Kamerak «leku publikoan» jarri zituela argudiatu du Bernadek

Bi pertsona epaitzen ari dira Iruñeko Erorien Monumentuan eskuin muturreko talde batek eginiko ekitaldi bat grabatzeagatik
Clemente Bernad eta Carolina Martinez, Iruñeko epaitegira sartu aurretik, atzo.
Clemente Bernad eta Carolina Martinez, Iruñeko epaitegira sartu aurretik, atzo. IDOIA ZABALETA/ FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko azaroak 15
Atzo goizean hasi zen Carolina Martinez eta Clemente Bernad dokumentalgileen aurkako epaiketa, Iruñeko Epaitegiko zigor salan. Sekretuak jakinarazi izanaren delitua leporatzen diete biei, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak Iruñeko Erorien Monumentuan erabiltzen duen kriptan baimenik gabe grabatzea leporatuta. Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatu du epaitu bakoitzarentzat, eta 12.000 euroko isuna. Akusazio partikularrak, berriz, bi urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eta 12.000 euroko isuna.

Herritar andana elkartu zen epaitegiaren atean, auzipetuei babesa adierazteko. Bernadek eskerrak eman zizkien bertaratuei, eta adierazi zuen dokumentalaren bidez Iruñeko Erorien Monumentuari buruzko eztabaida sustatu nahi zutela. Martinezek, bestalde, urte gogorra izan dela nabarmendu zuen, eta justizian «itxaropena» duela.

Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiko kide batek jarri zuen salaketa, 2016ko martxoaren 18an, talde gisa egiteko Artzapezpikutzaren baimena behar zuelako. Salaketan diotenez, auzipetuek bideokamera txikiak eta ahots grabagailuak ezkutatu zituzten kriptako aireztatze saretan.

Erorien Monumentua Iruñeko Udalarena da, 1997an Artzapezpikutzarekin sinatutako hitzarmen baten ondotik. Egun eraikina publikoa den arren, Artzapezpikutzak beretzat gorde zuen kripta erabiltzeko eskubidea. Eta horrek Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiari uzten dio berau erabiltzeko aukera.

Gertaerak jazo zirenean, A sus muertos (Beren hildakoei) Erorien Monumentuari buruzko dokumentala grabatzen ari ziren Bernad eta Martinez. Bernadek atzoko auzi saioan onartu egin zuen kriptako aireztatze saretaren barruan kamerak jarri izana. Adierazi zuen kamerak udalaren eremuan jarri zituela, eta argi utzi eraikina grabatzeko baimen guztiak zituela. «Udalean, monumentua grabatzeko baimena eskatu nuen. Zilegi ikusten nuen saretaren atzean nik kamera bat jartzea». Kamerak berak bakarrik jarri zituela adierazi zuen, eta Martinezi gerora eman ziola egindakoaren berri. Akusatuaren arabera, egun horretan ikusi zuen aireztatze sareta, eta une hartan bertan hartu zuen han kamerak jartzeko erabakia. Adierazi zuen kamera horiekin Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak hilabetero egiten duen mezako irudi «artistikoak» lortu nahi zituela. Nabarmendu zuen kamera ezarri zuen lekutik aldarea eta Jose Sanjurjoren hobia —1936ko gerra hasi berritan hildako militar frankista— «bakarrik» ikus zitezkeela.

Graba zitekeen eremua

Martinezek, berriz, azaldu zuen hurrengo egunean izan zuela Bernadek jarritako kameren berri. Dena den, Bernaden bide beretik jo zuen bere deklarazioan: «Baimena geneukan udalarena zen eremuan grabatzeko, eta aireztatze sareta eremu horretan dago». Kripta giltzaz itxi gabeko toki bat zenez «graba zitekeen eremua» zela uste zutela adierazi zuen: «Atea irekita zegoenez, sartzeko baimena genuela ulertu genuen. Ez ginen sartu ateak itxita zeuden eremuetan».

Epaiketan, akusatuez gain, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiko bi kidek, ikerketa egin zuten poliziek eta Iruñeko Udaleko Kultura Saileko teknikariek deklaratu zuten, lekuko gisa. Kamerak aurkitu zituen anaidiko kideetako batek babestutako lekuko gisa parte hartu zuen. Gaur zen bukatzekoa epaiketa, baina defentsak eskatutako bi lekuko azaldu ez zirenez, eten egin dute: abenduaren 12rako jarri dute hurrengo auzi saioa.

Epaitegitik atera ondoren, komunikabideen aurrean solastatu zen berriro Bernad. Berretsi zuen jarritako kameren helburua kriptan egiten ziren mezak grabatzea zela, dokumentalean sartzeko. Gainera, nabarmendu zuen kamerak «leku publiko» batean zeudela, eta erabilitako aireztatze sareta anaidiko kide batek egin zuela, «baimenik gabe».

Saioa hasi baino lehen, epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen defentsak. Anaidiaren intimitatea urratzea egozten die fiskaltzak bi akusatuei; defentsaren arabera, ordea, talde horrek ez du akusazio partikularraren rola bete, salaketa norbanako batek aurkeztu baitzuen, eta uste du prozesuak ez duela sostengu juridikorik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna