Hogei dira diplomazialari errusiarrak kanporatu dituzten herrialdeak

AEBek 60 diplomazialariri eskatu diete joateko. Neurri bera hartu dute EBko hamazazpi estatuk. Moskuk «erantzun simetrikoa» iragarri du

Erredakzioa -

2018ko martxoak 27
Soka luzea ekarri du ustezko espioitzaren auziak. Erresuma Batuaren Mendebaldeko aliatuek dozenaka diplomazialari errusiar kanporatu zituzten atzo; aurretik neurri bera hartu zutenak zenbatuta, jada hogei dira diplomazialariak kanporatu dituzten herrialdeak. Errusia estu hartzeko modurik zorrotzena aukeratu dute aliatuek, eta horrek esker oneko eta esker txarreko mezuak eragin ditu. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak estatu horien «ahalegin kolektiboa» goratu du, eta «lagunen eta aliatuen elkartasuna» eskertu du, neurri diplomatikoaren dimentsioari erreparatuz: «Errusiako inteligentzia agenteen historiako kanporaketa kolektiborik handiena da hau». Halaber, agintariak Vladimir Putin Errusiako presidentearen «erregimena» salatu du, zehaztuz «kontinenteko eta kontinentetik haragoko balio eta interes partekatuen kontra» ari dela.

Kremlinen erantzuna oso bestelakoa izan da: «erantzuna simetrikoa izanen da». Ria Novosti agentziaren bidez helarazitako mezua da hori. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko eledunak jakinarazi zuen «herrialde bakoitzari erantzun bat» emango diotela datozen egunotan. Londresek Europatik jasotako elkartasuna ere kritikatu zuen, haren hitzetan «efektu atzeratuko bonba» bat baita hartu duten neurria: «Erresuma Batua Europako Batasunetik doala ahaztu dute, brexit-a bozkatu zutelako».

Domino efektua

Dominoan bezala, bata bestearen atzetik iragarri zuten atzo Europako Batasuneko hainbat estatuk diplomazialari errusiarrak kanporatu zituztela. Erresuma Batuak aurreko astean kanporatutako 23 diplomazialarien ostean, 33 diplomazialari kanporatu dituzte beste hamasei estatuk: Frantzia (4), Polonia (4), Alemania (4), Txekiar Errepublika (3), Lituania (3), Danimarka (2), Italia (2), Herbehereak (2), Espainia (2), Finlandia (1), Hungaria (1), Errumania (1), Letonia (1), Estonia (1), Kroazia (1) eta Suedia (1).

Belgika, berriz, gaur da neurriren bat hartzekoa. Austriak, ordea, zehaztu du ez duela diplomazialaririk kanporatuko, bere «izaera neutralaren» izenean.

Ameriketako Estatu Batuek kanporatu dituzte diplomazialari gehien; 60ri eskatu diete herrialdetik alde egiteko. Era berean, Errusiak Seattle hirian daukan kontsulatua itxi dute. Sarah Huckabee Sanders Etxe Zuriko bozeramailean arabera, neurri horiek balio izango dute «Errusiaren espioitzarako eta isilpeko operazioetarako gaitasuna murrizteko». Kanadak eta Ukrainak ere iragarri egin dute neurri berbera hartu dutela.

Skripal espioi ohiaren auziak hiru astez luzatzen ari den krisi diplomatiko bat eragin du. Hilaren 4an, Sergei Skripal Errusiako espioi ohia eta haren alaba Julia karrikan pozoituta topatu zituzten, Ingalaterrako Salisbury hirian. Erresuma Batuko Gobernuak Kremlini egotzi zion erasoa, eta 23 diplomazialari kanporatu zituen aurreko astean. Moskuk neurri berberarekin erantzun zion.

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak jakinarazi duenez, «hurrengo egunetan edo asteetan» Moskuri zigorrak ezartzea ere aztertuko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna