Erraustegiari buruz iritzia «kontrolatzeko» plan bat ezagutarazi du GuraSOSek

Zubietako planta kudeatzeko baimena duten enpresek egindako plana da, elkarteak azaldu duenez. Otsailaren 23rako manifestaziora deitu du
Erraustegiko obrak, iaz egindako bisita batean.
Erraustegiko obrak, iaz egindako bisita batean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko otsailak 12
Zubietako erraustegia ustiatzeko baimena duten enpresek egindako komunikazio plan konfidentzial bat kaleratu du GuraSOSek. Elkarteak azaldu du «iritzi publikoa kontrolatzeko» xedea duela planak, eta «gezurrak» dituela oinarri. Nabarmendu dutenez, «proiektuaren kontrakoak isilaraztea» da enpresen asmoa. Eta hori posible izango ez balitz, gutxienez, haien «jarrera pasiboa» lortzea. Herenegun egindako ekitaldi batean eman zuten planaren berri. Otsailaren 23rako manifestazioa antolatu du elkarteak, eta bideo bat egin dute mobilizazio horretara deitzeko. Atxikimenduak biltzeko kanpaina hasi dute.

GuraSOSek argitara ateratako dokumentuak dio komunikazioa «faktore estrategikoa» dela iritzi publikoa «egoki kudeatzeko», eta helburu hori daukala plan horrek. Komunikazioan aritzeari dagokionez, elkarlana aurreikusten du erakunde publikoen eta erraustegiaren ardura duten enpresen artean; bi aldeak «koordinatu» egin behar dira, planaren arabera, bakoitzaren «jardun espazioak» zein diren zehaztuta.

«Herritarrak, ekologistak, eta komunikabideetako eta osasun arloko profesionalak». Horiek baldintzatzea da enpresen komunikazio planaren helburua, GuraSOSek azaldu duenez. Plataformak adierazi du dokumentuak «proiektuaren aurkako taldeen eragina txikiagotzeko» beharra aipatzen duela. Joseba Belaustegi GuraSOS elkarteko bozeramailearen esanetan, iritzi publikoa «kontrolatzeko» ahalegina da. Gaineratu du planaren lehentasunen artean ageri dela «[erraustegiaren] proiektua ezarritako eta atzeraezina den errealitate baten moduan» ikus dezala gizarteak.

Iritzi liderrak

Komunikazio planak lehentasunetan aipatzen du «hondakinen erabilera politikoa» gaitzesteko argudioak lantzea, eta «politiken etengabeko aldaketak» eragin ditzakeen ondorioez ohartaraztea: «Galera ekonomikoak, ingurumen eragina...». Horrekin batera, estrategia bat lantzea proposatzen du, erraustegiaren «bermeak, kontrol mekanismoak eta parte hartzea» gizarteratzeko.

Hori lortzeko, «orain arte axolagabeak edo aurkari pasiboak» izan direnen babesa handitzea jarri dute helburu: «iritzi liderrak eta eragin handiko gutxiengoak» identifikatu nahi dituzte horretarako. «Beharrezkoa da haietako bakoitzaren eta haien jarreren profil bat izatea, haien babesa lortzeko, edo pasibotasun jarrera». Hedabideetako eta osasuneko profesionalak aipatu dituzte.

GuraSOSek ziurtatu du komunikazio planak «kolokan» jartzen duela erraustegiaren enpresa ustiatzaileen sinesgarritasuna.