Luxenburgok dio Poloniako epaileei buruzko batzordeak legea urratzen duela

Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Europako Justizia Auzitegiak arrazoia eman zion atzo Europako Batzordeak salatutakoari: ebatzi zuen Poloniako Auzitegi Goreneko epaileen inguruan eratutako batzordea EB Europako Batasuneko legediaren kontrakoa dela. Poloniako Gobernuak 2019ko abenduan onartutako eta iragan urteko otsailean indarrean sartutako justizia erreformaren barruan sortu zuten batzorde hori, eta epaileen inguruko erabakiak hartzeko eskumena dauka. Besteak beste, Varsoviari aukera ematen dio epaileak behin-behinean kargutik kentzeko, haiei soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko. Hala, herrialde horretako auzitegien epaiei jarritako helegiteak Europako auzitegietara bideratzea zigortu izan du gobernuak.

Europako Batzordeak salatua zuen batzorde horrek urratu egiten dituela Poloniak EBeko legediarekin dituen betebeharrak. Atzoko ebazpenean, Europako Justizia Auzitegiak nabarmendu zuen Poloniako sistema judizialaren erreformak —horren barruan sortu zuten batzordea— ez dituela «inpartzialtasuna eta independentzia» bermatzen, eta justiziak botere legegilearen eta exekutiboaren eragina duela.

Poloniako Auzitegi Goreneko epaileen aukeraketa, horri buruzko batzordekoena barne, Epailetza Batzorde Nazionalak egiten du, eta, auzitegiaren arabera, horren independentziak «zilegizkoak diren zalantzei bide eman diezaieke». Halaber, auzitan jarri zuen batzorde hori inoiz Gorenean aritu gabeko epaileez osatua egotea eta soldata eta autonomia maila handiagoa izatea herrialdeko gainerako auzitegietakoekin alderatuta.

«Kontrol politikorako» erabilia izateko arriskua ikusten dio Luxenburgok batzordeari, eta epaileen erabakietan eta haien independentzian esku hartzekoa. Gainera, nabarmendu zuen auzibideak EBko auzitegietara bideratzeagatik irekitako prozedurek, epaileen eskubideen aurka ez ezik, EBren eta estatu kideen arteko kooperazioaren kontra ere egiten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.