«Errespetua» hormen gainetik

Elkar ezagutzeko, hitz egiteko beharra dagoela uste dute. Beste herritar askok bezala, ibilbide ezberdina egin dute, ez dute berdin pentsatzen, baina uste dute egin dezaketela zerbait elkarrekin. Ez da egun batetik bestera sortu hori guztia, baina pasa den ekainaren 11n egin zuten publiko Tolosako Bizikidetza Foroa askotariko pentsaeretako hamalau herritarrek. Hango Elkarriko taldea iraunkorki aritu da biltzen «gatazka gainditzeko ikuspegiak» trukatzeko, eta iazko udaberri aldera lagun gehiago gonbidatzea erabaki zuten. Ate berri bat ireki dute horrela gainontzekoen aurrean ere. Argi dute gauza bat: «Errespetua da giltza».
Lagun horietako bi dira Onintza Lasa eta Xabier Maiza. «Erantzukizun handia sentitu nuen gonbidapena jasotzean. Tolosa mailan izan arren, gauza oso serioa delako», dio Lasak. Hala ere, baiezkoa erantzun zuen, hiru arrazoigatik. «Batetik, ikuspegia edozein izanda ere, pertsona guztien giza eskubideen aldekoa delako. Oso garrantzitsua da hori». Bigarrenik, herritar gisa «erantzukizuna» duela uste duelako. «Gure seme alabei utzi beharko diegu zerbait, ahalik eta onena. Oso gutxi izango da egin dezakeguna, baina geurea jarri behar dugu». Eta azkenik, «itxaropena» baduelako.
Garai bertsuan esan zioten Maizari ere parte hartu nahi ote zuen. Ez zuen zalantzarik egin. «Erabat ados nengoen, beharra bazegoelako». Norbanako gisa hartzen dute parte guztiek, baina uste du «sozialisten sentsibilitatekoa» delako joan zirela beregana ETA politiko militarrean ibili zen, eta Euskadiko Ezkerrarekin zinegotzi izan zen ondoren Tolosako Udalean.
Bilerak egiten hasita, «elkar ezagutzea» izan da lehen egitekoa. «Nahiz eta herri berean bizi, sekulako pareta zegoen gure artean», dio Maizak. Lasa ere ados dago horretan: «Ez zegoen zubigintzarik orain arte». Prozesu horretan ari dira, jarrera horretan: «Inork ez du ezer epaitu beharrik. Besteena entzutea da, eta jakitea besteek zurea ere entzungo dutela».
Maizak onartu du ez dela erraza, baina prest egotea dela kontua. «Agian sentsibilitate bakoitzetik aurkeztu garen pertsonak gara pausoa emateko prest gaudenak. Baina badaude pertsonak, gure sentsibilitate berekoak, horretarako beharrik ikusten ez dutenak». Haren esanetan ere, jarrera da garrantzitsua. «Adibidez, nire jarrera izango balitz barkamenarena, guztiagatik barkamena eskatu behar dutela, edo ezker abertzalekoa joango balitz halako 'harrotasun' edo 'zera' batekin egin denagatik... Dena apurtuko litzateke».
Beren kabuz hasi ziren, baina udalak aukera eskaini zien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren programaren bidez, laguntza jasotzeko. Ez zuten gidari edo moderatzailerik hasieran, baina iazko abenduko aurrera Lokarriko Aitziber Blanco izan dute lan horretan. Laguntza eta metodologia bat beharrezko dela uste dute bi parte hartzaileek, besteak beste, eztabaida ez desbideratzeko. Hala ere, Lasak gogora ekarri du taldeak «autonomia osoa» duela hasieratik: «Horrek ere konfiantza ematen du».
Beste herri gehienetan ez bezala sortu da Tolosako taldearen ekinbidea: herri ekimenez. Ez da udaletik edo erakundeetatik bultzatutako zerbait izan. Maizak uste dute agian herrian ez zegoela baldintza egokirik talde politikoen artean. «Hasierako taldean oso lan ona egin zuten, eta oinarri hori utzi zuten». Bien ustez, hala ere, ahalegin guztiek dute tokia lortu nahi duten helburuan
«Niri asko balio izan dit»
Tolosan bertan, ezagunak dira bateko eta besteko biktimak. Azken urteetako historia «tunel ilun askok» osatzen dutela azaldu du Maizak: «Hori dena mahai gainean jarri, eta nolabaiteko gutxieneko kontakizun bat egin behar da. Ez kontakizun maximo bat. Ez dugu horretan borrokan ibili behar». Hori lantzeak, Lasaren hitzetan, «ez du kentzen bakoitzak pentsatzen duena».
Iraganari buruz, pentsatzen edo sentitzen dutenari buruz hitz eginda, etorkizunerako zerbait utzi nahi dute, beren txikitik. Hori nahi luke Maizak: «Edozein tolosar bere herrian eroso sentitzea bere pentsaerarekin. Jakitea kontra egingo diotela, baina ez dutela mespretxatu edo baztertuko pentsatzen duenagatik».
Lan hori zabaltzea erabaki dute, zerbait ekar dezakeela sinetsita. Eta bitartean, bidea egitea bera ere ez da gutxi. Lasa: «Niri asko balio izan dit».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.