Realak bolada onari eutsi eta ezustea ematea du xede Bartzelonan

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bi asteko etenaren ostean, Reala gaur itzuliko da lehiara. Ligako partida izango du, Bartzelonaren zelaian (18:30). Gonzalo Arkonadaren taldeak emaitzen bolada onari eutsi nahi dio; izan ere, 2019an ez du partidarik galdu, eta ezustea eman nahi du Bartzelona ahaltsuaren kontra.

Realak jada lortu zuen hori aurreko sasoian. Izan ere, 0-0 berdindu zuen Bartzelonaren zelaian. Oraingoan ere aukera aproposa dirudi punturen bat urratzeko, Kataluniako taldea espero baino okerrago ari baita denboraldi honetan. Bigarren dago sailkapenean, 56 punturekin, eta dagoeneko sei puntura du Atletico Madril liderra —bi taldeek igandean jokatuko dute elkarren aurka, Wanda Metropolitanon—. Entrenatzailea bera ere aldatu du denboraldi honetan; urte hasieran, Lluis Cortesek hartu zuen Fran Sanchezen lekua.

Bea Beltran Realeko jokalariak argi du ez dela partida erraza izango: «Jokalari erabakigarriak ditu aurrealdean, eta gauza gutxi behar dituzte gola egiteko. Denek dakigu oso talde indartsua dela».Lehen itzulian erakutsi zuen hori, Bartzelonak 2-5 irabazi baitzuen. Martensek eta Toni Dugganek bina gol sartu zituzten; beste, berriz, Aitanak. Horren aurka, nabarmendu du garrantzitsua dela euren jokatzeko erritmoa ezartzea: «Horretan saiatu behar dugu, eta ditugun gol aukerak baliatu».

Taldea sasoi onean ikusten du berriro ere ezustea emateko: «Oso denboraldi ona egiten ari gara, eta horrela jarraitu nahi dugu. Lanean ari gara, oraindik ere badugulako hobetzeko tartea».

Arkonadak jokatzeko moduan ditu jokalari guztiak. Sandra Ramajo baino ez da geratu deialditik kanpo, erabaki tekniko batengatik. Kapitaina pixkanaka ari da sartzen taldean denbora luzez min hartuta egon eta gero. Ikusteko dago entrenatzaileak txandakatzeak egingo dituen, talde txuri-urdinak ligako beste partida duelako igandean: Rayo hartuko du Zubietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.