu. Zer eskatzen duzue?

Ikuspuntu arazo bat da. Inoiz ez dugu onartuko hiltzaileen ikuspuntua nagusitzea. Hemen gertatu zaiguna ikuspuntu horretatik ematea historia desitxuratzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.