Nafarroan babes ofizialeko etxeei izaera berezia mugarik gabe bermatuko zaie

Aurten, babes ofizialeko 982 etxebizitzak babes kalifikazioa galduko dute; datozen lau urteetan, beste 1.580k. Funts pribatuak dira askoren jabeak

Jose Mari Aierdi. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroan aurten babes ofizialeko 982 etxebizitzak babes kalifikazioa galduko dute, eta horietatik gehienak, 829, Blackstoneren moduko inbertsio funts espekulatiboen eskuetan daude. Halaber, datozen lau urteetan, legeak hogei urtez emandako babes hori galduko dute beste 1.586 etxebizitzak. Hori ikusita, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilariak lasaitzeko mezua eman nahi izan zuen atzo. Etxebizitzen jabeekin negoziatzen ari dira inor kaleratua izan ez dadin. Bestetik, Lurralde Antolamenduaren Legea aldatu nahi dute, babes kalifikazioak epemugarik izan ez dezan; hots, mugagabea izan dadin.

Aierdik zehaztu zuen egungo egoera azken bi hamarkadetako etxebizitza politiken ondorio dela. Horregatik, UPN egin zuen horren arduradun: «Alokairu erregimenaren kasuan, orain arte indarrean izan den ereduak uko egiten zion sustapen publikoari, eta etekin guztia arlo pribatuaren eskuetan uzten zuen, baina, aldi berean ,operazio horien arriskua hutsaren hurrena zen». Aierdiren esanetan, enpresek laguntza publikoa jaso zuten, zenbait kasutan zoru publikoa eman zitzaien eta bermatu egin zitzaien hogei urtez alokairuen errentak kobratzea, epea amaituta «merkatu librean saltzeko».

Alta, bi hamarkadotan, sustapen askok Nafarroatik espekulazio funtsen eskuetan amaitu dute. Kasurako, egun Blackstone 459 etxeren jabe da, eta horietatik 392k babesa galdu dute. Ez da bakarra. Gobernua talde horietako bakoitzarekin negoziatzen ari da, kalifikazioa galdu duten edo galtzear duten etxe horiekin zer egin ikusteko, eta ez ditzaten familiak kaleratu «edo diru kopuru handiak ordaintzera behartu». Egoerak babes kalifikazioak luzatzera behartu du gobernua, gerorako konponbideak bilatu bitartean.

Batetik, proposatzen du gobernua bera bihurtzea alokairu erregimenaren sustatzaile. Bestetik,enpresa pribatuekiko lankidetza eredu bat bultzatuko dute: zoru publikoa utziko zaie, baina, inbertsioaren amortizazioa amaituta, alor publikoak etxebizitzen jabegoa bereganatuko du. Azkenik, Lurralde Antolamenduaren Legea aldatuko dute babes kalifikazioak etengabe iraun dezan eta «ez dadin merkatuaren gorabeheren menpe utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.