GAKOAK

2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Zientzialariek metaforetara jotzen dute usu grabitate uhinak zer diren azaltzeko; ozeano kosmikoko olatuak direla esaten dute batzuek, eta badira urmael batean atzeman daitezkeen uhinez mintzatzen direnak ere. Hona uhinoi buruzko hainbat jakingarri:

Albert Einsteinek eman zuen horien berri. Einsteinek 1915ean argitaratu zuen erlatibitatearen teoria. Orduan, esplikatu zuen espazio-denbora tenkatutako oihal baten antzekoa dela: han objektu astunak jartzen direnean, desitxuratu egiten da. Desitxuratze horien ondorioz sortzen dira, hain zuzen ere, grabitazio uhinak. Ezin izan zuen horien gaineko ebidentziarik eman, ordea. Horregatik, ikertzaileek hamarraldi ugari egin zituzten uhin horiek existitzen direla egiaztatzeko ahaleginetan, eta, hain justu, 2016ko otsailean, LIGO behatokiko arduradunek esan zutenean uhinak atzeman ahal zituztela, oihartzun handia izan zuen albisteak; izan ere, ordura arte, horien existentziaren gaineko zantzuak besterik ez zituzten adituek, zeharka lortuak. Azaldu zutenez, 2015eko irailean izan zen aurkikuntza, baina hilabeteak behar izan zituzten egiaztatzeko. Zientzialariek uste dute aurkikuntza horrekin berretsi egin zela berriz erlatibitatearen teoria, eta inoiz baino ageriago geratu zela Einsteinek esandakoen egokitasuna.

Nazioarteko egitasmoa. LIGO behatokiak agerian utzi zuen zientzialarien arteko elkarlana garrantzitsua dela grabitate uhinak ikertzeko. Nazioarteko esperimentu bat izan zen, bi behatoki nagusi izan zituena, biak AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Orain, Italiako Virgo behatokiarekin ere ari dira. 2017ko urrian jakin zen Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne ikertzaileek jasoko zutela Fisikako Nobel saria aurkikuntza hori dela-eta.

Argia baino gehiago. Kosmosa ulertzeko ate berri bat ireki dute grabitate uhinek. Horiek egiaztatu arte soilik gorputzek igortzen duten argiari begira egoten ziren astrofisikariak, baina, ordutik, horiek sortzen duten grabitateari ere erreparatu diezaiokete. Adierazi izan dute, esaterako, zulo beltzen antzeko fenomenoak ikertzeko era erraztuko dela, eta hobeto ikertu ahal izango dela espazioaren sorrera bera, Big-Bang deitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.