Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Ez didanean ikusten uzten

2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Eskola-bidaietan laguntzen duten amei belo islamiarraren erabilera debekatu ala ez,galdera urriaren 29an egin zaie frantziar senatariei, LR taldeak proposaturik. «Hezkuntzaren zerbitzu publikoan parte hartzen dutenen neutraltasuna bermatzea» omen du helburu. Bereizketarik gabe, erlijio guztiei zuzendua dela badio ere, Baionako meskitaren aurkako erasoaren ondotik erranahi berezia hartzen du proposamenak. Inkesta baten arabera, lau frantziarretik hiru erlijio sinboloen erabilera debekatzearen alde dago (gurutzea, beloa, kipa) eskola-bidaietan laguntzen dutenentzat. Testua lehen irakurraldian onartua izan da.

Blanquer Hezkuntza ministroa lege proposamenaren aurka agertu da, debekuak gurasoak eskoletatik urrundu baino ez zuela eginen argudiatuz. Dena dela, legebiltzarrak ukanen du azken hitza, 2020ko uztailean.

Eztabaida ugari sortzen du beti gai honek, norberaren askatasuna jokoan delako: zer axola zaio inori ama batek zapia buru gainean eraman dezan haurrak ateraldi batera laguntzerakoan? Edo aita batek kipa bat? Niri ez zait inporta, eta orain arte ez dut uste haurrengan inongo eragin kaltegarririk ukan duenik horrek. Alderantziz agian, normaltasunez hartzen bada, jendartea anizkuna dela ohartu eta onartzera eramaten duela uste dut, inor estigmatizatu gabe.

Besterik gertatzen zait aldiz belo integrala, nikab-a (emakumeen begiak bakarrik erakusten dituen belo beltza) eta tchadria (emakume afganiarrek erabilitako belo osoa, gehienetan urdina eta budin sarea duena) daramaten emakumeak ikusterakoan. Frantziar estatuan debekatua da espazio publikoan horrela ibiltzea 2010etik, aurpegia ezkutatua hots, identifikazioa ahalbidetzeko dela argudiatuz.

Aitortu behar dut lege horrekin ados nagoela, ez arrazoi berengatik haatik, emakumea horrela estalia ikustea jasanezina zaidalako baizik.

Norberaren askatasuna bigarren maila batean uzten ote dut ondorioz? Emakumeak horrela estaltzeko ados badaude, zeren izenean debekatu? Ohartzen naiz baietz, emakumeak berak onartua eta desiratua izanik ere, berdin zaidala, kontua ez dela bera noraino den horren konplize.

Duela guti, adiskideen artean gaia atera zen, eta gutako batek zeharo bestela ikusten zuela adierazi zuen, hala nola, berari aurpegia estaltzera behartzen ez zuten bitartean, berdin zitzaiola emakumeak goitik behera estalirik ikustea.

Nik ez dut bada lortzen horren irekia izaten.

Norberaren askatasuna bestearena hasten den lekuan mugatzen dela onartzen bada, jendarte bakoitzakgutxieneko irizpideakfinkatu behar ditu.

Horietan lehena, ene iduriko, aurpegia agerian ibiltzea da, aurpegia ematea nonbait, aurrekoari eskaintzea, pertsona batetik besterako lehen harreman posible gisa. Ez baita janzkera afera, ukatze afera baizik belo integralarena. Desagertu, ez izan, ezkutatu, deuseztatu, gizonezkoengan sor lezakeen balizko desira bati aurre egitea da, eta artetik errateko gizonezkoenganako irudi miserablea ematen du, pultsio hutsa den izakitzat kontsideratuz. Emakumea ezeztatze horretan balioa hartzen duenaren ideia da onartzen dena gainera, garbi, handi, duin izateko gorputza ezkutatu behar duela da onartzen den mezua, eta senarraren jabegoaren menpe dagoela. Eraso gordina niretzat.

Irandar emakume batzuen irudia heldu zait gogora, errepresio gogorra izan arren desobeditzen dutenena (Islamiar Errepublika duela berrogei urte jarri zenetik, emakumeentzat nahitaezkoa da zapia erabiltzea). Vida Movahedi izan zen 2017an Teheranen kalearen erdian manifestaldi bat baliatuz zapia kendu eta makila bati loturik altxatu zuen lehen emakumea. Nasrin Sotoudeh abokatuak geroztik ekintza bera hainbat aldiz errepikatu du, eta zigorra betetzen ari da: 10 urte preso eta 148 azote ukaldi. Aurpegia emateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.