1637

Tulipen burbuila

2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bat-batean, landare bat urrearen pareko bihurtu zen XVII. mendean. Herbehereetan gertatu zen, tulipekin. Landarea, jatorriz, Asia erdialdekoa da, eta sultanen lorategiak apaintzeko erabiltzen zituzten, adibidez, gaur egungo Turkian. Germaniako Erromatar Inperio Santuko Maximiliano II.a enperadorearentzat lan egiten zuen Carolus Clusious botanikari flandiarrak Herbehereetara eraman zuen lorea aberatsenen lorategiak apaintzeko, eta hango dirudunek goi klaseen sinbolotzat hartu zuten. Tuliparen sukar antzeko bat hedatu zen, eta prezioak neurririk barik egin zuen gora 1635 eta 1636an. Lore bakarragatik 6.000 florin ordaindu zituzten Haarlemen. Sekulako dirutza, garaiko batez besteko soldata 200 eta 400 florin artekoa zela kontuan hartuz gero. Tuliparen sukarraren tamaina ikusirik, etorkizuneko lehen merkatua sortu zuten: hau da, produktua errentagarria izango zela sinetsita, etorkizunean egingo zituzten kontratuak eta inbertsioak sinatzen zituzten prezioak aurrez ezarrita. Negozio eredu horri windhandel izena jarri zioten, airearen negozioa. Eta halaxe, airez puztu zen negozioa ziztada bakarrarekin hustu zen. 1637ko otsailaren 5a izan zen burbuilaren azken eguna: 90.000 florinen truke saldu zituzten 99 landara. Hurrengo egunean, kilo erdi tulipa jarri zituzten salmentan 1.250 florinen truke, baina ez zuen inork erosi. Izua zabaldu zen, eta burbuila lehertu. Mundu guztiak nahi zituen tulipak lehenbailehen saldu, prezioa guztiz hondoratu aurretik. Eta zenbat eta tulipa eskaintza gehiago, prezioak orduan eta beherago. Milaka lagun geratu ziren kiebran, eta Herbehereetako ekonomia ere hondoratu egin zen. Gogorra izan zen historiako lehen burbuila espekulatiboaren faktura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.