Venezuela. AEBen mehatxuei erantzuna, NBEn

Bere «egia» plazaratuz

Madurok Nazio Batuen Erakundean esan du Venezuela AEBen «eraso mediatiko eta politiko baten biktima» dela. Trumpekin biltzeko prest dago

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean hitz egiten, atzo goizaldean, New Yorken. PETER FOLEY / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro ez zen joatekoa NBE Nazio Batuen Erakundearen aurtengo Batzar Orokorrera. Iaz, adibidez, ez zuen parte hartu, «lanpetuta» zegoela argudiatuta. Baina herenegun, azken orduan, Venezuelako presidentea herrialdea «defendatzera» joan zen New Yorkera. «Venezuela bere egia esatera dator», nabarmendu zuen hitzaldiari ekin bezain pronto. Donald Trumpek joan den asteartean plaza berean esan zuenez, Venezuelan «tragedia humano bat» jasaten ari dira, eta ez du baztertzen AEBek han militarki esku hartzea. Madurok erantzun zion, hain zuzen, bere herrialdea AEBen «eraso mediatiko eta politiko baten biktima» dela.

Trumpek gerra dialektika erabili zuen, baina herenegun adierazi zuen Madurorekin bildu «nahi» duela. Venezuelako presidentea ere prest dago. «Nahiz eta izugarri handiak diren gure arteko ezberdintasun historikoak eta ideologikoak, AEBetako presidenteari bostekoa luzatzeko prest egongo nintzateke».

Ez dirudi enkontru hori egunotan gertatuko denik. Trumpek bere asmoen berri eman eta gutxira, Etxe Zuriak jakinarazi zuen bi presidenteen arteko bilerarik ez dagoela aurreikusita, Trumpek agenda «estua» duelako datozen orduetarako. Atzo, esaterako, Auzitegi Gorenerako Trumpen hautagaiak, Brett Kavanaugh epaileak, Senatuaren batzorde baten aurrean deklaratu zuen, sexu abusuak egitea leporatuta.

Madurok ez zion auzi horri aipamenik egin, baina azpimarratu zuen Trumpek asteartean Venezuelaz ahoratu zituenak «lotsagarriak eta zitalak» izan zirela. Madurorentzat, Trumpen administrazioaren estrategia bat dago Venezuelako krisi politikoaren oinarrian: «Krisi humanitario bat bultzatzeko asmoarekin, gure herrialdearen aurkako espediente bat osatu dute maila mediatikoan. AEBak daude horren buruan, eta bere gobernu sateliteen laguntza dute». Venezuelako presidentearen esanetan, Washingtonek Irak inbaditu zueneko «suntsiketa handiko armen eskemari» heldu dio, oraingoan Venezuelaren kontra egiteko.

Bestetik, AEBek Latinoamerikan oro har duten jokabidea gaitzesteko baliatu zuen agerraldia. «Monroe doktrina goratzen dute, ikuspuntu ideologikotik gure aberri maitatuari egindako erasoa justifikatzeko». XIX. mendeko Monroe dotrinak «Amerika amerikarrentzat» dela aldarrikatzen zuen, eta hortaz, Trumpen «Lehenik Amerika» haren antzekoa da. Madurok, horrenbestez, hau gehitu zuen bere diskurtsoan: «mundua haiena balitz bezala gobernatzen eta ordenatzen jarraitu nahi dute XXI. mendean».

Abuztu hasieran, desfile batean, dron eztandagarri batzuekin egin zioten eraso Madurori—Guardia Nazional Bolivartarreko zazpi kide zauritu ziren—; bada,Madurok AEBak jo ditu horren erantzuletzat: «AEBetatik prestatu zuten». Presidentearen hitzetan, Kolonbia, Txile eta Mexikoko enbaxadetako funtzionarioak erasoaren egileen ihesa errazteko prest ziren. The New York Times egunkariak duela bi aste argitaratu zuen erreportaje baten arabera, Trumpen gobernuko zenbait kide isilpean bildu ziren, gutxienez hiru aldiz, Maduroren kontrako kolpe bat prestatu asmo zutenVenezuelako zenbait militarrekin.

NBEren ebazpena

NBEren Giza Eskubideen Batzordeak aurrenekoz onartu du Venezuelari buruzko ebazpen bat. Maduroren gobernuari eskatu dio onar dezala «nazioarteko laguntza humanitarioa», horrekin «elikagai urritasunari» aurre egiteko. Jorge Valero Venezuelak NBEn duen enbaxadoreak ebazpena gaitzetsi zuen, eta azpimarratu Maduroren gobernua kanporatzeko ahalegin «interbentzionistaren» hasiera dela.

Herenegun, bestalde, Latinoamerikatik bertatik areagotu zuten presioa. Argentinak, Kolonbiak, Txilek, Paraguaik, Peruk, eta baita Kanadak ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu zioten iker dezala ea Venezuelako Gobernuak gizateriaren kontrako krimenak egin ote dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.