Multinazionalak ere bihurtu dira etsai

Maputxeen hainbat lur atzerriko enpresen esku daude, Argentinan batez ere. Herri indigenak urte luzeko gatazka du Benettonekin, eremua enpresaren artile iturri baita; han zaintzen ditu 100.000 ardi.

MAITE H. MATEO / BESTEAK.
ander perez zala
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Beren lurren defentsan, ekintzaile maputxeek enpresen aurkako erasoak egiten dituzte, gehienbat multinazionalen aurka, betiere inor hiltzeko helbururik gabe. Gatazka horretan, nazioarteko erakundeek eskatu diete bi estatuei, Txileri eta Argentinari, jatorrizko lurrak itzul diezazkietela maputxeei —besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak—. Legediak hainbat prozedura ahalbidetzen dizkie indigenei lurrak berreskuratzeko, baina ez dute Wallmapu osoaren jabetza berreskuratu. «Gure lurra bitan zatitu dute. Txiletarrak eta argentinarrak izatera behartu gaituzte. Kolonizazioa izan da», salatu dute komunitate maputxeek. Argentinan, indigenen lur ia guztiak multinazionalen esku geratu dira. Europako eta AEBetako enpresa asko daude han, lurrak eta baliabideak ustiatzen; esaterako, Endesa eta Benetton.

Hain justu, Benettonekin dute maputxeek gatazka handienetarikoa azken urteotan. Enpresa italiarrak 900.000 hektarea inguru erosi zituen 1991n Patagonian —maputxeen lurretan—, 100.000 ardi zaintzeko; izan ere, handik dator enpresaren artilearen %10. Etengabeko borroka izan dute bi aldeek harrez geroztik, eta, komunitate maputxea «berpizteko», hainbat indigena lurralde horretara itzuli dira. 500 hektareatan ari dira bizitzen, gehienak 2007az geroztik. Aurrekari garrantzitsuena 2002an gertatu zen, maputxe bikote bat Santa Rosako eremu batera itzuli zenean. Enpresak, bere jabetza zela argudiatuz, bikotea salatu zuen, eta baita kasua irabazi ere, epaile batek maputxe horien kaleratzea agindu baitzuen.

Bakea lortu nahian, Benettonek lur batzuk eman nahi izan zizkien maputxeei, baina horiek argudiatu zuten ez dutela «donaziorik» onartzen. Lur guztiak itzultzea nahi dute. Negoziazio mahaia ere eratu zuten bi aldeek, baina etengabeko talkek hautsi egin dute, oraingoz, bien arteko elkarrizketa. Jendarmeak askotan gerturatu dira hara, indigenak beren lurretatik botatzeko. Ordutik, justiziaren esku geratu da kasua.

Argentinako Konstituzioa

Argentinako Konstituzioari esker, beren lurrak erreklamatu ditzakete indigenek, baina enpresak ez du amorerik eman. Konstituzioak 75.17 artikuluan dio: «Herri indigena argentinarren existentzia onartu. Beren nortasunarekiko errespetua bermatu, eta kulturarteko hezkuntza elebiduna jasotzeko eskubidea; onartu [...] tradizionalki okupatzen dituzten lurren jabetza».

Azken esaldia da garrantzitsuena maputxeentzat, baina ez da bete, multinazionalen mesederako. Eta ez da kasu bakarra: Argentinan fracking delakoa lehen aldiz erabili zuten maputxeen lurraldean, eta indigenek 726 euroko —13.000 pesoko— eroskeria salatu zuten Apache petrolio enpresaren partetik. Ingurumenak jasan dituen ondorioak «hondamendizkoak» izan dira, maputxeek azaldu dutenez; hango bizilagunek ohartarazi dute urak olioa dirudiela.

Laburbilduz, justizia ez da maputxeen mesederako. Adibide gehiago daude: maputxeen egoitza bat hutsaraztea agindu zuen epaile batek, ekainaren 14an. Justiziak oztopoak jartzen dituela eta ez duela laguntzarik ematen salatu du hainbatetan herri indigenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.