Uemako kide bilakatu da Alkiza, mankomunitateko urteko batzar nagusian

Tolosaldeko herriarekin, orain 87 dira Uema osatzen duten udalerriak. Arnasguneen garrantzia gizarteratzeko lana nabarmendu dute

Uemako ordezkariak, atzo, Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Urte amaierako batzar nagusia egin dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 86 udalerriek Usurbilen (Gipuzkoa), eta Alkizak (Gipuzkoa) egindako eskaera onartu dute. Horrela, Uemako 87. udalerria bihurtu da Tolosaldeko herria. 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute orain 87 udalerrien artean.

Horrez gain, 2019an egindakoaren balantzea eta 2020rako egitasmo garrantzitsuenak ere onartu dituzte batzarkideek. Nabarmendu egin dituzte azken urtean arnasguneen garrantzia gizarteratzeko egindako urratsak, EAEko Udal Legea garatzeko dekretuak udalei hizkuntza politika ausartagoa egiteko eman dien babesa eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak hartu duen pisua.

Euskararen erabilera areagotzeko udal planak ere aztertu dituzte Usurbilen bildutako ehun bat alkate eta zinegotziek. Gabiriako Udalak egindakoa erakutsi dute eredutzat, eta «inertziaz lan egiteari utzi, eta kontzientziaz eta irizpide batzuen barruan lan egiten hasteko» egindako urratsa nabarmendu dute.

Alkiza, arnasgune

Urriaren 29an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Alkizak Ueman sartzeko eskaera egitea. Inaki Irazabalbeitia alkatearen hitzetan, «Alkiza arnasgune izanik ere, ez dago euskararen normalizazioak dituen desafioetatik libre. Uemako kide izateak desafio horiei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkigu, bai udalari berari dagozkion zereginetan,baita gizartean eragiteko unean ere».

2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %91,3 dira Alkizan, baina datuek beheranzko joera txiki bat adierazten dute,1996an %96,9koa baitzen euskaldunen kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.